Krisiari so, osotasunetik

Munduan ematen ari den krisi haundi baten barnean, euskaldunok, nafar eskarmentutik ari gara  erronka berriei aurre egiten, hau da subjektu politiko izaeraren zentzua indarberritzetik. Izaten jarraitzea norbanako eta herri baten erantzukizun nagusia izanik, norberak erabakitzearekin bakarrik bermatu daitekeelako.Horregatik da erabakia, giza eskubidea. Horregatik eta horretarako behar dugu eta nahi dugu Euskal Estatua. Gu izaten jarraitzearen bermea delako.

Edozer krisi erronka bezala bizi dutenentzat kitzikagarria. Arazo bezala bizi dutenentzat beldurgarria. Nola bizi dugu euskaldunok?. Zer ari gara elikatzen gure jarrerarekin: menpeko mententzen gaituen beldurra eta tristura, edo aldaketa lortzeko  aurre eginez, indarra ematen duen, amorrua, gogoa, maitasuna, determinazioa… zer?

Tristura eta beldurraren eraginez, sartuta gauden anabasari norabidea ez badiogu ipintzen, zurrunbiloak zurrupatuta gelditzeko arriskua daukagu. Kaosari norabidea ipintzea ez da koiunturala izaten. Bizitzak, bizitzen jarraitzeko etengabeko eta berezko zeregina du hori. Zer ikuskera ipintzen diogun guk bizitzari, halako bide-orria erabakitzera eramaten gaitu. Beraz, erronka berrIen aurrean, bidea modu inteligentean, egoki egiteko, oinarrizkoa dugu ikuskerarekin asmatzea. Zentzua, ekintzak eta bitarteko eraginkorrak, guztiak, elkar elikatzen duten prozesu oso bat bihurtuz.

Iragana, oraina eta geroaren inguruan hainbat diskusio azaleratzen ari direnean ikuskera horrek ez digula laguntzen bide egokia aukeratzen  iruditzen zait. Zergatik diot hori? Bizitza ez delako lineala. Ez al diogu ikuskera horrekin muga ipini nahi, hertzik ez duen bizitzari?.  Hasierarik eta  bukaerarik ez duen bizitzari, denboraren muga ipiniz, bizi-jarioa mozten diogu. Kontzientziak anestesiatzen dira, menpekotasuna lortzeko inposatutako inertziak mantenduz. Gizabanakoen eta herrien singularitateak ukatzen dira. Diferente sentitzea kulparekin hiltzatzen da. Bizi-berritu beharrean, degenarazio markak uzten dira. Herentziz jasotzen dugunaz jabetzen garen heinean, jasotako inertzien aurrean erantzukizunez aukera eginez, iragana eta geroa dena batera bizitzen ari gara. Prozesu osoa ukatzearekin, bakarrik inertziak mantentzen dira, eliminatuz, geuretik eta geuk bermatuta bakarrik eman daiteken garapena.

Teknologiaz asko aurreratu dugu baino bizi-indarraren zentzua, edozein baserritarrek oso argi daukana, gutxitu egin zaigu eta zenbaitetan galdu ere bai, gureak ez diren titulu unibertsitario artean. Socha Careyk dion bezala, ez da sekula nahasi behar ezagutza eta jakinduria. Ezagutzak babarrunak heltzetik ateratzen laguntzen du. Jakinduriak berriz, bizitzen laguntzen du. Hor dago gure erronka, geuk ipinitako zentzuarekin garapena eskutik eramanez, biziberrituz, iraunkortzean.

Eta bizitza etengabe elikatu behar da oinarrizko lau elementu klasikotik-su,ur, lur, uf. Suaren indarra, uraren elikatzea, lurraren errotzea eta ufadaren arnasa. Sinplea bezain indartsua.

Egungo zenbait pentsalari eta zientifiko, ikuskera desberdinen bideak urratsen ari dira. Horrek lagundu gaitzake, inertziatik kontzientziara jauzia egiteko modu inteligenteak bilatzen. Sheldrake da horietako bat. Biologoa eta filosofoa. Eremu morfogenetikoen eraginaren ikuskeratik bere pentsakera garatzen duena. Inertzia mantentzeko inposatutako dogmak,  erlijioso, politiko, ekonomiko eta zientifikoak, kinkan ipintzen ditu.

Berak, bizitza, osotasunetik ikusten du, indarra metatzeko modu baten ondorio bezala. Batetik jaso dugun eskarmentuaren indarra,inertzia eta uste edo kreentzia jakinekin egiten dugun ibilbidean degeneratze eta biziberritzearen marka uzten dutena. Bestetik, bizitzaren haria jarraituz, egunerokotasunean egiten diren okerrak konpentsatzeko, osatzeko  indarra.Honi esaten diogu unibertso osoak daukan autoerregulatzeko joera. Hau da, bizi-indarrari bizitzen uzteko, sobran dagoena kendu eta falta dena ipintzeko berezko joera orekagarria.

Gainera, egungo egoeran konturatzen ari gara, konpentsazioaren zikloa laburtu egin dela.  Arazo ekonomiko haundien sortzaileek, beraien lapurreten ondorioak, bizi direan unean hasi dira jasotzen.Hau orain dela 20 urte pentsaezina zen.

Mundu osoan milioika pertsonengan, norbere barnean ematen ari den aldaketa  efektu sistemikoa sortzen ari da. Sheldrakek dionez, aldaketa hau eremu morfogenetikoak  osatzen duten zerbait da. Hori dela eta, gero eta errazago ari da  izaten kontzientzia gehitzea eta desberdin sentitzeagatik landu diguten  kulpabilitatea astintzea. Horrela falta dena ipintzearen oreka, indar justuagoa eta  berehalakoa bihurtzen da… eta orain arteko sistema kolokan utzi du kaosa sortuz. Beraz, zentzua emango digun norabide berria topatu beharrean ipini gaitu.Hau da, aukera berriak sortzen.

Sistemaren indarkeriak eta kontradizioak sortutako krisiaren kaosa, indarberritzearen aukera bihurtzeko erronka dugu.Gertutik ezer gutxi ulertzeko arriskua izaten da horrelakoetan. Urrunduz, ikuskera argiagoa lortzen dugu eta, erleek egiten duten bezalaxe, gizartea konpontzeko era berriak sortu ditzakegula  jabetzen hasi gara.

Biziberritzeko ikuskera desberdinak martxan ipintzen hasiak gara  irtenbidearen haziak ereinez. Lurra ereiten ari gara. Horrekin batera denbora hartu behar dugu lurpeko prozesu eraldatzaileak behar duena, aldaketa gauzatu arte.

Nabarralde-k argitaratua