Reset

Hamar urte galdu ditu euskal politikak. 1999ko udal eta foru hauteskundeetan osatutako mapa, gutxi-asko, errepikatu egin da joan den igandean. Alabaina, errepikapen soilaz harago jo du hautesleriak. Izan ere, orduan erakutsitako joeren sakontzea ikusi dugu oraingoan. Salbuespen parentesia ia gaindituta, Euskal Herritarrok markak lortutako emaitza gozoak berdindu ez ezik, gainditu egin ditu Bildu koalizioak, orduko ilusioaren oinarri zen diskurtso eraikitzailea berretsiz. Enborrak tinko eutsi dio basamortu luzearen ibilbideari, eta orduko emaitzei Aralarrek orain kendutako apurra, EAren ekarpenarekin eta Oskar Matutek bere lehengo etxean egindako hustuketarekin orekatu da.

Dena den, hamarkada ez da alferrik galdu. Zer ikasia eman digu, ezbairik gabe. Hasieran jasotako metafora informatikoarekin jarraituz, hiru kontu besterik ez:

1. Programa zaharkituen desinstalatzeak lagundu egin dio sistema operatibo soberanistari: 2000. urtetik oraintsu arte eskegita geratzen baitzen aldiro, jarduera armatuaren kariaz. Honenbestez, bizi dugun krisi hirukoitzari erantzun ezin hobea eman dio euskal gizarteak. Ziklo armatuaren amaierak dakarren egoera kritikoa hauteskunde arrakasta honekin uztartzeak balizko desenkantuari hesia jarriko dio eta, bide batez, aldaketa estrategikoa tinkotu. Era berean, maila globalean bizi dugun ordezkaritza ereduaren krisi politikoak eta eredu ekonomikoaren ziklo amaierak irtenbide ezkertiar eta abertzalea —soberanista— badutela erakutsi du euskal gizarteak. Horretan ere, Espainiarekiko dagoen alde sakona erakutsiz: hango erantzuna «España gehiago» eta «eskuin gehiago» izan baita. Errezeta zaharra Ebrotik harago: balio kontserbadoreak eta xenofobia, merkatua eta ustelkeria.

2. Sistema operatibo soberanistaren konplexutasuna ezin da aritmetika hutsez kudeatu, algoritmo zailak, aljebra eta geometria aldakorra erabili beharko dira. Lizarrako porrotak erakutsi digu indar abertzaleen arteko indar metaketa ez dela naturala edota automatikoa. Alde batetik, «zatiketa biderkatzaileak» eta «bilkura zatikatzaileak» egon badaudela ikusi dugu. Bestetik, ikasi dugu behetik gora landu beharreko akordio programatikoen ezean, goitik sinatutako itunek ez dutela etorkizunik gure herrian. Horregatik, indar batzuen artean programa ia osotasunean partekatu ahalko da; besteekin, berriz, gutxieneko oinarriak besterik ez. Baina, akordioak akordio, soberanismoak kategoria politiko sendoa duela erakutsi du. Gipuzkoan duen bihotzetik abiatuta, bere taupadak Euskal Herri osora hedatu baitira, modu orekatuan gainera. Oreka horrek ematen duen ziurtasunak lagunduta, Hego Euskal Herrira begirako akordioak erraztu ditzake soberanismoak, leku batean ematen dena —Gipuzkoan, esaterako— beste lekuetan bilduz, Nafarroan adibidez. Edota aliantza politikak tokian tokiko beharrizanetara egokituz. Alderdien arteko mahai txikiak konponbide demokratikoaren mahai handiari begira egongo dira ziurrenik. Dena den, lehentasun politikoak ahaztu gabe, euskal gehiengo sindikalak ezarritako agenda sozioekonomikoa eta euskalgintzak berriki erakutsitakoa izan beharko lirateke soberanismoaren mugimendu taktikoen iparrorratzak.

3. Sistema operatibo soberanista berriak «zeregin anitz» ahalbidetu behar du. Hots, pantaila asko zabalik mantendu beharko ditu aldi berean, unean uneko premiaren arabera, bata ala bestea lehenetsiz: bakegintzaren azken bultzada; udal politikaren kudeaketa zorrotza eta, era berean, berritzailea; akordio demokratiko zabalak aurki eskatuko duen kemena eta inteligentzia; eta nazio eraikuntzara begira landu beharreko politika publiko ausartak, Udalbiltzak erakutsitako bidetik. Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, soberanismoak behar duen plataforma politiko berriaren antolaketari ere ekin beharko zaio. Esango nuke azken hauxe dela une honetan soberanismoaren kinkarik zailena eta garrantzitsuena. Izan ere, antolakuntzak erabakiko baitu bere egitasmoaren sinesgarritasuna eta iraunkortasuna. Lortutako arrakasta flash party fenomeno bat bilaka ez dadin, argi izan beharko luke ezker abertzalearen muinak zein den lagun berrien edota aurki etor daitezkeenen ekarpen aberatsena: ez da boto kopuruen kontua, ez eta militantziaren tamaina ere, artikulazio hegemonikorako beharrezkoa den artekaritza baizik. Soberanismoaren etorkizuneko hedakuntzarako enborra bezainbeste, alboetako bi atezainen postuak dira erabakitzaileak: ezkerretik, Alternatibak eskain dezake ezkertiarrentzako sarbidea, eta, moderaziotik, berriz, jeltzaleei neurria hartuz, EAk. Horiek dira benetako herri-batasun berriaren giltzak, hori da balizko antolaketa eraberrituan galdu behar ez den altxorra.

Reset, hots, 1999an hasitakoa berpiztu, soberanismoaren ikusmolde zabalenetik abiatuta. Berriro ere, politikarako garai kitzikagarriak zabaldu dira: erakundeetan, alderdietan, sindikatuetan, kalean. Arlo hauek guztiak koordinatuta, ahal bada. Etorkizunik egon badagoela sinistuta, Badiouk dioen moduan, «ezinezko ezinbestekoa» non dagoen erakusteko garaia da.

 

Mario Zubiaga

EHUko irakaslea

 

Berria-k argitaratua