Elkarrizketa: Oskar Arantzabal (Ekonomialaria)

«Munduko estaturik zoriontsuenak txikiak dira, Euskal Herria bezala»
Joseba Egibarren hitzen oihartzuna itzali ez den honetan, krisiak estatu txikiei irekitzen dizkien aukerez mintzatuko da gaur, Donostian, aditu eibartarra, hamabi urtez esportazioan aritu dena.
Oskar Arantzabal (Eibar, Gipuzkoa, 1967) ekonomialaria da. Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen, eta hamabi urtez aritu da esportazioan lanean. Las oportunidades soberanistas de los pequeños estados en tiempos de crisis hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Tomasene kultur etxean (Altza, Donostia).

Estatu baten tamaina ideala bost milioi biztanle ingurukoa dela esan duzu lehen ere. Zergatik?

Massachusettseko Teknologia Institutuak 2003. urtean argitaratu zuen The size of nations [Nazioen tamaina] liburuan, ekonomia aldetik estatu baten tamaina ideala zein litzatekeen aztertu zuten Albertso Alesinak eta Enrico Espolaorek. Ikusten da Danimarka, Norvegia eta horiek bost milioi inguru dauzkatela. AEBetako estatuek kopuru hori daukate gutxi gorabehera, baita Alemaniako Land bakoitzak ere. Giza garapenaren indizean puntan daudenak 5-6 milioi biztanle ingurukoak dira. Kenichi Omae japoniarrak dio estatu idealak merkatu aldetik gutxienez milioi bat biztanle kontsumitzaile izan beharko lituzkeela, eta gehienez, hamar. Marka bat garatzeko, bost milioi oso kopuru egokia dela gaineratzen du. Ez da kasualitatea azken urteotan Eskoziak eta Kataluniak, kopuru horretan dabiltzanak biak, independentzia eskaera zabaltzen hasi izana. Munduko estaturik zoriontsuenak txikiak dira.

Orain arte kontrakoa esan digute, hau da, zenbat eta handiagoa orduan eta hobeto ekonomia aldetik. Zer aldatu da?

Globalizazioa. II. Mundu Gerra amaitu zenean, 70 estatu zeuden munduan, eta gaur 200 daude. Hirukoiztu egin da kopurua, eta hori izango da joera. The Economist aldizkariak ere iragarria du datozen 20 urteetan estatu gehiago sortuko direla. Estatu txikiak irekiagoak dira esportazio eta inportaziorako, eta askoz gehiago irabazten dute mugak zabaltzean. Handiek eredu autarkikoak dituzte normalean, garai batean inperio izan zirelako, Espainia eta Erresuma Batua kasu. Garai batean, eskalako ekonomiak oso garrantzitsuak ziren, zerga biltzeko eta erosle potentzial gehiago izateko. Hizkuntza eta kultura aniztasuna traba zen orduan. Baina mugak lausotzen direnean, eredu horrek ez du zentzurik izango.

Zergatik sortu du, orduan, halako ika-mika Joseba Egibarrek joan den astean eginiko adierazpenak?

Standard & Poor’s agentziak-eta Espainiari baino puntuazio hobea ematen diote Hego Euskal Herriari, zergak biltzeko ahalmena dugulako eta horrek maniobratzeko tarte txiki bat ematen digulako. Eskozian eta Katalunian ez dute halakorik, eta eskatzen ari dira. Gure ekonomiaren egitura ere desberdina da: hemen industriak pisu handia du; Espainian, turismoak eta eraikuntzak. Gure ekonomia askoz errealagoa da. Egibarrek esan zuenak zentzua du: Espainian Kataluniako cavari boikot egin ziotenean, %6 jaitsi ziren salmentak, eta esportazio gehiago egiten hasi ziren. Deustuko Unibertsitatean ere ikerketak egin dituzte, eta azkeneko urteotan gure produkzioaren ehuneko gero eta handiago bat joaten da Espainiatik kanpo. Horrek aukera handiagoa ematen digu geure buruaren jabe izateko.

Abertzaletasun esportatzailearen falta sumatzen duzu?

Psikologiak eragin handia du esportazioan. Japoniak eta Alemaniak gerra galdu zutenean, esportatzea herrigintza gisa ikusi zuten, aberriari izen ona emateko bidea, eta horretan sartu ziren buru-belarri. Hemen, berriz, kolonia gara oraindik, ekonomikoki, eta horrek pisu handia du psikologikoki. Halakorik ez da gertatzen Eskozian. Egibarrek esandakoa entzunda, Confebaskekoak dardarka hasten dira, Kataluniako Enpresaburuen Zirkulua gauza bera jendeari powerpointekin esplikatzen dabilen bitartean.

Espainia zer da gaur guretzat?

Espainiako merkatua saturatuta dago, eta, gainera, kobratzeko arazoak daude. Brasil, Txina, India eta Errusia gehiago esplotatu beharko genituzke. Arazoa da gure enpresak txiki samarrak direla esportatzeko. Klusterrak bultzatu beharko genituzke, horretarako. Espainia kostua bihurtu da guretzat. Neurriak hartu behar dira berandu baino lehen.

Berria-k argitaratua