|
Tags: Luigi Anselmi
Harro dator haizea iparraldetik itsasoaren bilo xuriak laztuz.
Goiko paraje mortuetan barna, ihizi izuen gisan, argia eta xoriak begietarik ihesi.
Udako azken egunak hostogabetuz doaz arrosa-liliak bezain goibel.
Bai, ez. Bai, ez...
Bihotzak bai, buruak ez.
Azken emaitzari buruz duda guti, hala ere...
Non ote dira berri gaiztoak ekarriz gero mezulariei lepoa mozten zieten errege puxantak?
Guk, ordea, beldurraren beldurrez, oihal batez estaltzen dugu egia gorpu baten aurpegia bailitzan.
Haize zakarra ufaka.
Ufaka eta uluka.
Hiltzera doan norbaiten antzera itxi ditu zeruak begi urdinak negarrez urtu aitzin...
Baina maitale berantetsien gisan denbora baino lehen heldu zaigun neguak, lur beltzak ohi bezala, itxaropenaren hazia dakar sabelean.
|