Paper bat, ‘independentzia’ jartzen duena

Esaldi baten durundia dabil aspaldian nire garunean bulunbaka: «Euskal Herria Europako nazio gisan aitortzea nahi dugu». Hitzotan dena esana dagoela eta argibiderik behar ez dutela sentiarazten duen arren, bere oihartzunaren isatsa luzea dela iruditzen zait; klabea den zerbait ukitzen duela.

 

Ez al gara, jada, nazio bat? Galiziako ume bati entzun nion esaten, «Si Mari, o País Vasco é un país distinto, non vés que o dí o nome mesmo?». Eta nazio hori ez dago Asian, ezta? Beraz, Euskal Herria bada, dagoeneko, Europako nazio bat. Hartara, paper bat da falta zaigun bakarra, «independentea» dioen zigiluarekin, gure herria munduko harreman politikoen erregistroetan, wikipedian eta entziklopedietan kokatuko duena.

 

Herri independente batek hiru osagai nagusi dauzka: lurralde bat, populazioa eta estatua. Lehenengo bi baditugu, hirugarrenaren aitormena nork egingo digu, ordea? Espainiak (edota Frantziak) inoiz ez. Espainia estatutua bezalako lege-sorta subsidiarioa betetzera ere ez da iritsi 33 urte ondoren (Iñigo Urkulluk salatu zuen abuztuaren 27an, lasai asko geratuz), eta inoiz ez diote uko egin izaera inperialistari euren lurralde-ordenamenduari dagokionez.

 

Baina kuriosoa da: eurek ez daukate agiririk Euskal Herriak haien egitura politikoaren barnean bizi nahi duela dionik. Nafarroak ez zuen bere soberania borondatez galdu. Alderantziz: soberania bahitua izan zen, biolentziaz eta bortxaz, nafar agintariei gorteetan biltzeko eskubidea erauziz. Ez dago dokumentu bat non nafarrek uko egiten dioten, euren erabakiz, independentziari. Militarki bereganatu gintuztenek, orain lege korapilatsuen amaraunean sartzea exijitzen digute, bukaeran Europar Batasunaren onespena iristekotan.

 

Horregatik dio Tomas Urzainquik gure nazioa ez dela eraiki ere egin behar; badago, egina dago. Askatu egin behar da, berriro Europako estatu propioa duen lurraldea izan dadin.

 

Espainia eta Frantziako gorteetan diseinatua izan zen gure lurralde zatiketari osotasunaren kontzientzia batetik erantzungo bagenio, aski genuke «deboluzioaren» edo «itzulketaren» ideia zirkulazioan jartzea, denontzat balioko lukeena; izan ere, hirurak, Iparraldea, Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoa ziren Erresumaren osagarri.

 

Independentistak sareak salatu du Euskal Herriari naziotasuna eta erabakitzeko eskubidea ukatzen dizkiola Espainiako Konstituzioak, eta hilaren 6an, urtero, konstituzio hori ospatzera behartzen gaituztela; baina ahaztu zaie esaldiaren ifrentzua: geuk ospatzen dugula konstituzio hori, geure borondatez, Espainiako sistema politikoaren barruan bozkatzera joaten garen aldiro.

 

Sistema politikoari ez diogu ematen daukan garrantzirik. Lehenbizi ametsak plazaratzen ditugu; gero jendeari esaten diogu sistema horren barruan lor daitezkeela ametsok: fedea behar dela, herri mobilizazioa, inflexio puntura iritsi. Baina errealitateak ez du horrela funtzionatzen.

 

Sistema politiko batek hiru ezaugarri nagusi ditu: Bat: gizarte kohesioa ezartzen du koertzioaren bidez; biolentziaren mehatxu birtuala hedatzen du legedia baliatuz. Legea zer da? Paper bat sinatzeko monopolioa, eta sinatutakoa aurrera eramatekoa. Estatuaren paper batek jartzen badu zuk ez duzula zorra ordaindu, etxea kenduko dizute. Beste paper batek badio terrorista zarela, atxilotu egingo zaituzte. Paper batek zure homosexualitatea ezagutzen badu, eskubideen jabe izango zara, bestela ez.

 

Bi: hierarkia bat ezartzen du erakundeetan, sistema piramidal hertsia finkatuz. Horrela, behe-mailako erakunde batek ezin du goi-mailako erakunde baten ahalmenik eskuratu. Legeak bermatzen du goikoaren nagusitasuna eta mendekoaren obedientzia. Piramidea udalekin hasten da; haien gainetik daude, EAEri dagokionez, Aldundiak, hauen gainetik Jaurlaritza, honen gainetik Madrilgo Kongresua, gorago Espainiako Gobernua, honen gainetik Auzitegi Konstituzionala, eta erpinean, sinbolikoki bada ere, Monarkia. Jaurlaritzak inprima dezake paper bat Euskal Herriaren independentzia aldarrikatuz. Berehala baliogabetuko dute hierarkiaren gaineko erakundeek; haien esku dago gure ametsen legitimazioa, haien sistema politikoan planteatu ditugun unetik.

 

Hierarkiaren errespetua sakratua da sistema politiko batentzat, estatikoa, ukiezina, metropoliari bere indarraren monopolioa ziurtatzen diolako erakunde periferiko eta subsidiarioen gainetik. Ibarretxek Madrilgo Kongresuan Estatutu berriarekin egin zuen agerpen umiliagarria izan da hierarkia honen argazkirik garbiena.

 

Hiru: sistema batek defentsa mekanismo zorrotzak, indartsuak eta eraginkorrak dauzka barrutik hel dakizkiokeen erasoen aurrean. Sistema bat ez da auto-suntsitzen; aldiz, bere aurka datozenak suntsitzen saiatuko da kosta ahala kosta, eta horrek nazioartean deslegitimatze apur bat ekar balekio ere, ez du etsiko lurralde aztoratzailea apurtzen. Suntsiketa ez da negoziatzen, gauzatu baizik. Lurralde sublebatuak bakarrik ezin badu, beste lurralde batekin elkartu beharko du estrategikoki metropolia belaunikarazteko.

 

Horregatik deitzen zaio «sistema politikoa» herri bat antolatzen duen erakundetze prozesu sakonari; bestela fundazio bat litzateke, elkarte bat, boluntarioen erakunde bat.

 

Galdera bat egin behar genuke: Espainiako sistema politikoak nola funtzionatzen du Euskal Herrian? Erantzuna: Ongi. Oso ongi ere. Geuk laguntzen diogulako ongi funtzionatzen. Gure artean bere hedapenari trabak jarri ordez, sistema hori gure lurraldean inbiable bihurtu ordez, geureganatu egin dugulako. Integratu dugu gure imaginario politikoan. Sistema horrek inoiz ez digu paper bat emango, «Euskal Herria, herri independentea da» esaten duenik.

 

Geure sistema politiko propio bat sortu arte, bere botere egituratzailearekin, ez dugu izango herri gisa munduaren aurrean izaera bereizia aitortuko digun paper konstituienterik. Hori da herri batek, indartsua denean, bere burua maite duenean eta emozio hori politikoki antolatzeko adimena daukanean burutzen duen ekintza nagusia.

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-12-09/004/001/paper_bat_independentzia_jartzen_duena.htm