Zientzia eta mapak

Euskaraz idatzitako liburuen maila gorantz doa etengabe. Batzuk zuzenean euskaraz zehazki idatziak dira. Beste batzuk, berriz, euskal itzulpen bikainak dira.

Euskal mundutik at bizi den jendeak ( fransesak, espainiarrak ), are Euskal Herriko erdal elebakar analfabetoak ere, ez dira euskal hizkuntzak lortutako mailaz jabetzen.

Joxe Azurmendik sarritan esan izan duenez, euskaraz agertutako obra asko benetan interesgarriak dira.

Euskal Unibertsitatean, Elhuyar Elkartean, Gaiak sortan, anitz ikasgutan, liburu bikainak argitaratzen dira euskaraz.

Baina euskararen hazkunde miresgarri horretatik at bizi direnak irmo daude beren elebakartasun analfabeto harroputzean.

Batzuk ingelesaren balioaren aitzakian, zokoratu egin nahi dute: «El vascuence no pasa de ser una jerga anticuada para andar por casa».

Orain dela hilabete batzuk, Elhuyarrek argitaratutako Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoa (2009) erosi nuen. Liburu bikaina. 1.836 orrialdeko liburu trinkoa da. Aurrerapauso gaitza. Tresna aparta.

Eta aste hauetan, Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratutako Fisika liburukotea (2008) ezagutu dut. Mardula, zehatza, orokorra. 1.360 orrialde ditu. Ingeniaritza ikasi nahi duen nire biloba batek erakutsi zidan.

Gure garaiko bi tomoko Perucca urdin hura lekutan gelditu da. Besteak beste, mende erdi honetan Fisikak erruz aurreratu duelako.

Oraingo Fisika hori hiru fisikari atzerritarrek prestatu dute: Fishbane, Gasiorawicz eta Thornton; AEBetako Virginia eta Minnesotako unibertsitateetan irakasle.

Ezin hobeki euskaratu dute EHUko gure fisikari ezagunek: Plazaolak, Pitarkek, eta bestek.

1950-1960 urteetan ( nik Bilboko Eskolan ikasketak egin nituenean ) ez genuen sumatu ere egin gaur gure hizkuntzak iritsiko zuen maila.

Artean, ordea, ikuskari negargarria ematen digute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak.

Baskongadetako Lendacariak ( Madrileko agintarien alderdikide eta morroi leialak ) ozta-ozta irakurtzen ditu aurretik prestatutako esaldi batzuk (euskaldunoi nekez ulergarri ).

Eta Euzkadi=Provincias Vascongadas ekuazio faltsua irrigarri agertzen da.

ETBan asetu ere arte erakusten digute, eguraldiaren mozorroan, mapa bitxi eta arkaiko bat. «Irurac bat» garaiko mapa baita. Nahiz Baskongadetarako kolore horiskak erabili, ez dugu geure mapa ezagutzen.

Eta Josu Iraetak egokiro salatu duenez, azkenean Euskadi hitzak zer adierazten duen ez dakigu. «Región Norteña Española» agian ?

Zezenketen albisteek, Alberto Surioren eskutik, egunero-egunero hartzen dute denbora luzea telesaioetan. Zergatik ? Eusko Jaurlaritza honetakoei Fiesta Nacional delakoa gustatzen zaielako.

Jo-eta-ke, azkar, Euskal Kultura cultura vasgongadilla bihurtu nahi dute. «No hay tiempo que perder. Tenemos cuatro años para españolizar todo».

Abertzaleon «Gora Euskadi Askatuta!» hura, pixkanaka, «¡Vivan las Provincias Vascongadas!» bihurtu nahi dute.

Euskadi, abertzaleontzat, Euskal Herriari datxekion Euskal Estatua da.

Euskadi Ta Askatasuna ez da inoiz izan Provincias Vascongadas y Libertad.

Baina Patxi Lopez entzunda, Euskadi zer den ez dakigu. Edo, hobeki esan, badakigu. Baina dagokionak beste izen bat merezi du. Eta hemen, Artemio Zarcoz oroitzen naiz; Elizari buruz ari zelarik, «se me han acabado los calificativos» aitortu zuenean. Guri gauza berbera gertatzen zaigu: Lopez eta Sanz analfabetoei buruz idazten dugunean, ahulezia nabaritzen dugu geure hiztegian.

Zientzia eta Politika elkarrengandik horren urrun agertzea… adierazgarria da oso.

Sanz eta Lopez bi analfabeto quisling dira.

Garbi.

 

Berria-k argitaratua