“Jabe izan edo ez izan”, horra hor euskal kuestioa, hezkuntzan ere

Kurtso hasiera bakoitzean euskaldunon bizi-indarrari hatsa emateko herritarrei dei egiten diegu ikastolen festen bira nazionalean parte hartzera Kilometroak eta Nafarroa Oinezekin errematea emanez. Horren inguruan hainbatek geure gogoetak egiten ditugu, geure egite eta zentzuari termometroa ipiniz. Eta gogoeta hori partekatzea du gaurko idatzi honek helburu. Ikusten ari gara egin diren adierazpen publiko batzuk burujabetza aktibatzeko ON eta KLIK egiten dutela, piztuz eta aktibatuz eta beste zenbaitek   stop emanez, gelditu.

 

Aurtengoan laukote bat dakarkigu gogoeta gunera: Espainiako Hezkuntza ministroa den Wert, Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak, Konkistari buruzko Kongresuan ponentzia eman zuen Floren Aoiz eta Euskal Herriko ikastolen zenbait ordezkarik egindako adierazpenak.

 

Bat, Espainiako ministroa den Wertek, despistatuta dabiltzan abertzaleei , gaur egun Hezkuntzan ere Estatuak erabakitzen duela gogorarazteko curriculumean Autonomiei emandako baimenak gutxitu ditu. Gainera hezkuntzan historia kontatzea Estatuaren ahotik  egiten dela bermatuko du. Baita elkarbizitzarako ezaugarriak aukeratu eta kontrolatzea ere.

 

Bi, Gipuzkoako Aldundia,  euskararen erabilerarako  erabakia martxan ipini duena, soberania mugatua badu ere, erabakiaren garrantziaz ohartuz, aurrerapausu estrategikoa lortuz.

 

Hiru, Floren Aoiz, Nabarraldek Konkistaren inguruan egindako Kongresuan emandako ponentzian, historia bat kontatzerakoan  nor, nori nork markatuz labur azaldutako esaldiarekin “jabea da beti, kontakizunaren jabe”. Hau da, boterean dagoen Estatua. Gure kasuan bai Espainia eta bai Frantzia.

 

Lau, Ikastolen Euskal Herriko Elkarteko zenbait ordezkarik  ikasturte hasieran egindako adierazpenak: “Zerbitzu publikoa da hezkuntza. Jabea ez da garrantzizkoena, baizik zer eskaintzen duen”. Gainera euskal hezkuntzako (!) legea eskatzen diote Autonomi Erkidegoko Administrazioari. Ez al dute argi  jabeak erabakitzen duela zer eskaintzen den ere?.

 

Hori horrela  geure buruari zera diogu:  zertarako euskalgintzan egindako erakundetze sare zabala? Zertarako alderdi abertzaleak, sindikatu abertzaleak, ikastolak, euskaltzaindia,  euskararen gizarte kontseilua, euskal hedabideen elkarteak, …?.

 

Ikastolakoek egindako adierazpen horietan nagusiki nabarmentzen dena zera da: lidergoa entregatzen zaiola erabat estatu espainolaren jabetza duen Administrazioari. Bai ikasleen identitatearekiko , elkarbizitzako oinarrizko printzipioetan menpekotasunez erantzunez. Bai irakasleei dagokionez Administrazioaren erabakipean utziz. Gainera  menpean hartzen gaituen Administrazioen lurraldetasun barrutian  kokatuz, Autonomi Erkidegoari bakarrik dagokion  Hezkunza Legea eskatuz. Non gelditzen da lurraldetasun osorako bermea?.

 

Giza eskubidetik datorkigu jabetza herri eta herritar guztioi ez kalitatezko funtzionamendutik .Hezkuntzari buruz gogoeta egiten duten askoren  oinarria funtzionamenduan  kokatzeak nahasketa sortzen du. Jabetzak ematen duen erabakimena ez datorrelako funtzionamendu ikuskeratik. Hain zuzen ere  ez dator kalitatetik: bikaina eta berritzailea izatetik. Ez da ere ikuskera moraletik: onak edo txarrak izatetik.

 

Proiektu baten zentzua ekarpenetik egiten da eta ekarpenaren adierazpena eta bermea jabetzatik,erabakitik. Horrek suposatzen du, nortasuna, gutasuna eta erabakimena argi izan behar dituztela ordezkaritza  eta lidergoa dutenek. Estatuek oso argi dute. Guk trantsiziorarte ere bai. Eta orain?

 

Estatuek inposatzen diguten eskola publikoaren aurrean egiten dugun ikastola aukera,  euskaldunok daukagun giza eskubidea da. Aukera desberdinak egiten ditugunen, inguruan sortzen den giroa, batzuek dioten pertsonen arteko liskarrak baino gehiago,  eskubideak  haustearen ondorioak dira. Herritarrok,  subordinazioaren egitura Administratiboa utzi eta soberaniatik, ia ehun urtetan gabiltza geure hezkuntza gauzatzen, geure muga eta guzti.

 

Norbere burujabetzatik erabaki eta duintasunez bizitzea eskubidea eta erantzukizuna da, herrientzat eta herritar emakume eta gizonentzat. Ikuskera hau beharrezkoa da, alderdi politiko edo sindikatuen interes kointuralei  ondo ez datorkienean ere bai.

 

Historian zehar, lehen, orain eta beti eskola publikoaren jabea estatua denez, geure burujabetzaren alde egin dugunean, gure seme-alaben euskalduntzea bermatzeko geure eskutik jabetza hartuta egitea aukeratu dugu  interes partidisten eta pertsonalen  gainetik.

 

Estatuek agintzen digute eremu guztietan: politikagintzan, sindikalgintzan, hizkuntzan, hezkuntzan, ….Baina herrritarrok geure eskuetan erabakia egituratzen duen sare zabala egiten jakin dugu. Formula juridiko deberdinez egituratu eta norberaren erabakiz, proiektua bermatzeko moldatu ditugu. Eta bene-benetako poza ematen du, herri bezala bizirauteko baligarriak  ditugulako.

 

Inork ez du kuestionatzen horien biziraupena, ondo edo gaizki funtzionatzeagatik. Beharrezkoak ditugulako jarraitzen dute. Funtzionamendua eraginkorra izatea, etengabeko erantzukizuna besterik ez da. Egoki ez dabiltzanean, egitekoak doituz, eraginkortzea dagokigu.

 

Zertan laguntzen digu une honetan gizarte zibila aspalditik erabiltzen ari den estrategi indartsuak gutxiesteak?. Azken urteetan zenbait abertzalek zergatik aplikatu nahi dute, bakarrik hezkuntzan, eredu guztiak “denak batera” ipintzea?. Hedabide propioei dagokionez ez da iritzi hori bultzatzen. Alderdi politikoei eta sindikatuei dagokionez ere ez. Euskalgintzako gainontzeko erakundeei ere ez. Zertarako bai hezkuntzan? Noren mesederako?.

 

Orain arte estrategikoa izan da geuk egin eta geuk bermatzea. Baina trantsizio ondorengo azken hamarkadetan, burujabetzatik kanpo uzten den eremu bakarra hezkuntza izaten ari da. Bi identitate desberdin aukeratzen dituztenen ereduak bateratu nahi dira, Estatua jabe den eskola publikoa eta herri hau jabe duen ikastola. Eta hori Euskal Estatua eta independentziaren aldarri ozena egitearekin bateratzea  nola ulertu daiteke?

 

Herritarrok, zenbait interes partidista eta pertsonalen gainetik, nahi dugun herri identitatea, euskalduna, subjektu politiko burujabea, librea, justua, eragile eta solidario ezaugarriz osatutakoa nahi dugu. Beraz, ikasleak ere ezaugarri horietan trebatzeko erantzukizuna daukagu, eta kooperatiba bidez, Euskal Herri osoan eta tokian tokiko herrietako ikastoletan hori bermatzea dagokigu. Eta horretan gabiltza herritar asko eta asko  ia ehun urteotan.

 

Horregatik galdera bat datorkigu burura: Ikastolen zer Batzarretan erabaki da 1993an ikastola guztiak  hartutako irizpide estrategikoa aldatzea?. Alderdi politikoen bultzadaz norabide publikoaren inguruan gogoetak luzaroan egin ondoren, Armentiako Batzar Berezian, Euskal Herriko ikastola guztiak  bildurik gehiengoz erabaki genuen, Buesaren eskutik zetorren Euskal Eskola Publikoaren aurrean, Autonomi Erkidegoko Administrazioaren jabetzaren azpian ikastolak  ez uztea, eta ikastolak  duen identitateari  eusten jarraitzea, hau da, Euskal Herriaren  eskola propioa izaten jarraitzea geure burujabetzatik. Aurretik, 1983an, EAJ-k ikastolak talde berezi bezala Erkidegoko Administrazioaren esku gelditzeko EIKEren eskaintzaren aurrean erabaki  zen bezalaxe.

 

Publikoa, zaharra, berria eta tartekoa, beti jabe berdinarena dela argi egonik, estatuarena, beraz, Espainiarena eta Frantziarena,  zertarako erabiltzen dira “berria” ,“zerbitzu publikoa” eta antzeko termino anbiguoak, hezkuntzan , bere muga eta guzti, hezkuntzan gure soberania bermatzen duen bakarra ikastola denean?.

 

Euskaldunok  existitzen jarraitzeko ari gara, geure seme-alabak eskutik eramaten.  Lurraldetasun osoan hori nahi duten guztiekin elkarlanean, seme-alabak maitatzeak ematen digun indarra den interes bakarrarekin, beraien garapen osoan laguntzea eskutik bermatuz. Ikastolakoek egunerokotasunean herri egitasmo honekin  konprometitzearekin harro gaude guztiok, guraso, ikasle eta langileak. Eta hori bultzatzen duen lidergo argia merezi, eta behar dugu.

 

Horregatik eskakizun zehatza:  “ikastola” izena eta izana argitu eta sare propioaren aitorpena  eta trataera berreskuratu 1993 arte izan genuen bezala.

 

1512ko konkistaten 500. urteurrena gogoratzea, ikastolok argi daukagu,  zer garen eta zertarako : Ikastolak, euskaldunon soberania hezkuntzan bermatzen duen  bakarra izanik, bere muga eta guzti, Nafar Estatuaren, Euskal Eskola Nazionalaren  motor gara, euskaldunok herri bezala existitzen jarraitzeko. Eta harro gaude. Gora ikastola eta bizibedi!

Nabarralde-k argitaratua