Egun Argiko Ilargia

Urtats egunean

goiz argia.

Ortzi zuri,

urdinkara.

 

Gazte bakan batzuk

karrikan gaindi.

 

Ez promenadan,

ez ogitara,

ohe xerka baizik.

 

Zabuka doaz,

naufragoak

itsasontzi galduaren

pizarrei bezala,

festa azkendu berriaren

gomutei errime atxikirik

 

Zeru goian ilargi zuri,

handi, biribila

beste iduzki bat bezain.

 

Menturaz

gazte horien gisara,

bera ere,

gaupasa eginda,

etxera bidean.

 

 

OSKORRIA

 

Zerumugaz bestaldeko

sutegi isilean

jainko nekaezinak

eguzkigintzan.