Legearen erresuma

Azken urtebetean eman ditudan hitzaldietan sumatu dut jendeak ez dakiela, benetan, bizi dugun egoera politikoaren egia zein den. Hedatu den lengoaiak, bere «bakegintza», «normalizazioa» edo «aro berriari» buruzko lelo itxaropentsuekin estaltzen duela etsaiak mendeetan ezkutarazi nahi izan duen egia bera: herri okupatua garela, menderatua.

Lehen okupazioa gerraren bidez ematen da; biolentoa da, menderatzaileak lurralde okupatuko biztanleak erailtzen ditu, emakumeak bortxatzen, senide eta adiskideenganako mendekua ezartzen. Lurrak, ondasunak eta etxeak kentzen dizkie, erakunde politikoak suntsitzen ditu, bereak ezartzeko.

Bigarren okupazioa belaunaldi batek ezagutu duen biolentzia horren mehatxuarekin soilik gertatzen da; biolentzia birtualak biolentzia errealaren lekua hartzen du. Menderatzaileak aski du abisatzea zer gerta litekeen; eta menderatuek zer gerta dakiekeen badakitenez, obeditzen hasten dira. Orduan agertzen da legedia, bigarren okupazioaren funtsezko tresna, menderatuengan ongi sustraitua dagoen beldurraren gainean altxatzen den eraikuntza juridiko-politikoa.

Gerta liteke mende baten ondoren belaunaldi berriak legedi hori kuestionatzen hastea. Orduan estatu menderatzaileak berriro erakutsiko die legedi hori babesten duen biolentziaren neurria, sarraski puntual eta kontrolatu batzuk barreiatuz han-hemenka. Horrekin lortzen du bere indarraren oroimena aktibatzea biztanleen inkontzientean. Behin oroimen hori berpiztuta, beste aldi luze batean aski izango du biolentzia birtualaren mehatxua eginda biztanleria konformagaitza otzantzeko eta apaltzeko.

Beldur hori biztanleen garunaren sakonean txertatzen denean, orduan biztanleak eurak hasiko dira, beren kasa, bizi duten sistema politikoa goraipatzen, ematen dizkien aukerak laudatzen, eta aukera horiek ez aprobetxatzeak dakarzkigukeen galerak azpimarratzen. Herria lokartua geratuko da beste epe luze baterako, erreakzio ahalmenik gabe, pultsu politikorik gabe, estrategia bat diseinatzeko talenturik gabe, itsutasunak ostu diolako egoera ulertzen lagunduko liokeen diagnostikoaren argia.

Horregatik, menderatzaileak proposatzen dituen hauteskundeetan ez lukeela parte hartu behar esaten badu norbaitek, herriak harrituta begiratuko dio pertsona horri, ero bati bezala, eta bat-batean aterako zaio protesta: «Baina… botere guztia haien esku utzi nahi duzu?». Ohartu gabe jadanik badagoela botere guztia haien esku.

Okupazioaren hirugarren fasean dago orain herria. Zenbat eta fase gehiagotan aurrera egin, orduan eta zailago izango du herri menderatuak bere burua integrazioaren ur ilunetatik ateratzen. Ur horietan murgilduta egoteak pentsatzea galarazten dio, joko arauek dauzkaten muga hertsietan irtenbiderik ikusi ezinik.

Politika egiten ari dela pentsatuz, ez du ulertuko zergatik politika horrek ez dituen fruitu bikainagoak ematen, eta hasiko da aitzakia bila, hor, hemen, han eta harantzago. Zirkulua itxia da dagoeneko: biolentzia, beldurra, itsutasuna, nahasmena. Oraindik ere asmatuko du herriak gauza politak esaten, emozioekin eta sentimenduekin jokatzen, baina jarraituko du bere izaerarekin loturak mozten dizkion akulturizazioan murgiltzen gero eta gehiago.

Ahaztuko zaizkio herriari bere burua definitzen duten hitzak, okupazioaren aurreko hiztegia urrun geratu baita. Erauziak izan ziren ideia haiek: Europako beste erresuma batzuen pareko estatu bat osatu genuela euskaldunok, Europako gorteetan ezagutuak ginela gure independentziagatik, gure mugak garaiko mapa guztietan ongi zehazturik zeudela, ea.

Hiztegi propioaren faltan, herri okupatuak menderatzailearen hiztegia erabiltzen du bere buruaz hitz egiteko. Menderatzailearen hiztegiak, ezinbestez, menderatzailearen parte egiten gaitu, eta gure historia ere, menderatzailearen ekintzetan parte hartutako espedizioek osatzen dute. Gaur da eguna, oraindik gure hezkuntza sisteman gure historia propioa kontatu ezin duguna. Sistematik kanpo, bakarka, bolondres taldetxoen laguntzaz eta marginalitate hutsean ikasten dugu euskaldunok gure historia propioa.

Gaur da eguna herriak bere okupazioaren historia ezagutu ere egiten ez duena. Gehienek uste dute Frankorekin hasi zela dena, eta Gernika izan zela euskaldunen odolezko bataioa.

Nafarroako Erresuma legearen erresuma izan zen, euskaldunok geure bizitza antolatzeko geure buruari eman genizkionak. Hura deuseztatu eta menderatzaileak bere legedia ezarri zigun. Baina legedi «inposatua» zena legedi «onartua» bihurtu dugu geure onespenarekin. Legedia da inposizioaren puntu sentibera, puntu klabea, gakoa eta zepoa.

Okupazioaren laugarren eta azken fasea ematen da herri menderatuak legedia «bere» egiten duenean, legedi inposatuari bere askatasun propiorako tresna baliagarriaren balorea ematen dionean. Hortik aurrera, estatu menderatzailearen automatismo hutsak desegingo ditu legedi hori baliatuz abiaturiko ekimen errebelde guztiak.

Bere historia ahaztu duen herriak, izandako boterearen itzulketa bilatu ordez, zapaltzaileak eskaintzen dion boterearen banaketa lehenesten du. Historiari «historizismoa» deitzen dio, ahaztuz gaur indartsuenak diren nazioek urre-zapitan gordetzen dutela euren historia, eta historia horri esker iritsi direla gaurko botere mailara.

Ngugi Wa Thiong idazle afrikarrak Erlea aldizkarian dioen bezala: «Menperatzeko sistema baten azkeneko garaipena da menperatua sistema horren onurak kantatzen hastea».

Legea da sistemaren bihotza. Legeak menperatzaileak sortu zituen bere ekintza terroristari kutsu politikoa emateko, okupazioa iraunarazteko, eta guk okupatuak izan ginela ahazteko. Alferrikakoa da legedi hori etsaiaren kontraesanak salatzeko erabiltzea. Komeni ez zaienean legedia alda dezaketelako nahierara. Hauteskundeak dira legearen berme: herri batek sistema politiko arrotza onartzen duen orena.

Lau uztai menderatzaile ditu herriak: arratsaldeko zortzietan hautestontziak hutsik aurkitzen dituzten egunean emango du herri honek askatasunerako lehen pausoa.

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-10-07/010/001/legearen_erresuma.htm