Gaizka Aranguren: Valentzia, Nafarroa Garaia, historia, imaginarioa, identitatea

“Nosaltres els valencians” liburuaren bere bertsioa eman zuen argitara Xabier Zabaltzak duela urte batzuk.

Martxelo Otamendik, Vilawebeko Vicent Partalekin batera betetzen duen Berriaren iritzi txokoan Valentzia izan zuen aztergai joan den astean… Nafarroa Garaiarekin konparatuz.

Gaurkoan Santi Leonek heldu dio ildo horri Berriako azken orrialdeko zutabetxoan.

Valentzia. Horra konparaziorako eredua. Kataluniar Herrietako Valentzia omen da Nafarroa Garaia Euskal Herriarendako. Ez Araba, ez Zuberoa, eta ez noski Gipuzkoa, inondik inora ez. Valentzia erran eta Nafarroa Garaia datorkie burura hainbat laguni. Barka, Nafarroa Garaia ez, Nafarroa.

Euskaldun guztion identitate politikoari nafarra deitzearen aldekoen jarrera historizismoa dela dio, erraterako, Santik. Antsoen erresuma zaharrarekiko lerde isuri jasangaitza.

Ukaezina da badela hainbat lagun erreferentzia historiko jakin batzuen argudio huts eta hutsalarekin aski dutenak. Bada jendea beraz, garai batean horrela izan zelako, etorkizunean horrela behar duela izan erraten duena; baina, Euskal Herri imaginarioaren alde idatzi zuen lagunari historizismo antzua eta imaginario kolektiboaren elementu historikoen erabilpenaren arteko desberdintasunak antzemateko gaitasuna aitortzen genion batzuk.

Iraganaren erreferentzia hutsak, historiak bakarrik, ez du xede politiko edo identitate kolektibo bat egituratu eta sendotzeko balio, argi dago; baina erreferentzia historiko komunek imaginario kolektiboaren parte ere badira eta, ondorioz, edozein pertsona, kontziente edo inkontzienteki identitate politiko baterantz edo bertzerantz lerratzeko indarra egiten dute, pertsona batzuendako inportantea izanen da iragana eta bertze batzuendako batere ez.

Errege bisigodoak, errege katolikoak edo el Cid ezagutzen duen iruindarrak, erreferente historiko horiek Sevillar batekin konpartitzen ditu, ez Donibane Garaziko batekin. Eta Donibane Garazikoak Les Gaulois, Charlemagne eta jean d’Arque Pariseko batekin partekatzen ditu, baina nekez Iruñekoekin.

Edozein giza taldek erabiltzen ditu, bertzeak bertze, iragan komuneko erreferentziak bere identitatea sendotzeko. Inork pentsa dezake, zilegitasun osoz, euskaldunok, nafarrok, ez ditugula behar. Bada, erraza da, behar ez dituenak ez ditzala erabili. Baina zergatik sartu behar zaie egunero hatza begian erreferentzia historikoak ere identitate politikoa osatzerakoan erabilgarriak iruditzen zaizkienei?

 

http://euskalerriairratia.com/?p=546727