Inicio Durango azoka 2011 Euskaldunen historia komiki batean bildu dute Tasio eta Nabarraldek

Euskaldunen historia komiki batean bildu dute Tasio eta Nabarraldek PDF Imprimir E-mail
Miren Mindegia   

'Euskal Herriaren historia nafarra' Durangoko azokan aurkeztuko da

Orreagako gudua, Amaiurko gaztelua edota Autonomia Estatutuak bezalako gaiak umoren jorratzen dira

Gara
Nafarroako euskal historiaren momentu adierazgarrienak Nabarralde elkarteak aurkeztu berri duen Euskal Herriaren historia nafarra komiki liburuan islatuak geratu dira. Javier Etayo Tasio marrazkilaria izan da lanaren egilea, Uxoa Larramendik itzulpenen arduradun izan den bitartean. Liburua Durangoko azokan aurkeztuko da.

100 marrazki inguruk osatzen dute Tasio eta Nabarralderen arteko proiektu hau eta, Angel Rekalde Nabarraldeko kideak adierazi duen bezala, "gaiak ironia puntu batekin" landu dira. Historiaurrea, Orreagako gudua, Santiago bidea, Iruñeko erreinua edo Amaiurko gaztelua bezalako gaietara, besteak beste, marrazkien bidezko hurbilketan datza Euskal Herriko historia nafarra.

Tasio Agerre Nabarraldeko lehendakariak, liburu honek elkartearentzako duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Izan ere, euskaldunen memoria historikoaren berreskurapen lanetan, komikien munduan "hutsune handia" zeukatela onartu zuten. Hala, liburuaren helburuetako bat Nafarroako historiaz kontzientziatzea da, " nor garen eta gaur egun bizi garen egoera nondik datorren erakutsiko digulako ". Nafarroa da ardatz politiko eta historiko nagusia dela azpimarratu zuen Agerrek: "euskaldunok historian izan dugun estatu bakarra erreferen-tziatzat hartzen dugunean gure historiako pasarte desberdinek koherentzia hartzen dute, hari ikusezin batek josiko balitu bezala". Marrazkiak egiterako orduan zorroztasun historikoa mantendu dela ere jakinarazi zuen elkarteko buruak.

Irudiaren garaia den honetan, euskal kulturak horren gabezi handia daukala azpimarratu nahi izan zuen Rekaldek atzo egindako aurkezpenean. "Badirudi euskaldunak ikusezinak izan garela historian, beste hainbat herri bezala", azpimarratu zuen, "eta hori boteredunen estrategia bat da, herriei presentzia kentzeko: askotan entzun behar izan dugu Euskal Herria ez dela existitzen". Tasioren estiloa goraipatu zuen Nabarraldeko kideak, bide batez. "Oso estilo sintetikoa da, garbia eta argia, eta horrek komunikatzaile on batean bilakatzen du", adierazi zuen.

Marrazkilariarentzat, "egoera eta une egokiena" izan da liburua kalera ateratzeko. Tasiok "pilula liburu bat" bezala definitzen du proiektua. Izan ere, bere helburua jakin-mina piztea da "gazte eta helduek Nafarroaren historiari buruzko informazioa beste liburuetan ere bilatzera animatzeko". "Batek baino gehiagok" ezkutatu nahi diguten errealitatean hausnartzeko "medikamentu" baten parean jarri zuen egileak bere lana.

Nabarraldekoek jakitera eman zutenez, hasiera batean euskaraz soilik argitaratu den arren, laster gaztelaniazko bertsioa ere kaleratuko dute.

Tasio Gara egunkariko komikigile bezala ezaguna egin da eta erakusleiho horren bitartez lortu du ohiartzuna. Bere umore ironikoagatik ezaguna, hainbat sari jaso izan ditu, besteak beste, La Habanako (Kuba) Umore politikoaren lehiaketan lortutako bigarren saria, edota Kataluniako Serra i Moret lehiaketan lortutako komiki hoberenaren sariak, hiru urtez (1999, 2000 eta 2001ean).

Sesman (Nafarroa) jaioa, Tasio 1988an hasi zen komikigintzaren munduan jarduten. Horren aurretik maisu bezala ere lan egin zuen, baina lanbidea utzi eta marrazketara profesionalki dedikatzeko erabakia hartu zuen. Kuban bizitzen egon ondoren, Egin egunkarian hasi zen lanean, komiki tirak egiten.

Berak adierazi izan duenez, bere estiloa soila da, zuzena, hitzen beharrik gabe ulertzen den irudia helburutzat duela.

Nafarroa ardatz nagusi Nabarralde 2001eko urrian sortutako elkartea da, euskal historiaren memoria historikoa ikertu, berreskuratu eta zabaltzea helburu duena.

Nafarroa euskaldunen ardatz politiko eta kultural oinarritzat hartuta, dagoeneko hainbat argitalpen kaleratu ditu gai honen inguruan, esaterako, Pedro Esarteren Derecho a la rebelión edo La batalla de San Marcial; Luis Mª Martinez Garateren Nafarroako historiaren sintesia edota Iñaki Egañaren Vasconia: hechos, episodios y sucedidos. Denak, Tasioren Euskal Herriaren historia nafarra barne, Haria bildumaren osagarri dira.

Durangoko azoka Aipatu bezala, Euskal Herriaren historia nafarra aurtengo Durangoko azokan aurkeztuko da jendaurrean. Argitalpen honetaz aparte, Nabarralde elkarteak Iñaki Egañaren Vasconia: hechos, episodios y sucedidos, Luis Mª Martínez Garateren Nafar paradigma / El paradigma navarro eta Nafarroako historiaren sintesia, eta Victor Manuel Egia Astibiaren Orotz-Betelu y Olaldea, una historia industrial a orillas del Irati ere aurkeztuko ditu.

 

http://www.noticiasdenavarra.com/2011/12/02/ocio-y-cultura/cultura/euskaldunen-historia-komiki-batean-bildu-dute-tasio-eta-nabarraldek