Ezinbestean

Hitzak_min

«Euskaldunak beldurra dio bere nortasuna galtzeari. Ona luke jakitea konpartitzen ahal duela, beste kulturekin aritzen ahal dela bere nortasuna, bere sustantzia galdu gabe». Poeta eta idazle baten tesia laguntza hartuz, honelaxe, guti goiti-beheiti, borobiltzen zituen aste honetan gure kantari batek bere adierazpenak elkarrizketa batean.

Nor den ez zait nahitaezko aipatzea; aipua bera zait interesgarria, euskaldun batek egina den neurrian. Irudi luke halako bat aitortze hutsarekin justifikazioa egiten dugula, nolabaiteko zuritze asmo umilegia. Ez dut uste gure kulturak beste kulturekin konpartitzea errefusatu duenik inoiz. Konpartitze ekintzetan batzuen eta besteen baldintzak zer nolakoak diren jakitea da gakoa, ordea. Kontua beraz, ez da hain merkea, nire irudiko.

«Euskal kulturak modernizatu eta gaurkotu beharra dauka, betiko eskematik ihes egin, garai berriekin batera aitzina egin» esan izan dit maiz lagun batek, asmatuko ez bagenu bezala baliozko egiten gure dena delakoa. Eta zer da modernizatzea? Beste edozein hizkun-tzaren musikak edo arteak egin duena? Akordeoia oso modazkoa ez nuke esanen denik, baina hor ari da etengabe elektrohouse musika mamitzen, adibidez, (auzolagunen ohiturei begiratuz). Beraz,… guk nahi dugun hori izan daiteke moderno, edo modazko.

Ildo beretik, askoren ahotan bildu da fusioa dela euskal musikaren salbazioa. Akaso bakarra, muturreko hausnarketa eginez. Fusioa, zorrotz begiratuta, ez da existitzen bere horretan; zerbait edo zerbaitzuk fusionatzen direnean, beti gailentzen da bat: estilo bat, asmo bat, kolore bat edo erritmo bat… hizkuntza bat, alegia, bestearen gainetik. Hartara, kontzeptua bera labainkor samarra ez ote den…

Euskaldunak, kultura txikiko, musika etnikoko eta hizkuntza gutxiagotuko horrek, bere musika konpartitzen badu kultura handiko, musika modernoko eta hizkuntza indartsuko nonahiko batekin, emaitza, kasu gehienetan, bitxikeria da, kuriositatea. Eta zer esanik ez, aurreiritziak bere lana egiten badu, gurea bezalako batekin, eta batean.

Konpartitzea, gauzak honela, berdinetik berdinera beharko litzateke. Baina hizkun-tzarekin bezala, ez baitugu osasun betea, ez baitugu eskubide betea gure gizarte-antolakuntzan, nortasuna galtzearen beldur izatea, normala da. Are gehiago: logikoa, naturala eta, ezin bestela. Greziarra ez da bere nortasuna galtzearen beldur; ez espainiarra (akaso azken garaietan bai!), ez holandarra. Nortasuna, eskubideen uzta.

Euskal musika (fusionatua bada ere) edo musika entzun nahi dugu; idazle izan; dan-tzak dantzatu, kirolak egin, pastelak jan, jan-tziak jantzi, etab. «Euskal» abizena etengabe (aspertzeraino!) erabili behar izatea adierazgarria da. Alemanak ez dio, ba, egiten duen guztiari «deutsch» gehituko; hizkuntzaren ekonomiagatik sikiera… Honelako detaile batekin hasi eta, hamaika arrazoi historiko ditu euskaldunak errezeloz babesteko berea. Ongi edo txarki, hori da tokatu zaiona.

 

http://www.noticiasdenavarra.com/