Argi ibili! Edozer urrats ez da ‘herri urrats’

Euskal herritarrak, ia ehun urtean, ikastolaren aldeko apustua egiten ari gara, eta horrela jarraituko dugu asmo berbera bizi-indartzen. Hau da, ikastola bidez, euskalduntasunaren iraunkortasuna, lurraldetasun osoan, titulartasunean egituratutako erabakiarekin bermatuz eta maitasunaz harilkatuz osoa.

Ikastolak, sortu zirenetik duten zentzua —zentzu guztiak bezalaxe— ez da funtzionamendutik definitzen. Egiten den ekarpenetik definitzen da. Ikastola proiektua zertarako sortu zen eta —gehiago edo gutxiago jabetu arren— orain ere zertarako den, berdin-berdina da: euskaldunak sentitzen laguntzea herri bezala iraunkortzeko.

Herri Urratsera goazenean horretan gabiltza. Hezkuntzan, eskola eredu batean, edozein urrats egiten dela ere, kalitate handikoa izanik ere, ez da «herri urrats». Gure identitateari lotutako eskola egiteari dagokio izendapen hori.

Euskal hezkuntza ez da bakarrik euskaraz irakastea. Eta ez da kontsentsu kontua. Guraso, irakasle eta ikasleen artean adostutako erabakiari lotutako zerbait. Ez. Arrazoi politikoa da. Hitz larriz idazten den politika. Alderdi politikoetatik haruntzago doana. Giza eskubidea delako.

Munduko herri guztiak bere identitate iraunkortasuna hezkuntzaren bidez lantzen dute. Eta hori bermatzeko euren erabaki eskubideaz baliatzen dira. Horrela ari da herri hau bere eskutik ikastola eramanez.

Hezkuntza sistema guztietan hizkuntza desberdinak sartzen dira, baina, hizkuntza eta gainontzeko identitate ezaugarriak eta garaian garaiko egokitzapenak identitateari lotuta egiten dira.

Espainiako sistemaren eskoletan, espainola ikasteaz gain frantsesa edo ingelesa ere irakasten dira. Baina ez dute helburutzat eleaniztasunaren izenean frantses edo ingeles kolektiboan identifikatu eta barne kohesioa lortzea. Ez. Espainiar identitate argia dute helburutzat. Baita, ingelesa eta frantsesarekin batera, euskara ematen dutenean ere. Eleaniztuna bai, baina identitate bakarra: espainola. Eta horren bermerako dute Estatuaren erabaki egitura beraien eskutik.

Erabakitzeko eskubide hori da guri indar militarrez kendu zigutena. Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena den honetan, argi gogoratzen dugun bezala, konkistaz konkista gure herriaren erabakitzeko eskubidea da kendu zigutena eta kenduta jarraitzen duena.

Beraz, konkistatzaileena den erabaki egituren sistemak ez du bermatzen gure herriaren iraupena, geure jendea badago ere, eta jator jokatzen badute ere. Ez dagoelako irakasleen borondatean erabakia. Estatuarena delako. Hain zuzen ere, une honetan gure erabaki eskubideak zapaltzen dituztenen esku.

Bestalde ezin gara nahastu, alderdien gorabeherak direla medio, hezkuntza politikoki neutroa dela pentsatsearekin. Alderdi politikoek kudeatu arren hezkuntza, haien gainetik lotzen duen oinarrizko egiturapean dagoelako eskola, estatuaren esku. Alderdi politikoen eguneroko gorabeheren gainetik idazten den politika da. Hitz larriz idazten dena: estatua. Hezkuntza osoa harrapatzen duen estatuen lege organikoak badaude ere, horrez gain publikoaren titulartasun zuzena dute estatuek. Edozeinek, publiko eta pribatu kontzeptuak alboratu nahiak ez du erabakiaren errealitatea ezertarako aldatzen. Horregatik berreskuratu nahi dugu Euskal Estatua. Orduan, eta orduan bakarrik, hitz egin genezake geure publiko eta pribatuaz.

Iritzi politikoak herritar guztiak ditugu. Askatasun adierazle dira. Herritarrok kolore bateko edo besteko kolektiboak antolatuz alderdi politikoak osatzeko eskubidea dugu. Baina jabetuta gaude herri bezala askatasunez erabili nahi dugun giza eskubidea den erabakia, partiduen gainetik dagoen zerbait dela: euskal estatua. Gogoratzen dugu hori beharrezkoa dugula geu izaten jarraitzeko. Ezinezkoa baita gu ezabatu nahi gaituzten estatuei aldarrikatuz geu izaten jarraitzea.

Hori gure eskubidea izateaz gain, gure betebeharra ere bada. Burujabetasuna, hezkuntzari dagokio bereziki, herriaren eta herritarren subjektu izaera indartzean oinarritu beharra daukalako, bere helburua lortu nahi badu. Hor dago gure erantzukizuna.

Beraz, kontura gaitezen erabaki eskubideak ematen digun burujabetasuna bere osotasunean erabiltzearen garrantziaz. Eremu batzuetan bai eta besteetan (hezkuntzan) alboratzen ibili gabe. Hori geure buruari tranpa izugarria ipintzea da. Bere osotasunean ematen ez bada ez dago burujabetzarik. Bitartekorik ez dago. Baimentzen denean, erabakia beste batek du. Euskal herritarrak geure hezkuntza, ikastola bidez gauzatzen gabiltza, 1918an erabakia hartu zenetik. Geure erabakia egituratzen duen herritarron titulartasunarekin bermatzen dugu, herriak nahi duenaren galbahetik pasatzearen oreka zailari etengabe aurre eginez Espainiak eta Frantziak inposatutako derrigorrezko lege organikoen aurrean.

Beraz, geure xedea lortzea nondik datorren eta nondik ez, modu inteligentean aukeratu beharra daukagu.

Herri batek eta herritar bakoitzak bere etorkizuna gauzatzeko eskubidea eskutan izatetik dator, ez berea ez duen sisteman kalitatezko euskal zerbitzuak eskaintze hutsetik, hori, besterik ezean, garrantzitsua bada ere. Ingelesa ere kalitatez eskaintzen da une honetan, baina ez dugu ingeles herria irankortzeko helbururik.

Europako herri aurreratuen mailan aritzeko, geuk geure burua herri diferentziatu bat bezala tratatu eta Europan horrela aitortua izatetik dator, ez Espainia eta Frantziako kalitatezko talde bat izatetik, betiere estatu horiek izango liratekeelako herri aurreratuak gure kontura, kirol edo ekonomia esparruan egunero konprobatzen ari garen bezalaxe. Txapeldun bagara ere beti espainiar edo frantses bezala aurkezten gaituzte munduaren aurrean. Ikusi, besteak beste, e marca España publizitatea.

Ikastola, herri honen indar nagusia dela jabetuz, ibilian gabiltzala lokaztu egiten garela aitortuz, maite dugulako, ozenki esaten dugu, herri honen burujabetasun bidean gora ta gora beti herri urrats den ikastola, eta bizi bedi!

 

* J. Etxeita, G. Larrañaga, M. Bereziartua. Ikastoletako gurasoak indartzeko talde eragilearen izenean

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-05-22/004/001/argi_ibili_edozer_urrats_ez_da_herri_urrats.htm