«Zinismoa dugu osagai nagusia»


Jose Mari Carlos eta Leroy. Bizardunak taldeko kideak

Udazkenean atera zuten bigarren diskoa bizardunek, eta berriki hasi dira zuzenekoekin. Betiko jarrera omen dute, baina «haserreago» daude. Gasteizen dira gaur eta Ondarroan bihar.

p033_f01

Haserre. Ez haserre soilik, baina haserre, batez ere. Hala daude Bizardunak taldekoak. Ingurura begiratu eta ez zaie ikusten dutena gustatzen. Nortasunik gabeko musika taldeak, jarrera hutsetan galtzen diren progresistak, jendea umetzat hartzen duten musikariak… Eta ez du hobetzeko itxurarik, gainera, Jose Mari Carlos abeslariaren eta Xabi Lekunberri Leroy perkusio jotzailearen ustez. Xakean erabiltzen den hizkuntza erabili dute horregatik bigarren diskoa izendatzeko: En Zugzwang(Gor). Edozein mugimenduk, ezinbestean, egoera gero eta estuagora darama jokalaria halakoetan. Hala sentitzen dira, baina mugitu egin behar. Udazkenean kaleratu zuten diskoa eta taldekide aldaketa batzuen ondoren, zuzenekoetarako bueltan dira orain. Gaur Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira eta Ondarroan, Kafe Antzokian, bihar.

Lehen diskoa bizkorragoa eta zuzenagoa zen. Bigarren hau, aldiz, lasaiagoa. Zer pasa da?

JOSE MARI CARLOS. Ez gaude ados. Lehen diskoa ez da biziagoa, ez da punkiagoa… Gogorrago hasten zen. Irlandako rebel music egiten saiatu ginen; hitzetan, aldiz, nafar independentismoa, marxismoa eta gisakoak landuz. Martxa bakarreko diskoa zen. Hau ez, kanta propioak soilik grabatu ditugu, eta beste eragin batzuk ere baditu. Eboluzioa ikusten dugu, ez haustura. Ez genuen disko bera egin nahi eta ez dugu egin.

Hilabeteak dira diskoa kaleratu duzuela eta orain hasi zarete kontzertuekin. Nola prestatu duzue buelta?

J. M. C. Errepertorio berria dugu, baina jarrera berdina.

LEROY. Ez gara hasi folk preziosista egiten Kepa Junkera bezala.

«Kamikazeago» arituko ei zarete.

J. M. C. Hori gustatzen zaigu, jendea harrapatzea. Askotan txosnetan, kontzertuetan, jendea txistorra jaten egoten da, hizketan, ligatzen… Asko haserretzen gara horrekin. Kontzertuan dagoena kontzertuan egotea nahi dugu.

Aurreko diskoan kanta guztiek zuten guda kutsua. Honetan badira lasaiagoak: Amerika eta Ez ta beltz.

J. M. C. Horiek kenduta disko bera da. Hobeto idatzita, eta gogorragoa. Aurrekoan umore errazerantz jo genuen maiz. Mami gehiago du oraingoak, batez ere, hitzetan. Landuagoak dira, eta haserre handiagoz idatzitakoak.

Eta nondik dator haserre hori?

J. M. C. Ez gara optimistak. Guk proposatzen duguna ia ezinezkoa da. Oso molde zaharrekoak gara. Guk proposatzen duguna da igualitarismo ekonomikoa. Hori da funtsezkoa, baina inork ez du proposatzen. Nafar estatua ere aldarrikatzen dugu, eta ez da oso jarrera hedatua abertzale klasikoen artean. Politikoki etengabe horma baten aurka ari gara, baina hori da sinesten duguna.

L. Aurreko urteko egoera bera da, baina orain, gainera, ezin erre.

Musikalki, ordea, badirudi proposatzen duzuenak baduela oihartzunik.

J. M. C. Jendeari gustatu zaio gure jarrera. Lehen diskoko hitzei esker gertatu da hori. 80ko hamarkadako hitzetara itzuli ginen. Tijuana [in Blue] bezalako taldeak zeuden, denaren aurka mintzo zirenak, baina tradizioa galdu xamar zegoen. Talde asko dago oso aldarrikatzailea orain, baina betikoarekin, eta umorerik gabe. Gure burua serio hartu dugu guk. Aspertu gara talde festazale eta mozkortia baino ez gareneko irudiaz. Hori baino argudio gehiago ditugu. Eta are gehiago Euskal Herrian egiten diren diskoak ikusita. Nortasun gutxiko talde asko dago.

Zer esan nahi duzu?

J. M. C. Ez dugu ska egiten, ez dugu ska-punk egiten… Horrek nazka handia ematen digu. Zenbait zale festarako talde gisa ikusten gaituzte. Lehen diskoko hiru kantarekin geratu dira, baina hori taldearen aurpegi bat baino ez da. Gure mezua erraz eta azkar ulertu da. Zer esan nahi genuen eta nola esan nahi genuen. Gu ez gara profesionalak, eta, beraz,nahi duguna esan dezakegu nahi dugunaz. Talde aske bat gara, zentzu guztietan. Eta hori nabaritzen da. Ez gara patxanga talde bat.

Musika horren zale den publikoarekin oso ongi konektatu duzue bada.

J. M. C. Hori da gure beldurra: zaleek gu ere zaku horretan sartzea. Askori disko berria pito bat inporta zaio, betiko kantak eskatuko dituzte, baina berdin zaigu.

500 urte kanta ere eskatuko dute. Ereserki hotsak ditu.

L. Diskoko ereserki bat nahi dugu.

J. M. C. Kanta hau ahal beste zabaldu nahi dugu. Nabarralde elkartekoekin single modura aterako dugu. Guretzat inportantea da 2012a, 1512ko konkistaren urteurrena delako. Denok oihukatzeko moduko abesti bat egin dugu.

Elkarrizketaren aurretik aritu zarete eztabaidan zuen jarreren definizioaz. Zinismoa, sarkasmoa, ironia…

L. Zinismoa dugu osagai nagusia.

J. M. C. Ez zaigu gustatzen, baina hala da. Jendea ez dugu maite. Klasetik alde egiten genuen manifestazioetara joateko, eta handik ere alde egiten genuen jende guztia lelo berak oihukatzen zebilelako; diskoak erostera joaten ginen. Ideia guztiak kuestionatzen ditugu.

Euskararen borroka ere bai. Hala diozue diskoan: «Ez al dakizu euskaraz eska dezakezula hipoteka?».

J. M. C. Oskorriren abestiaren kritika bat da. «Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?». Hala dio haien kantak. Nik ikastolan ikasi nuen eta orduan ere arraroa egin zitzaidan. Gurasoek ez zekiten euskaraz, eta ikastolara eraman ninduten hala ere, eta tipo hauek aurpegiratu egiten diete euskararik ez jakitea. Euskara bakarrik da euskaldun egiten gaituena kantan. Baina borroka hori kulturalki galduta dago. Gai politikoak jartzen ditugu gai kulturalen gainetik.

Amaia Zubiriaren kolaborazioa duzue diskoko azken abestian. Nola sortu da hori?

J. M. C. Haizea izeneko talde bat zuen. Ez da ezagunegia, baina badituzte bi disko perfektu. Folka egiten zuten euskaraz, baina ez euskal folka. Guk bezala, asko begiratzen zuten Irlanda eta Ingalaterrara. Asko gustatzen zitzaigun, eta horregatik deitu nuen. Baietz esan zuen. Guri euskal folka ez zaigu gustatzen, baina Haizea bai. Oskorri, adibidez, ez. Umeentzako musika da.

Pirritx eta Porrotx ere ageri dira esker onen zerrendan. Ironiaz?

J. M. C. Inolaz ere ez. Kaki Arkarazorekin ari ziren grabatzen Goizez, Pirritx eta Porrotx eta arratsaldez Bizardunak. Kolaboratzeko eskatu ziguten, etahaien diskoko kanta batean gaude!

L. Diskoko kantarik onena da.

 

Berria-k argitaratua

 

{youtube}UEmsRg22vgM{/youtube}