Haizegoa

Hitzak_min

Beti egiten dugu iragan denborarekiko loriatzea; joandakoa egungoa baino hobea omen maiz, batez ere malenkoniak hartzen gaituenean, hasperen artean. Eta iragana sobera presente izatearekin erne. Baina mitifikazio horren harira, oraingoan bai, hala daitekeela darabilgu pentsamen, aho batez. Inoiz izan diren gertaera lotsaemangarrienak sufri-tzen (edo irensten) ari gara, etengabe, hemen eta han, honela eta hala. Eguneroko menua. Eta bihurgune guztien gainetik, aspaldi bidean den elur-pilotak aurrera darrai, gero eta handiago, gero eta suntsitzaileago haren pean hartzen duen edozerekin.

«Dena faltsua da, gauzaren bat izan ezik». Urduritasunak traizio. Egiak irrist eta mingainak plaust. Hitzak agerian utzi zuen beste hori nabarmen. Ageriaren agerira ailegatu dira ezeren eredu ez diren horiek, ezinago ustel eta zital, eta ustezko duintasun bati eusten diotelakoan, antzezkizunak hartu duen kolorearen nabarrarekin hurrena zer izanen den beldur da herritarra. Nondik ez?

Txotxongiloen eszenario xahua; egiazko inaus eternoaren aurpegia; pantomimaren gonazpia. Penitentzia ederra gurea, inoiz laino artean gaztelua gailendu bazen, gerora bekatua garesti agindu digu auzolagunak. Edo halabeharrezko teilapeko nagusi-kuadrilak. Amen.

Honekin gora eta behera goizero jaiki behar izatea nekagarria da; itsasontzia nola hondoratzen ari diren aurrez aurre ikusiz, larrutik ordainduz, gogotik pairatuz. Eta bitartean herri bat bere etorkizunaren esperoan dago. Halako baldintzetan, egin kontu ze fitxa mugi daitekeen xake-taulan. Gure egiazko ardura errotik aldarazi digute, eta orain beste arazo batzuk geure egin dizkigutela, benetako erronka, helburua eta kezka bigarren plano batera aldatu da.

Euri-jasa honen aldean, aurtengo neguak ekarritako euri eta elurrak nahiago, zalan-tzarik gabe. Iruditu ere iruditu baitzait eguraldiaren atala (telebistako saioetan, bederen) gero eta luzeagoa dela, albistegi nagusia hutsalagoa den neurrian. Guk ere, a zer ardurak (ez bakarrik igogailuan, orain arte bezala) eguzkia izanen ote dugun, lainoa, eguzkia laino giroaz, euria, kazkabarra eta arratsean euri, euri-jasa haizedunak, elurra 500 metrotik gora, zirimiria edo haizegoa, atx!

Bi eguraldi klase, hara. Bata jasangaitza egin zaigun heinean, bestean trebatu gara kurios eta fin. Beharra akaso, edo terapia preziso, portzikaso. Hala, bi haizego klase. Batak burukomina ekartzen dio hainbati (ez samurra gainera), baina ibuprofenoa hartuta arintzen da mina. Bestearen nahasmena sendatzeko pastillarik ez, ordea.

http://www.noticiasdenavarra.com/2013/02/17/ocio-y-cultura/haizegoa