Ausa-Gaztelu 2011-05-19

Orain 500 urte, 1511n, Nafarroa Estatu independentea zen. Orain 812 urte gipuzkoarrok nafarrak ginen. Zer gertatu da ba, egungo egoera honetara iristeko?

Nafarroa, erresuma librea zen Europan, baina alboko bi erresumen eraso bortitzen eraginez estatu hori mapatik ia-ia desagertu egin zen. 1054an, mugan gertatutako guduan, Atapuerkan, kendu egin zizkiguten Enkarterri eta Bureba; 1076an, Errioxa; eta 1200ean, Araba, Bizkaia eta oraingo Gipuzkoako lurrak bortxaz beretu zituzten gaztelarrek.

Geroztik ez omen gara nafarrak, baizik eta gaztelarrak, espainolak alegia. Mende hauetan guztietan gure hizkuntza debekatuz desagerrarazi nahi izan dute, gure erreferente sinbolikoak suntsitu, Ausako gaztelu honekin egin zuten bezalaxe. Ez dute nahi guk jakitea nor garen, nondik gatozen. Ez dute nahi guk nora joan nahi dugun erabaki dezagun.

Guk, ordea, badakigu herri hau ez dela Castilla, ez dela Espainia. Guk badakigu hizkuntzaz eta kulturaz euskal herria garela eta gure jatorriko estatua Nafarroa dela. Gu gipuzkoarrak gara, euskaldunak gara, beraz, nafarrak.

Gure arbasoen ondarea defendituko dugu.
Otsoen kontra, lehortearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra,
defenditu eginen dugu gure arbasoen lurraldea.

Gu hilen gara, gure arima galduko da, gure askazia galduko da,
baina gure arbasoen gazteluek iraunen dute zutik.

Datorren urtean 500 urte izango dira gaztelarrek Nafarroa Garaia inbaditu zutela. 500 urte haien justizia jasaten, gure ondasunen xahuketa sufritzen. 500 urte nafar eskubiderik gabe, 500 urte gu gaztelar bihurtu nahian.

Gu nafar hiritar subiranoak izan nahi dugu, herri honen geroa hemen erabaki nahi dugu, gure arbasoek utzitako ondarearen gainean, Ausako gazteluaren harrien gainean. Hara hor Ipuzkoa izenez ezagutzen zen nafar lurren defentsarako gaztelua, Ipuzkoar nafar garenoi gaztelarrek 1200etik aurrera armez inbaditu eta suntsitu zigutena,

Izan ginenaren oroitarri

Nafar Estatuaren eustarri

Euskal Herriaren erakusgarri

Izan nahi dugunaren oinarri

 

Gora Euskal Herria askatua!

Gora Nafar Estatua!