Zer nahi dugu, besteen arbolen euskal adarra ala euskal arbola?

Ikastola, nafar estatuaren euskal eskola nazionala

Euskal familiei aitortza eta eskertza, ikastolan euskalduntasunari klik! eginez, etengabe aktibatuz, norbere seme-alabekin euskal herriaren iraunkortasuna bermatzen dutelako.

Euskal familiak XXI. mende honetan gure seme-alaben begietatik egiten diogu  so etorkizunari, lehentasun nagusia bihurtuz. Bizitzari era naturalean aurre egiteko modua da, biziak bizi nahi duelako

Estatu egitura propioa indar militarrez kendu diguten herri bat gara. Hala ere XXI. menderarte herri honek bere burua  bizirik ekarri du. Horretan zerikusi handia izan du ibilbide osoan, euskal familiak. Horrela nabarmentzen dute hezkuntzaren b.ilakaera historikoan azaltzen diren zantzu guztiak.  Euskal familiak, giza talde orok bezala, bere egunerokotasunari aurre eginez jasotzen duen eskarmentua  hurrengo belaunaldiari  modu eraginkorrean transmititzeari erantzuten dio. Horrela iraunkortu dugu geure identitatea.

Garaian-garaian, euskal familiak, ikastola proiektua bermatzeko erabaki ahalmena  egituratu eta hezkuntza komunitatearen titulartasuna gauzatzen jakin du, bere xumetasunetik indarrak atera eta hiru estatuei (Espainia, Frantzia eta Vatikano) begietara begira arituz. Ikastola proiektuak, duen xedeagatik, aitortza eta begirunea jaso du indar abertzale guztiengandik, trantsizio garaira iritsi arte. Garai horretan indartzen joan zen Estatuaren erabaki egiturak eta geure erabakimenaren giza eskubideak nahastearen arazoa,” publiko” kontzeptua tranpa bihurtuz.

Geure etxearen jabegotza lapurtu eta geurea zen horretan, halabeharrez, maizter bihurtuta baimendutako erabakiak bakarrik hartzen uzten diguten herria gara.

Publifikazioak nabarmen utzi zuen, ikastolaren barneko funtzionamenduan elkarren arteko norgehiagokak nola distraitu gintuzten, benetako arazoaz ohartzen ez uzteko baliagarriak bihurtuz gaur arte. Guraso eta irakasleen artekoak, herrialde bat eta bestearen artekoak, kolore batekoen eta bestekoen artekoak. Diskusio horiek guztiak giltzarriak diren gaietatik distraitzen gaituzte behin eta berriro.

Hain zuzen ere, menpeko hartuta gaituzten Estatuen estrategia oso eraginkorra izaten ari da mendeetan, egiten dugunaren zentzuaz eta geure eskutik dugun erabakimenaren garrantziaz ohartu gabe, geure arteko harreman arazoa balitz bezala elkar epaitzera  eta egurtzera dedikatzen gabiltzan bitartean.

Herritarrok, euskal arbolaren sustraiak biziberritzen ari gara etengabe, kimu berriak modu indartsuan eragiteko. Iragana eta geroa bide beretik doan indar bakarra da, unean uneko gizartearen erantzukizunaren eskutik biziberritzen dena.

Hori da euskal familiak egoki egiten asmatu duena mendez mende. Estatuek hezkuntzaz jabetu ziren aurretik mendeetan zehar eta ondoren, arik eta nabarmenago, sortu ziren estatu modernoek menpeko hartutako herrien identitatea ezabatzeko haiek duten helburuari aurre eginez.

Eskertzekoa da, libre eta eragile den euskal gizarteak, modu inteligentean ikastolen festetan azaltzen duen proiektuarekiko atxikimendua. Herri honek duen gizarte zibil burujabe indartsuaren adierazle garbia da. Eta gizarte zibil indartsua izatearen garrantziaz jabetzea, indargune estrategikoa da une honetan euskaldunok  ditugun erronka berrien aurrean.

Beraz, berreskuratu dezagun bere burujabetzetik egin duenarekiko aitortza eta  begirunea. Hezkuntzari dagokionez, ikastola aurrera ateratzen duen euskal familiari zor dioguna.

Gizarte zibila, euskal familiaren eskutik, konkista militarraren ondoren, bigarren konkista ekiditzen ari da, hau da, gogoaren konkista. Memoria ezabatuz bi aldiz galtzaile bihurtu nahi gaituztenei aurre egin eta biziraupenaren alde egiten. Seme-alabak ematen duten motibazioaren eraginetik  eta horrek sortzen duen interes bakarreko askatasunetik, dakarrenak dakarren kolorea badu ere, denak identitate baten inguruan bilduz, helburu bakar horrek bateratzen gaituelako. Ez inoren atzetik ibiltzeak.

Familiak, elkarrekin titulartasuna egituratuta dugu, tokian tokian eta  lurralde osoan, euskalduntasunaren garapena bermatzeko. Guk elikatu nahi dugun gizartea burujabea da. Subjektu librea eta eragilea den herria. Beraz, hezkuntzan, koherentziagatik, seme-alabentzat nahi den kontsiderazioa, ikasleak  euskaldun subjektu bezala tratatzea da.  Euskal curriculumaren oinarrziko erronka horixe dugu. Eta ez da makala.

Hau da, azken hiru mendeetan estatuek egituratu eta kontrolatu  dutena iraultzea nahi dugu. Estatuek menpeko gizarte bat lortzeko diseinatu, arautu eta kontrolatu dute hezkuntza. Bere zerbitzura hezkuntza ipintzea erabaki zutenetik, ikasleen gaitasunak garatzera dedikatzetik, eman zuten aldaketa  irakasleen eginkizunak kontrolatzea ardatz bihurtzea izan zen eta da gaur arte. Horretarako berak erabakitako ezagutza transmititzea  ikasleak   errepikatzeko eta zigor bidez esanetara makurtuko diren ikasleak lortzea oinarrizko irizpideak izan dira.  Botere politiko, ekonomiko eta erlijiosoen nahiak lortzeko estrategikoa bihurtu dute  aipatutako ezaugarrietan ardaztutako hezkuntza. Horrela nabarmentzen da hezkuntza eta pedagogiaren bilakaera historikoan.

Guk behar eta nahi duguna, gizarte burujabea izanik, ikaslea ere horrelakoa nahi dugu. Beraz, beraien buruaren jabe izaten entrenatzea eta norbere gaitasunak trebatzen laguntzeko  aldaketa egin nahi dugu, eta guztiok gaude inplikatuta aldaketa horretan.

Euskalduntasun matazaren hari-muturra den historiari tiraka, ikastolak gaur egiten duen ekarpena, iraganak sustraitzen duen geroaren kimu berriak eragitea da. Nor garen gogoan izatea, gure identitatearen iraunkortasunerako gogoa izatea eta hurrengo belaunaldiak  gogoan izanez,  egin behar ditugun aldaketak modu inteligentean egitea. Herria iraunkortu dugunaren adierazle argiak  horiek izango dira.

Kilometroak eta Nafarroa Oinezekin ikastolen festen bira nazionalari bukaera ematen diogun egun hauetan bereziki, gogoan izan nahi ditugu, norbere seme-alaben begietatik etorkizunari so eginez publifikazioaren aurrean, ikastolari eskutik eustea erabaki zuten familiak. Kontuan izan da, zein egoeretan eman zen, hain zuzen ere, euskal gizartean, abertzaleon egoera politiko eta sindikalen norabidea argi azaltzen ez zen unean, hori dela eta  giroa oso gordina bihurtu zelarik etxekoen artean, estatuaren mesedetarako bihurtuz.

Familiaren ogibide ziren lanak arriskuan ipini ziren, familia barneko eta lagunarteko gora beherak sortu,  desprestigio sozial izugarriei aurre egin beharrean aurkitu. Eta hori guztia, 1965ean sortutako Azpeitiko ikastolari eusteagatik Estatuaren sisteman erabakimena utzi gabe.

Frankorekin sortzaileak zaila izan bazuten ere, 1993an ikastolari eustea askoz ere gordinagoa eta mingarriagoa izan zen, etxekoen arteko nahasteak eragin zuzena izan zuelako. Estatua, eraginkorra izan da historian zehar hori bere alde bihurtzen. Koxka ez dago ordea, nortzuk izan diren onak eta txarrak sailkatzearekin, bai badago, jasotako eskarmentutik erantzukizunez aritzean, berriro akats berdinak ez errepikatzeko.

Ederra litzateke, eskarmentu hori guztia, elkarri kontuak eskatzeko baino gehiago, etorkizunari begira norabidea  argitzeko baliagarria izatea, herriaren iraunkortasuna dugulako jokoan.

Oraindik egiteke dago euskal indar guztiak bildurik eman beharreko urratsa, ikastolaren marka argitzea lortzeko betikoa eta berezkoa duen esparrua aitortuz. Ez publikoa eta ez pribatua, geurea. Oñatiko unibertsitatean 1918an erabaki zenean bezala: estatuaren sisteman dauden, publiko eta pribatuaren paraleloa izateko sortutakoa. Badago euskara erabiltzen duenik, alderdi politiko, sindikal hezkuntza, kultura eta ekonomia arloko  hainbat erakundeetan. Bai, baina ehun urte hauetan geureak diren organizazioak sortu ditugu lurraldea eta erabakimena geure identitatearen zerbitzura ipiniz ibilbidea egiten ari direnak. Dena berdina ez delako. Ez da hezkuntzan ere.  Gizarte zibila aurrea hartuta dabilelakoan gaude.

Historiak ez ditu jasoko, ikastoletan eguneroko isiltasunean, seme-alabagatik egiten dutenen izenik, ez. Baina, gure aldetik, gaur eta hemen, Azpeitiko Kilometroak direla eta, zenbaitek ahaztu badituzte ere, publifikazioa zela eta gorriak pasatu zituzten familia lagunei gure eskerrik beroenak eta erakutsi zuten konpromisoaren aitortza egiten diegu. Ikastola, euskal sare bakarra dela argi utzi dutelako.

Euskalgintzan, bakoitza dagoen proiektutik, herri zentzu argia duten abertzale guztien eskutik, IKASTOLA izenaren zentzuzko erabilera, laster lortuko dugulakoan gaude, gure herriaren norabideari zentzua emateko estrategikoa delako. Zergatik ez ipini data?. 2012ko konkistaren 500.urteurrena aukera bikaina dugu guztion uzta ederra bihurtzeko, ikastolari izena eta izana aitortu eta zentzua biziberrituz. Hor dago!

 

Nabarralde-k argitaratua