Ibarretxek porrot?

Harrigarria da Kataluniako aferan Espainiako alderdiek Ibarretxek egindako bidea eredu bezala jartzea. Ibarretxek porrot egin zuela esaten dute; eta aldi berean, katalanek ere bide hori har dezaten nahi dute. Alegia, Espainiako Kongresuan eta haien legediarekin erabaki dadila auzia, ez Katalunian eta Nafar-euskal herrietan.

Ibarretxek Kongresura eramandako planak, independentzia aldarrikatu gabe, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Espainiaren arteko harremana asoziazio askean oinarritzen zuen. Hego Euskal Herria Espainian txertatzeko proposamena zen. Ezetz esan zioten. Bide beretik joan zen Kataluniako Estatutu Berriaren proposamena. Alfontso Guerrak “zepilatu” eta Konstituzionalak “lisatu” ondoren ezetzarekin itzuli zen.

Espainian txertatzeko adostasunezko proposamena egin zutenena al da porrota? Ez al dute pentsatu nazio hauek Espainian txertatzerik ez badute, Europan txertatzea beste biderik ez dutela? Norena da porrota?

Eta nortzuk dira irabazle? Bada, “asoziazio askean” ez oinarritzekotan, Europan Estatu propioa eraikitzea (berreraikitzea) baino beste biderik geratzen ez dela uste dutenak. Noiz gauzatuko den eta zein bidetik etorriko den ez dakigu, baina, etorri etorriko da. Errespetatzen ez gaituztelako, gure izaerari uko inoiz egin ez diogulako, Espainiak era ez legitimoan (konkista militarrez) irentsi gintuelako; eta batez ere, nahi eta gehienok horrela erabakiko dugulako.

 

Nabarralde-k argitaratua