Disturb me!

Hitzak_min

Uste dut lehenago gehiago ikusten zela hoteletako geletan «don’t disturb» zioen karteltxoa. Goizean, gosaltzeko inongo asmorik gabeko pareak bakea eskatzen zuen zintzilikarioa heldulekuan jarriz, alegia, «ez iezaguzue molesta, otoi».

Horren kontrako mezua izan zen, ordea, neguko goiz hotz batean nerabe talde harrotu bati eskola ematen ari nintzaiola bat-batean burura etorri zitzaidana. «Disturb me». Plast! Argi-argi. Ez dakit zer dela eta ingelesez, gainera. Badirudi publizitate subliminalaren antzera, nonbait funtzioa ongi bete dute hainbat mezu kodifikatu eta ongi diseinatuek. Goiz-goizeko ordu lotsati horiek ziren arren, esaten ari nintzenari helduz, neska-mutilek harrabotsa euren baitan. Bost minutu baino ez ziren pasa txirrinak jo eta gelan sartuak ginenetik, eta hark Pasioaren adaptazio modernoaren agerraldia izatera zihoala zirudien. Isiltasunak edozerk baino hobeki jantziko gintuelakoan, ni; ikasleek, ordea, ez zuten hala uste. Asotsa, zarata, buila.

Esparruak esparru eta adinak adin, gizarteak gaur distrazioaren eta asaldatzearen beharra agertzen du nolabait. Disturb ingeles aditzak hamaika adieraren bitartez ezin hobeki biltzen du bere baitan gaurko giza-joera kutsakor hori. Molestatu, nahasi, desordenatu, aztoratu, eten, apurtu, larritu, artegatu, ziztatu… denak bat. Erabat agerikoa da minutu bakar batez serio erreparatzen badiogu: musika (kaskoez) aldiro belarri-zuloan; hitz egiteko aukera duinik ematen duen tabernarik apenas; bizilagunen algarak; autoen zalapartak; txaloa, orkestra-obraren azken biolina isildu baino hiru segundo lehenago; iragarki tarteen ozentasunak; mendizalekeriaren ausardia sonoroa; telefonoen soinu-inbasioa; hitz-jario hutsal eta jasangaitzak…

Isiltasunak beldurtzen gaitu. Batzutan zer den ere ez dugu garbi. Ez dakigu isiltasunean egoten, norbere buruarekin egotea baita, eta hori, edozeren gainetik, lan nekeza da. Gure buruarekin gaudenean, gure zalantzekin, segurtasun faltekin, maniekin, arazoekin, berekoikeriekin, bekaizkeriekin, gabezia eta soberakinekin egiten dugu topo. Edo tupust. Eta batzuetan horietarik nahi baino gehiago izaten ditugu. Horregatik-edo, gaur ia dena zarataren atmosferaren meneko egin dugu. Horregatik-edo, kanpotik datorkigun «musika» hori dena ezin hobeki datorkigu, berezko kezka-gaiak faltsu samar erlatibizatzen laguntzen digu.

Gero eta kaletarrago garen honetan, kutsadura akustikoa bihurtzen ari da gure paisaia. Gelak, zentzu honetan ere, gizartearen lagina ematen digu. Gela, gizarte txiki bat da. Joera berriak (eta zaharrak) identifikatzeko laborategia. Goiz hartan, bereziki, «don’t disturb» baino, «disturb me» eskatzen ari zirela sentitu nuen. Izan ere, iruditzen hasia zait molestatzen ez duenak, molestatua izateko beharra sentitzen duela.

 

 

http://www.noticiasdenavarra.com/2013/01/20/ocio-y-cultura/disturb-me