Getzetik-Iruñera 2011

Azken urteotan bezala datorren domekan, ekainaren 26an, berriro ere Noaingo Gatazkaren hitzordua dugu Euskal Herriaren azken lur independienteak defendatzen  bizia eman zutenei gorazarre egin nahi diegunok. Aurten baina, urte berezia da. Datorren urtean,  2012an, Espainiak Nafarroa Osoko azken lur libreak su eta odolez inbaditu zitueneko bostehun urte beteko baitira. Bostehun urte. Aspaldiko kontu zaharrak esan lezake norbaitek. Bai, aspaldikoak. Baina egungo ajeen beste katebegi.  Utrinque Roditur (Alde Guztietatik Hozka Ari Zaizkit) zioen Bianako Printzearen armarriak. Lelo egokia oso Euskal Herriaren estatu nafarrak jasandakoa azaltzeko. Hona hemen gaurko egonezinaren katebegi bakan batzuk:

1178 Gaztelak Errioxa eta Bizkaiko zati bat inbaditu zuen Nafarroako erregearen tenenteak ziren Haroko Lopeztar familiaren laguntzaz lur eta pribilejioen truke. Bilbon kalez, estatuaz eta mendeurrenaz ospatu dira diru grina eta traizioa.

1200 urtean Gaztelak Mendebaldeko Nafarroaren lurraldeak inbaditu zituen. Tartean Aitzorrotzeko tenentzia, Atxorrotxetik Elosuraino zihoan Nafarroako Debagoiena alegia. Orduan Nafar euskaldun independienteak izatetik Gaztelako menekoak izatera pasatu ginen. Gaztelaren aldeko handiki euskaldun batzuen laguntzaz. Harrezkero gure nortasun politikoaren izena galdu, eta nafarrak izatetik gure hizkuntzagatik ezagutuak izan ginen: euskaldunak, bizcainos, vascos, vascongados. Eta horrela segitzen dugu bereizketa artifizial inposatu honi hauspoak ematen.

1512ko uztailaren 21ean Gaztela eta Aragoiko armada espainiarrak libre geratzen ziren Euskal Herriaren azken lurrak inbaditu zituen.  Zenbait handiki euskaldunen laguntzaz berriro ere. Diruak, lur jabetzak, pribilijioek, botereak agindu dute beti: Harotarrak, Oinaztarrak (Loiolako Iñigo tarte), Garay eta hainbat eta hainbat idazkari eta palazioko funtzionario euskaldun, Beaumondarrak, erreketeak … norabideak norabide, ez da aldatzen;  eta Ganboar eta Agramondarrak ez pentsa salbu daudenik ere. Iraultza Frantsesa, karlistadak, gerrak, errepresioa… mendeetako katebegiak.

Datorren urtean, 2012an, beteko da inbasioaren bosgarren mendeurrena. Baina erresistentzia ez zen 1512an bukatu, behin eta berriro independentzia berreskuratzeko ahaleginak errepikatu baitziren. Azkenengoetako bat 1521ean Nafarroako errege legitimoak, Enrike IIak,  bultzatu zuena eta denbora batean Nafarroa Garaia eta Behera askatu zuena. Alabaina, hasierako arrakasten ostean hondamena etorri zen Noainen. Bost mila gazte nafarrek bizia galdu  eta euskaldunon estatu subiranoaren hondarrak betiko galdu ere. Leial batzuek Amaiurren, Irunen eta Hondarribian eman zuten azken hatsa gero. Historia nazionalista espainiarrak dioenaren kontra, ez ziren frantsesak, nafar leialak baizik.

Bostehun urte geroago nazionalista espainiarrek bat egin dute inbasioa ospatzeko datorren urtean. Jada bortxa erabili zenik ere ez dute ukatzen, ezin dute eta. Hala ere, gure onerako izan zela dioskue.  Euskadiko Autonomia Erkidegoan zein Komunitate Foralean euskaldunon subiranotasun zantzu txikienaren aurrean nazionalista espainiarrak elkar batuko dira beti. Inbasioa kudeatzen segitzen dutenek ondo baitakite gutxitua, autoestimua eskas eta  zatitua egon arren, Euskal Herriaren asmoak hor dirauela: Nafarroa Osorako subiranotasuna alegia. Azken finean, eskumako espainiarraren antzekoena espainiar ezkertiarra da; eta argi gero!

Horren haritik doa datorren igandeko ekitaldia. Iazko giroa apartekoa izan zen. Youtuben ikus daiteke (Noain 2010) eta   Youtuben  eta Nabarralderen web-orrian ere ikus daiteke aurtengo ekitaldirako Urko Aristik luzatzen digun gonbidapena eta eguraldi onaren promesa. Orain 500 urte Estatua ginela ez zaigula ahaztu adierazteko hitzordua: ekainak 26, 10:15etan Noaingo Getzetik abiatu eta 13:00etan amaiera ekitaldia Iruñean (Burgoen plazan, udaletxe ostean). Zatozte.

 

Rafa Stxez Muxika

Nabarralde

Bergara

 

Nabarralde-k argitaratua