Txolarreen Bidea (Roskilderi)


Gaur goizean,
argia urratu baino lehen
lanera nindoala,
bi txori ikusi ditut
espaloian.


Ez ziren Odinen beleak
bezain handi,
bezain beltz,
eta, ziur aski,
ez zuten izango,
ezta ere,
haiek adinako memoria
edo jakituriarik;
baina xaloagoak ziren,
alaiagoak,
duda barik,
eta nire aurrean zebiltzan
txioka,
saltoka,
egun berrirako bidea
erakutsi nahirik bezala.