Giza garapena

1

GIZA GARAPENA

 

Ez ote zaigu geuri ere gertatu

hiriko zeru urdinean txilioka

dabiltzan kaio ero horiei bezala?

 

Ez ote dugu geuk ere aldatu

itsaso eder, garbi, hondargabea

hondakindegi satsu honen trukean?

 

 

 

2

FIRIN-FARAN

 

Haizea dabil gaur,

firin-faran,  haizea…

 

Oihalak harroturik,

ur gainean ontziak;

zeru azpian hodeiak

ere bazterren bila.

 

Arras hustu dituzte

lekuak gaur txoriek,

firin-faran, haizea

igaro dadin libre.

 

Itsasoa eta urtzia

elkartzen diren marran

zein ote da kaioa?

zein uhinen aparra?

 

Sokan hedatu arropak

jauzika eta saltoka…

Ai, estekak hautsi eta

ahal balezate eskapa!

 

Gonak astinduz dator,

firin-faran, haizea.

Banderak oro ailitez

haiek bezain ederrak!

 

Arratsean hostoek

goibel agurtzen dute

haizea, firin-faran,

doalarik urruntzen…

 

 

Publicado por Nabarralde-k argitaratua