Gabirel Ezkurdia: «Alemaniak Euskal Herri independentea hobetsiko du, Espainiako zulo beltza barik»

Euskal Herria ‘0 urtean’ dagoela uste du nazioarteko gaietako adituak. Eta independentziarako Esloveniako bidea ikusten du zabalik Euskal Estatua sortzeko; laster sortzeko, gainera. Bilbon mintzatuko da gaur.

 

Gabirel Ezkurdia (Deustua, Bilbo, 1967) politologoa da, eta nazioarteko gaietan aditua, Ekialdeko Europaren inguruan besteak beste. Euskal Herria 0 urtean hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Yohn jauregian (Pelota kalea 10, Bilbo).

Zergatik uste duzu 2012 hau Euskal Herriarentzat 0 urtea dela?

Bueno, hitzaldiei izen arranditsuak jarri behar dizkiezu, ezta? Epe bat bukatu delako, eta beste bat hasi dela uste dut. Alde batetik, ezker abertzalearen aldaketa estrategikoak beste baliabide taktiko batzuk eskaintzen dituelako, eta gauzak erabat aldatu ditu. Bestaldetik, urte historikoa delako eta, historizismo hutsean jausi gabe, garrantzitsua delako euskaldunok nazio gisa geure historiaren jabe izatea. Azkenik, ekonomiaren egoerarengatik, eta globalizazioaren zein iraultza teknologiko azkarren erdian euskaldunok geure burua munduan jarri behar dugulako. Gaur, demoskopikoki posible da euskaldunon nahia gauzatzea.

Espainiaren gainbehera une kritikora heldu dela uste duzu?

Espainiaren porrota ekonomikoa, morala eta politikoa da. Espainiako nazio proiektuaren gainbehera jatorrizko bekatutik dator: beti izan da totalitarioa, beti eraiki da indarrez. Europan iraultzarik gabe geratu den estatu bakarra da, eta Elizaren eta antzinako sistemetako eragileek sekulako boterea dute oraindik. Espainiaren gainbeherak eragile asko ditu, eta lotura zuzena du geure egoerarekin.

Independentistek behar bezain azkar ari al dira erreakzionatzen, edo trena pasatzen ikusiko dute?

Une historikoa da, ez soilik hainbeste urtetako erresistentziaren errenta politikoak eskuratzea posible delako, baita historian inoiz ez direlako egon hainbeste euskaldun jakitun, hezi eta nazio kontzientziarekin ere. Nazioartean ere, orain ari da trena pasatzen: Eskozia, Flandria, Katalunia… Europako Batasuna berriz sortuko da, beste parametro batzuetan. Alemaniari askoz gehiago interesatuko zaio epe erdira Euskal Herri eta Katalunia independenteak, Espainiako zulo beltza baino.

Hori iragartzeko daturik al duzu?

Hego Euskal Herriaren datu makroekonomiko guztiak Espainiakoak halako bi baino hobeak dira. Beraz, litekeena da, eta hori ikuspegi kapitalista huts batetik ikusita, nik ikuspegi hori onartzen ez badut ere.

Alemaniak badu esperientzia estatu disfuntzionalak berriz antolatzen, nolabait esateko.

Eslovenia beti izan da nire eredua Euskal Herrirako. Oso herri mugimendu zabala izan zen hangoa, eta errepresio gogorra, epaiketak eta. Horrek berehala eraman zuen Eslovenia independentziara. Trena pasatu zen, eta denak igo ziren gainera. Ni 1987. urtean izan nintzen han, ikerketa bat egiten, eta orduan %17 baino ez zeuden independentziaren alde. Handik hiru urtera ikusi genituen emaitzak. Baina Espainiako Estatua Europako primitiboenetako bat da. Hori ez dugu alde, baina alde dugu nazioarteko egoera politikoa eta ekonomikoa. Kosovoren eredua ere garrantzitsua da. Espainiako Estatuak ez badu ikusten herri hau martxan dagoela eta zapalduz eta ukatuz ez duela ezer lortuko, azkenean, alde egingo dugu. Horretara goaz, eta berandu gabe.

Esloveniak Triesteri uko behar izan zion, independentzia lortuko bazuen. Lurraldetasunarena berriz aztertu daiteke, hori ikusita?

Triesterekin gertatutakoak ez du zerikusirik Euskal Herriaren egoerarekin. Lotzea oso ikuspegi baskongadista da. Izan ere, parekatzen hasiz gero, Trieste EAE litzateke, ez Nafarroa. Euskal Herriaren arazo nagusietako bat abertzaletasunaren ikuspegi aranista izan da, ezkerreko zein eskuineko aranismoa, alegia. Oso eragin kaltegarria izan du horrek. Anakleto Ortueta Olabeagako [Bizkaia] jeltzaleak argi utzi zuen Nafarroaren gaia bere idazkietan. Triestekoa, Trebiñurekin pareka daiteke, besterik ez.

Egutegia egina duzu?

Beti saiatu naiz igarlearen lana egiten. 2007an apustua egin nuen 2012rako euskal estatua izango genuela. Ez dugu lortu, egia da, baina ordutik honako aldaketa nabaria da. Ezin dut esan bost edo hamar urte, baina ziaboga etorriko da laster. Ikusi, bestela, Jean Grenet nola aldatu den hamar urtean, edo Egiguren PSOEkoa. Ikusi dute herri honen mugimendua ez dela artifiziala.

 

 

http://www.berria.info/hara/1678/alemaniak_euskal_herri_independentea_hobetsiko_du_espainiako_zulo_beltza_barik.htm