Euskararen egoeraz

Lehendabizi hau kontutan hartu beharra : Euskal Herri osoan gertatzen ari dena behar dela, eskualdez eskualde, alorrez alor. Bestela , irizpide faltsuak moldatuko ditugula. Eta , jakina, ni izaritan egin behar da ikerketa. Alde batetik , «corpus»-aren egoera , eta bestetik, «status»-aren egoera. «Corpus»-ari dagokionez, gure hizkuntzak urrats handiak egin ditu azkeneko urte hauetan. Nahiz hizkuntza mintzatuari dagokionez ,oraindik makal agertu. Euskaltzaindia bera, bide desegoki bat eman beldur, ez da Ortoepia egoki bat proposatzen ausartzen. Hots, arazo larria da , batez ere, azentukeraren alorrean. Auzoko bi hizkuntzen eraginez, interferentziak gero eta sarkorragoak dira; bai Iparraldean, baita Hegoaldean ere. Baina , noski, eman beharreko urratsak, ikerketa xehea eskatzen du. Eta honek eginkizun pisua dakar. Euskal irratiek eta telebistek eragin handia dute euskal gizartean. Eta, askotan, moden eraginez, ahoskera erdaldunduak eskaintzen dituzte. Halaz ere, «corpus»-aren egoera ez da arazo nagusia.

Arazo nagusia, hain zuzen,»status»-aren mailakoa da. Hasteko, Nafarroa Garaiko agintariek, mespretxuz, gorrotoz, jokatzen dute «lingua navarrorum»dena , nafartarren hizkuntza, honetxen aurka. Eta hiru «Provincia Vascongadetan» ere, oraingo agintariak gehiegitan at daude, arrotz, euskal mundua ezagutu ere egiten ez dutelako. Bestetik ideia faltsuak hedatzen dira. Esate baterako , sozialki euskarak daukan egoera txarra, gu euskaldunon errua dela. Gure «utzikeria» dela gakoa. Halaz ere, datu soziolinguitikoek garbi erakusten dutenez , euskara ezin erabiltzearen arrazoia erdaldun elebakarren errua dela. Beren inguruan, abertzale omen direnek (edo areago, kolore guztietako unionistek ) espainiera eta frantsesa inposatzen digutelako. Oraindik batzuk harritu egiten dira erabilpenaren kota ezaguerarena baino apalagoa dela ikusteaz. Hots , matematikoki gizarte elebidunetan hori gertatzen da. Bestalde, non dago «eskubide pertsonalen» bidez bere hazkundea lortu duen hizkuntza minorizaturik? Eta hori teorian bakarrik. Zeren-eta Iparraldean eta Nafarroa Garaiko eskualde zabaletan , ez baitago legezko «eskubide pertsonalik» ere .

Halere badakigu, edo jakin egin behar genuke, hiru faktorek markatzen dituztela euskararen mugak :

1 – Ezaguera maila minimotik behera , ezinezkoa dela euskarak beharrezko maila lortzea. Alegia, erdaldun elebakarren maila jaitsi behar dela, derrigorrez. Eta horrek prezio politikoa duela.

2 – Ez dela egia , faltsua dela , euskaldunon leialtasuna txikia dela. Estatistikek eta kalkuluek erakusten dute hori. Euskaldunok , ahal dugunean, maiz erabiltzen dugu euskara geure artean.

3 – Euskaldunon kontzentrazio geografikoa (hau da, gizarteko anisotropia ) guztiz beharrezkoa dela erabilpenaren kota jasotzeko. Nahiz honek, berriz ere, prezio politikoa izan. Euskararen bakartasuna, edo nagusitasuna, lortzeak ondorio politikoak izango ditu. Eta badakigu. Belaxkeriak ez daramate inora kasu hauetan. Egia ikusi behar da, eta garbiki esan herriari : politikari maltzurrak eta ezjakinak salatuz .

Horra hor, labur laburki, euskararen egoeraz nik azpimarratuko nituzkeen puntuak.

 

Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’

Berria-k argitaratua