Donostiarron abuztuaren 31z

Edozein gertaera historikoz aritzerakoan aurrekariak nolabait aipatu beharrekoak dira. Testuingurura hurbildu gabe, ez gara gertaeraz egoki arituko.

Donostiaren 1813ko abuztuaren 31ko arpilatzea ulertzeko, zenbait aurrekari gogoratzeak merezi du:

—1808: Gaztelaranzko bidean, Napoleonen Frantziako armada Gipuzkoan sartzen da. Gipuzkoaren jarrera, Gaztelako Koroak kostata eta gogo txarrez errespetatzen zizkigun Foruen araberakoa izan zen. Atzerritarrei pasatzen utzi zitzaien (suposatzen zuen kalte guztiekin bazen ere), bere izaera propioa aldarrikatuz, jakinaren gainean erraldoi parearen erdi-erdian ginela, betiere.

—1810: Napoleonen erabakia: Bizkaiko Gobernua osatzen da, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba bertan bilduta. Diplomaziaren pasillo eta Garat anaien asmoetan euskal lurralde independentea zebilen, Napoleonen babesaz… (Ez dezagun ahaztu 1795ean Gipuzkoa independentea aurreikusi zela hala Frantziaren nola Ingalaterraren babesean, Basileako Bakearen atarian).

—1812: Cadizen Konstituzioa aldarrikatzen da, Espainiako lehenengoa. Gipuzkoaren izaera politikoa erabat aldatzen da, nahiz probintzia terminoa berbera izan. Espainietako Gorteek Cadiztik aldatzen dute gure izaera, lurraldea kontrolatzen ez duen arren, frantsesak ari baitira bertan.

—1813: Napoleonen armada atzerantz (Errusian bezala). Penintsulan espainiarrek bultzatzen dituzte Frantziarantz, nazioarteko interes politiko-ekonomiko-militarrek lagunduta, britainiarrek eta portugesek batez ere.

—1813ko uda: Frantsesek Gasteiz galdu ondoren, Napoleoni Donostia besterik ez zaio gelditzen. Gero… Bidasoa.

Donostia, hiri gotortua

Tropa aliatuen osagaiak aldatu egin ziren: Castaños jenerala han-hemenka agintzen, eta hantxe ere Wellington britainiarra nazioartekoen buru; baina soldadu espainiar gutxi ikusi zen Donostia setiatzen. Bertaratutako lehenak, gure probintziako mutilak zebiltzan frantsesak bota nahian; hain zuzen ere, Gipuzkoako Boluntarioen Batailoiak izan ziren.

Zenbait erasoaldiren ostean, behin frantsesei ustekabeko eztanda batez harresian eragindako bretxa estu bat zabaltzerakoan erasotzaileak barrura sartu ziren. Horiek arpilatzeko agindu eta eskubidea zuten. Posizio zailak lortzearren, aginte militarrak ohikoa zuen soldadu ausartenei arpilatze eskubidea eskaintzea.

Gipuzkoar mutilek uko egin zioten arpilatze basati hari, ongi baitzekiten donostiar hiritarrak baino Urgullgo gazteluan bildutako frantsesak zirela uxatu beharrekoak.

Ohore, beraz, gipuzkoar mutilei zein donostiar hiritarrei. Zorrotz deitoratzekoa, ordea, Castaños, Wellington eta gainontzeko tropa atzerritarren jarrera, britainiar eta portugesak, oro har, baina baita aleman, kroaziar, suediar, poloniar, herbeheretar etab. ere. Soldadu erasotzaileek Castañosen agindua zuten: gaztelua eraso aurretik donostiar denak aiztoz hil behar zituztela. Hiria erabat txikitu zuten: 600 etxetik gora bazituen Trinitateko kaleko 36 etxe besterik ez zituzten errespetatu, erasotzaileak beraiek bertan egokitzeko gordeta. Hiriz kanpoko auzo denak ere birrindu egin zituzten. Milatik gora hildako eragin zituzten, bortxaketa ugari, baita torturak ere lapurreta eta arpilatze orokorra eraginkorragoa izan zedin. Sarraskiak astebete iraun zuen. Are gehiago, irailaren 8an frantses armadako 3.000 soldadu eskasek amore eman zutenean, ohore guztiekin eta pasilloa luzatuz bere Emmanuel Rey jenerala buru zutela Bidasoa alderantz erretiratu ziren. Lord Lidenoch (Graham jenerala) agintari erasotzailea kondekoratu egin zuten, noski!

Eta ohore, berriz ere, donostiarrei, Zubietako Aizpuru oinetxean irailaren 8 eta 9an bildu ondoren hiria berreraikitzea erabaki zutelako (zalantzan izan baitzen merezi ote zuen ere…).

Urteotako ospakizunez eta, bereziki, 2013koaz

Ene uste apalean, ez egun bat, bi baizik ditugu ospatzeko edo:

—abuztuaren 30a, ordu arte eutsi baitzieten donostiarrek tinko erasotzaile aliatuek Santa Klara uhartetik eta Ulia, Chofre eta San Bartolomeko gainetatik eragindako bonbardaketa ugariei.

—abuztuaren 31: ez dago ezertxo ere ez ospatzerik, erailketa, bortxa, lapurreta, erretze eta sufrikario orokorra isilpean gogoratzea baizik.

—irailaren 9a: Zubietako erabakia eta donostiar ororen ahalegin itzela hiria urte luzetan, baina ahal zen azkarren bere onera itzul zedin.

Azkenik, bi ohar zehatz

—Espainiar armadak ez du zerikusirik, inola ere ez, onerako behintzat, gertatutakoarekin. Arpilatzearen aginduaren jakinaren gainean izan… bai, eta frantsesak uxatzen berriz gipuzkoarrak ibili ziren, ez gero Espainiar armada. Ez du, beraz, ospakizunetan lekurik behar.

—Bazter dezagun danborrada omen egun hauetarako. Aspaldian oso oker gabiltza danborradaren kontu historikoak lantzerakoan: gertaera tamalgarria 1813an izan zen, eta danborrada, inauteriko jaia bera, 1836ra arte ez zaigu aipatzen. Eta uniforme napoleonikoz!? 1881. urtera arte!

Agian, hobe genuke aztertzea 1813an erregimen mota berria inposatu zitzaigula, de facto: 1812ko Konstituzioa, handik aurrera denok espainol ginela agintzen ziguna. Napoleonek berak onartzen zuen Bizkaiko Gobernua ukatzen ziguna, eta, betiere, Provincias Vascongadas batetik eta Navarra bestetik.

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-08-30/006/002/donostiarron_abuztuaren_31z.htm