Baskoien gotorlekuak

 

 

Ezarian. Gazteluen aurreko gazteluak

«Jatorria» ikertzea falta zela eta, Pirinioetan baskoiek eraikitako gotorlekuen aztarnak ikertu ditu Iñaki Sagredo historialariak liburu batean. Txikiak dira gotorleku horietaz gelditzen diren arrastoak.

Nafarroako Erresumaren defentsa sistemei buruzko hainbat ikerketa egin ditu Iñaki Sagredo historialariak. Baina hutsune bat ikusten zuen aztertutako historia zati haietan. «Jatorria falta zen». Baskoien bizimoduari buruzko historia. Gazteluen aurreko gazteluena. Pirinioetara jo du, horregatik, baskoien defentsa sistemak ikertzera. V. eta VI. mendeetatik hasi eta X. mendeetara bitarteko gotorlekuen aztarnen bila. «Ia dokumentaziorik gabeko garai ilunetara». Ia dena omen zegoen egiteko, eta aurkitutako ia dena omen da berria, ondorioz. «Hutsune bat dago Nafarroako Historian. Iñigo Gartzes erregearen garaitik aurrera doaz ikerketarik gehienak, baina ia ez da ordutik atzerako ikerketarik egin». Zulo hori betetzen hasteko asmoz argitaratu du Pamiela argitaletxearekin Vascones. Poblamiento defensivo en el Pirineo liburua (Baskoiak. Defentsarako herri guneak Pirnioetan).

Txikiak dira gotorleku haietaz gelditzen diren arrastoak: inoiz harresi izandako baten harri solteak, eskailera forma emateraino landutako haitzak, zirkulu formako soilguneak dituzten mendi muinoak, garai baten giza presentzia izan zela erakusten duten arrastoak… Handia da, berriz, egiteko gelditzen den lana, Sagredoren hitzetan. Arkeologia ikerketak egiteko premiaz mintzo da horregatik maiz liburuan. Gutxi dira, gainera, gotorleku zahar haietaz mintzo diren dokumentuak. «Ulertezina da XXI. mendean oraindik ere Pirinioaei buruzko ikerketa sakonik ez egin izana».

Dokumentazioaren faltan, toponimia izan du bidea argitzeko tresna, ezinbestean. Gaztelu, murua, iru eta gisako hitzekin lotutako toponimoen bila aritu da. Gune estrategikoei so. Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzun aurkitu ditu gisa horretako leku gehienak. Inguru horiek baitira, hain zuzen ere, komunikaziorik zailena eta orografiarik latzenekoak. Zuberoa inguruan ere bada, ordea, mendi inguruko babesleku izandakoen arrastorik, eta baita altuera gutxiago duten beste hamaika gunetan ere.

Herrixkak izan ziren aspaldi, baina denborarekin, biztanleek gune lauagoetara jo, eta babes gisa mantendu zituzten gotorleku zaharrak. Behin baino gehiagotan jo behar izan zuten haien babespera, gainera, asko izan baitziren mendizerra hura pasabidetzat erabili zutenak. Barbaro deiturikoen inbasioak V. mendean, bisigodo eta frankoak VII. eta VIII. mendeetan, eta musulmanak ere ibili ziren inguru hartan XIII. eta X. mendeetan. Arrisku mehatxupean babesera jotzen zuten baskoiek, eta gerora ere maiz berrerabili dira gotorleku moduko haiek. Horregatik, batzuetan, gaztelu berriak eraiki zituzten herritarrek eta agintariek gotorleku zaharrak ziren lekuetan.

Gutxi izan dira gisa honetako guneetan egindako ikerketa arkeologikoak, Sagredok dioenez, eta gehiago egin behar liratekeela zehaztu du. Hark egindako gutxietan, adibidez, zeramikak eta erromatar txanponak ere aurkitu ditu. Ez da garrantzi gutxikoa, gainera, aurkikuntza, historialariaren hitzetan. Funtsik gabe uzten du egun indar handia duen desitxuraketa historiko bat. «Okerra da V. mende inguru hartaz orain arte egin den bi guneren arteko bereizketa. Gune lauetan erromatarrak zeudela pentsatzen zen, gizarte aurreratuagoa, eta mendi aldean zegoela, berriz, bertako mundu arkaikoa».

Lausoagoak dira mugak, Sagredoren ustez. «Argi eta garbi dago bi kulturen artean harremanak izan zirela». Hori da mila metrotik gorako guneetan aurkitutako txanponek erakusten dutena. Baina horiek ez dira bi kulturen arteko hartu-emanari buruzko datu bakarrak ere. Baskoien arrastorik ere bada gune erromatarretan ere. «Hori da erromatar guneetan aurkitutako baskoien jainkoei buruzko elementu epigrafikoek erakusten dutena».

Oinarrizko egiturak

Oinarrizkoak ziren Pirinioetako gotorleku haiek. Ingurura moldatzen ziren gehienetan, eta, beraz, zaila omen da egitura orokor bat zutenik esatea. Halere, Sagredoren hitzetan, oinarri zirkularrekoak izaten ziren haietariko asko. Egurrez egindakoak izaten ziren gehienak, baina, zenbaitetan, harrizko harresiak ere bazituzten. Aztarnarik gabekoak dira gotorlekuetariko asko, horregatik. Harrizko zatirik zuten guneetan ere, denborarekin, lurpean gelditu dira harresi zatiak edo beste zerbaitetarako erabili dituzte herritarrek, bestela. Hala, lerrotan ordenaturiko harri batzuk dira inoiz harresi izandako haiez gelditzen direnak. Maiz, ezta hori ere. Horregatik, muinoetan dauden soilguneen formek ematen dute gune horiek iraganean izan zuten erabileraren berri.

Sagredok dioenez, antzinako gotorleku haiek ez ziren defentsarako gune puntualak, defentsa sistema baten zati baizik. Hori da, behintzat, historialariak ondorioztatu duena, eta frogak ere aurkeztu ditu: «Garai batean bide gisa erabilitakoen ondoan daude guztiak. Eta elkar ikusteko moduan antolatuta zeuden beste zenbait. Komunikazioan».

Bere aurreko lanetan bezala, autogiro izeneko helikoptero txiki bat baliatu du Sagredok liburuko argazkiak atera eta garai batean gotorleku izandako guneak aurkitzeko. Ohi baino arrisku handiagoa izan omen du, ordea, oraingoan lanak. «Oso haize txarrak izaten dira Pirinioetan, eta behin baino gehiagotan izan dugu arazoren bat. Neguan egindakoak dira bidaia guztiak, horregatik, badaezpada. Haizea bareagoa da, eta, gainera, udan eta udaberrian zuhaitzen adar eta hostoek ezkutatu egiten dituzte hainbat gune».

Zorroztasuna galdu gabe, dibulgazio liburu bat da Sagredorena. Horregatik, irakurleak inoiz gotorleku izandako haien aztarnak bisitatu ahal izateko behar dituen gomendio eta norabideak aurkituko ditu liburuan. Hark zenbaitetan arriskupean aurkitutako hura batere arriskurik gabe aurkitu ahal izateko.

 

Latxaga. Bereziak dira Latxaga mendian (Nafarroa) Iñaki Sagredo historialariak aurkitu duen garai bateko gotorlekuaren hondakinak. Gunea ez da bereziki ona halakoetarako, altuegi ez dagoelako, baina lurrean dauden harriek marrazten duten egiturak ezin du borda batena izan. / – / EZEZAGUNA

Gaztelugainea. Soilgune bat eta harri pilaketa bat orain, baina babesgune bat izan zen inoiz, Erronkaribarran (Nafarroa) Gaztelugainea izeneko muinoan. Litekeena da gune horretan herrixka bat egon izana, eta gerora babes gisa erabili izana. / – / EZEZAGUNA

Urkulu. Aezkoa haranean (Nafarroa) daude Urkulu izeneko gotorlekuaren aztarnak, 1.420 metroko altueran, izen bereko haitz multzoaren gainean. Bakana da. Ikerketa arkegologikoak egin zituzten adituek bertan, 90eko hamarkadaren bueltan. / – / EZEZAGUNA

Gazteluzar. Toponimoak ematen du Laza mendiaren kaskoan izan zen eraikuntza motaren berri. Gazteluzar du izena Erronkari eta Zaraitzu ibarren arteko mugan dagoen muinoak (Nafarroa). Zirkuluerdi itxurako egiturak ikus daitezke. / – / EZEZAGUNA

 

 

Berria-k argitaratua