Baltikotik iritsitako miniatura bat

Herriz herri ematen ari naizen hitzaldiak eta idazten ditudan artikuluen oihartzunak primeran etorri zaizkit gure herriaren egoera ideologikoa hobeto ezagutzeko.

Azpeitian hau galdetu zidaten: Gernikako Hitzarmenak dioen legez, negoziazio mahai demokratikoan eserita iritsiko da independentzia, ala independentziak ezarriko du demokrazia? Abenduan, Julen Goñik nitaz BERRIAn argitaratutako testuan, galdera interesgarria egiten zuen: «Europan azken 25 urteetan sortu diren estatu guztiek bide parlamentarioa jorratu badute, salbuespena izan behar du Euskal Herriak?».

Ordea, azken galderak dakarren baieztapena ez da egia historikoa, gure artean, politika baten legitimazio gisan ala ezjakintasun soilaz hedatu direnetako diskurtso subjektibo bat baizik.

Lituaniaren independentzia prozesua bi galdera horiek erantzutera dator. Lurraldez handiagoa, biztanlez gure antzekoa da Lituania, 3,5 milioi, eta parekotasunak ugariak dira. 1918ko otsailaren 16an Lituaniako Independentziaren Aldarrikapena sinatu zuen Kontseiluak, Lituania subirano eta demokratikoa ezarriz, hiriburua Vilniusen zeukana.

Azaroan behin-behineko konstituzioa onartu, lehen gobernua osatu eta berehala hasi zen antolatzen armada, polizia, lurraldearen egitura probintzia eta udalen bidez; honela, aldarrikatutako independentzia ezarria izan zen.

1940an Sobietar Batasuneko armada Lituanian sartu zen, lurraldea anexionatuz. Populazioak ez zuen independentzia galtzea onartu, eta gerrilla-borroka antolatu zuen 1956 arte. 400 urte lehenago Nafarroan gertatu bezalaxe. Baina oroimen batek bestea dakar. Mendebaldeko herrialdeek ez zuten anexioa onartu, eta harreman diplomatikoak mantendu zituzten exilioko agintari lituaniarrekin, Jose Antonio Agirreren gobernuarekin bezala. Sobietarren okupazioak 1991 arte iraun zuen, eta saiatu ziren lituaniar kultura deuseztatzen, hizkuntza desagerrarazten, herria errusifikatzen, gurean Franko saiatu zen bezala.

1988an Lituaniar Mugimendua sortu zen, eta 1990ean, hauteskundeak irabazita, Vytautas Landsbergis presidenteak Lituaniaren Independentziaren Aldarrikapena egin zuen martxoaren 11n, Iraultza Abestua deitu izan den herri mugimenduak lagunduta. Sobietar Batasunak ez zuen onartu; armada Vilniusen sartu zen, eta 14 lagun hil zituzten.

Hemen hasten dira ezberdintasunak: Landsbergisek Sobietar Batasunaren legedipeko hauteskundeak irabazi zituen, baina gero ez zion baimenik eskatu, ez erabakitzeko eskubiderik negoziatu ere. Etsaiaren ahuldadea aprobetxatuz, bere buruari emandako gobernuak aldarrikatu zuen independentzia Lituanian. Jokoaren arauak aldatu zituzten, guk ez bezala. Ñabardura horrek erabakitzen du garaipenaren eta porrotaren arteko aldea arazo nazional bat dagoen kasuetan.

Presidenteak ez zuen onartu independentzia ez litzatekeen beste akordurik Sobietar Batasunarekin, eta erreferendumera deitu zuen 1991ko otsailaren 10erako. Independentziak irabazi zuen %90arekin. Eta martxoaren 17rako Mijail Gorbatxovek SESB (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) osoan erreferendumera deitu zuenean, hona presidente lituaniarrak esan zuena: «Erreferendum sobietarra SESBen ospatuko da, eta ez Lituanian. Atzerriko legeak ez dira aplikatzen errepublika honetan».

Azkenik, abuztuan Moskun eman zuten estatu kolpearen ondoren, nazioarteak Lituaniaren independentzia aitortu zuen. 13 urte ondoren, 2004an Europar Batasuneko partaide bilakatu zen. Independentziarekin, «desobietizazio» kanpainari ekin zion gobernuak, suntsituriko museo, liburutegi, gaztelu eta enparatuak eraikitzeari; kultura eta hizkuntza lituaniarrak sekulako aurrerapena izan du.

Hona erantzuna guretzat: independentziak ekarri zuen demokrazia Lituaniara, eta ez alderantziz; Sobietar Batasunaren sistemak ez zuen independentziarik ekarri Lituaniara. 1918ko aldarrikapena izan zen Lituaniaren existentziaren oinarri legala munduaren aurrean; independentzia «berreskuratu» egin zuten, lehen ere izana zutelako. Guk bezala, baina guk ezin irteera aurkitu. Lituaniako Estatuaren Berrezarpen Aldarrikapena deitzen da 1990ean egindakoa, bi aldarrikapenen arteko lotura nabarmenduz.

Horra herri bat askatzeko hiru klabe: bat, lehen izandako botere egiturak berreskuratu; bi, menderatzailearen sisteman ez parte hartu; hiru, erakunde propio batetik negoziatu, ez etsaiaren mendeko guneetatik. Kontua ez da ereduak kopiatzea, paradigma batzuk ezagutzea baizik, eta jarrera bat edukitzea, garbia, etsaiaren aurrean. Jarrera da gero datozen ekintzen gidaria.

Zentzu horretan, Andoni Olariaga Filosofian lizentziatuak ere alderatu zuen, artikulu batean, Bilduren parte-hartze instituzionala Che Guevararen ibilbidearekin, azpimarratuz armak erabili zituen gerrillaria ministro izan zela gero. Ahaztu zitzaion esatea Che Guevarak boterea lortu zuela, gobernu independente bateko ministroa izan zela, eta ez Estatu Batuen menpeko autonomia batekoa; halakorik ez zukeen onartuko ere.

Zertzelada horrek baliogabetzen ditu Che Guevararekin egin litezkeen alderaketa guztiak. Filosofia hauxe baita: funtsa azalkerietatik bereiztea. Eta politikan jarrera filosofikoa hau litzateke: egiazko diagnostiko bat egitea, nahiz eta alderdi baten (edo batzuen) interesarentzat deserosoa izan.

Zehaztasun falta horrek zarpaildu egiten du gure diskurtsoa. Pentsamendu askea, ez-sektarioa gaitzesten duen (eta gaitzespen hori txalotzen duen) herria bihurtu gara. Aitzakiatzat esan dezakegun bakarra da herri menderatu zaharra garela, eta horrek ahantzarazi dizkigula funtsezkoak diren gauza asko.

Pentsamendua alderdi politiko baten mesedetan jartzen denean, eta ez egiaren ikerketa zirraragarrian, antzu bihurtzen da, sektario bilakatu delako automatikoki. Eta sektario bilakatu den froga hauxe da: etsaiak ikusten dituela pentsamendu hori partekatzen ez dutenengan, irain pertsonaletaraino iritsiz batzuetan. Interes politiko batzuk estaltzearren errealitatearen diagnostikoa egiteari uko egiten badiogu, pobrezia ideologikoa baino ez dugu jasoko.

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-01-06/004/001/balkoitik_iritsitako_miniatura_bat.htm