2013, donostiarren suntsiketak darrai

Nabarraldek Donostiako Udalaren eskutik ekoiztutako dokumentalean esaten da 1813an Donostiako populazioaren %90a euskaldun elebakarra zela, eta gainerako ia denak elebidunak. Hortaz, hiru inperioren eraginez suntsitu izan aurretik, Donostian ez zegoen bizitza soziala egiterik euskaraz jakin gabe. Gaur, ordea, bestelakoa da egoera.

Donostiako harresiak bonbardatu, etxeei su eman, gizon-emakumeak hil, adin guztietako emakumezkoak bortxatu…, sarraski horiek guztiak, anglo-portugaldarrek egin omen zituzten. Donostia hiria Espainiaren aliatuek suntsitu zuten, ez dakigu nork aginduta; baina, nork eta noiz suntsitu zituen donostiarren izaera eta eguneroko bizimodua ondorengo urteetan?

Vienako Batzarrak (1814-15) Europako monarkien mugak Frantziako Iraultzaren aurretik (1789) zeuden zeudenean ezarri zituen; horrela, Hego Euskal Herria Espainian gelditu zen eta Iparraldea Frantzian. Euskaldunak bi inperioen mende berriz ere. Ingelesak eta portugaldarrak desagertu ziren eta orduan etsai ziren espainiar eta frantziarren mende geratu ginen bananduta.

Azken 200 urte hauetako kronika oso latza izan da guretzat. Utrcheko Itunaren eraginez Baiona eta Lohitzuneko portuek Ternuako arrantza tokiak galdu zituzten. Frantziako Iraultzaren ondorioz milaka euskaldun deserriratu eta erail zituzten. Halaber, Espainiako Inperioaren gainbehera hasi zen.  1812ko konstituzioak, La Pepa deitzen dutenak, honako zabarkeriarekin hasten zuen bere proklama “La nación española es la reunión de todos los españoles de ambos hemisferios”.

Alegia; Paraguai, Venezuela, Argentina, Txile, Florida, Ginea edota Saharako herritarrak bezain espainolak ginen euskaldun, kataluniar, galiziar edo andaluziar jendea. Batzuek zortea izan dute eta gaur egun estatu independenteak dira; beste batzuek, ordea, Inperioari loturik bizi behar dugu oraindik. Batzuek jatorrizko hizkuntza galdu zuten nazioarteko zuzenbideak zigortuta duen genozidioaren eraginez; beste batzuok, estatu independenteak ematen dituen baliabideak gabe, Inperio elebakarraren hizkuntza erasoari erresistentzia eginez bizi behar dugu euskaraz. Inperio madarikatuak!!!

Madarikatuak zeren eta, Ipar eta Hegoaldekook komunean dugun euskara debekatu, erabiltzen duenari zigortu, bizitza publikoan debekatu, mespretxatu, jazarri, gutxietsi, iraindu, baztertu, arbuiatu… egin duzuelako etengabe, galzorian jarri arte.

Madarikatuak, genuen estatua inbaditu eta suntsitu zenigutelako eta modu baketsuan zein oldartsuan munduaren aurrean berriro ere estatu propioa eraikitzea, gehienetan biolentzia erabiliz, galarazi diguzuelako.

Madarikatuak, gure lur, ibai, ondare eta identitatearen gainean modu hotz eta planifikatuan eskua sartuz herri oso baten etorkizuna baldintzatu duzuelako, ia mundutik desagertzeraino.

Azkenik, jakinaren gainean, maltzurkeriaz eta destainez jarraitzen duzuelako 1813an egin zenuten gizateriaren kontrako krimen hura eta gaurkoak justifikatzen, manipulatzen eta desitxuratzen, zuen ardura eta esku hartzea onartu gabe, barkamena eskatu gabe, eta zuen inperioen biktimei erreparaziorik egin gabe, jakinda “etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak biolentziaren bidegabekeriaren aitortzea eskatzen dutela, sortutako minaren eta biktimen duintasunaren aitortzea, biktima guztiei, egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutelarik. (EUSKO LEGEBILTZARRA 2013KO MARTXOAREN 22KO OSOKO BILKURAREN ERABAKIA)”

 

Nabarralde-k argitaratua