Urretxu Nafarroa da

Asteburu honetan nabarrherri ekimenaren ekitaldiekin gozatzeko aukera izango da

Urretxu

GARAI batean Nafarroa Euskadi da esaten zen eta egun, arrazoi historikoak medio, Euskadi Nafarroa da nagusitzen ari da. Azken urteotan tesi honen aldeko hainbat ekimen jarri dira abian eta horietako bat NabarrHerri da. Aste honetan Urretxura helduko da euskal kultura eta nafar identitatea gizarteratzea helburu duen egitasmo hau.

Ostiraletik igandera bitartean historiari eskainitako txokoan, ekitaldietan, tabernan, dendetan, haurrentzako gunean eta tailerretan gozatzeko aukera izango da Gernikako Arbola plazan. Ostiralean, 18.00etan, kulturen arteko azoka irekiko da. Irekiera herriko musikariek girotuko dute. Izan ere, ekimenak, Udalaren babesaz gain, Lizarriturri txistulari taldearen laguntza dauka, Iratzarri dultzaineroena, Secundino Esnaola musika eskolako trikitilariena eta Zuhaitzaren Soinua eta Mendiaraz Anaiak txalapartariena.

azoka

Artisautza eta elikagaiak

Azokan Katalunia, Bretainia, Andaluzia, Asturias, Galizia eta Aljeriako artisautza eta elikagaiak izango dira. Baita Euskal Herrikoak ere, noski: Aldudeko gozokiak, Ahaunzeko infusioak, Urepeleko txerrikiak, Aiherrako ahuntz gazta, Gamarteko behi gazta eta esnekiak eta Donaixti Ibarreko ardi gazta. Gainera, Nafartarrak tabernan Oiartzungo garagardoa, Zornotzako sagardoa, Lezamako txakolina, Bakioko aparduna, Aldudeko ziropak, Ahaunzeko infusioak, Bargotako ardoa eta Hernaniko gozokiak jarriko dira salgai. Larunbatean eta igandean azoka 11.00etan irekiko da. Hiru egunetan 1512, Nafarroaren konkista erakusketa izango da ikusgai plazan bertan.

Hori guztia gutxi balitz, egunero ekitaldiak izango dira. Ostiralean, 18.15ean, Juan Martin Elexpuruk Iruñea-Veleia, gezurra ala egia? hitzaldia eskainiko du. 20.00etan Joseba Irazokiren kontzertua izango da. Larunbatari dagokionez, 12.00etan Nabarralde elkarteko Beñi Agirrek 1512, Nafarroaren konkista hitzaldia eskainiko du. 13.00etan Pettiren kantaldia izango da eta 17.30ean Ixabel Agirresarobek Arrain herriaren memoria galdua antzezlana eskainiko du. Larunbateko ekitaldiekin buka-tzeko, 18.30ean Amaren alabak Zuberoako taldeak kantaldia eskainiko du eta 19.30ean Iñaki Agirresarobek Udaberriko liliak diaporama eskainiko du.

Azken ekitaldiak igandean izango dira. 12.00etan Orreagako batailak hitzaldia entzuteko aukera izango da Angel Rekalde eta Beñi Agirreren eskutik eta 13.00etan Jean Bordaxar laukote zuberotarrak abestuko du. Bukatzeko, 17.00etan kaleko antzerkia izango da Sebastopoleko titiriteroekin eta 18.00etan Juan Mari Beltranek kontzertua eskainiko du herri musikaren soinu tresnekin.

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2011/11/23/vecinos/urola-garaia/urretxu-nafarroa-da