Krisiaren funtsa: matematika eta kontabilitatea besterik ez

Krisiaren zurrunbiloan gaude sarturik. Bankuek eta finantza eta aseguru enpresek langileriaren dirua behar dute bizirik egoteko. Zerga ordaintzaileei laguntza eskatzen zaie, erabakiak ate itxietan aberatsek, erregulatzaileek eta erregulatzen porrot egin dutenek hartzen dituzten bitartean.

Baliteke finantza krisia areagotzea. Jende askok etxea erosi zuen subprime hipoteken bidez, eta dagoeneko beren etxeak galdu dituzte edo galtzeko bidean daude. Finantza-agenteek hipoteka horiek «paketatu» zituzten hipoteka babestutako tituluetan eta beste deribatiba-inbertsioko bonoetan. Inbertitzaileek deribatiba horiek erosi zituzten gero eta mailegatutako diru gehiagorekin.

Hona hemen bi adituk esandakoa (www.democracynow.org/ 2008/9/17/us_seizes_control_of_aig_with). Alde batetik, Nomi Prins-ek zioena: «AIG ez zen ari aseguru-konpainia gisa. Banku espekulatzaile, babes fondoko espekulatzaile modura ari zen lanean, Bear Stearns, Lehman Brothers eta Bank of America/Merril Linch bezalaxe. Hortaz, egoera batean gaude zeinetan AEBetako Gobernua ulertzen hasteko gai ez den item-en arriskua hartzen ari baita. (…) ez dago inolako gardentasunik Fed-ekiko, Altxor Publikoarekiko, inorekiko ere ez. (…) Dena erabat interkonektaturik dagoen intzestu-mailegatzearen bidez gertatu da, zeinak banku-sistema osoa porrotera baitarama».

Prins-ek berriro: «Banku-sistemaren alderik txarrena nazionalizatzen ari da (…) arriskua hartzen ari da [gobernua], ulertzeko gai ez den arriskua».

Hudson-ek honela jarraitzen du: «Ekonomia sakrifikatua da jokalariei ordaintzeko». Eta hauxe gaineratzen du: «Bigarren hezkuntzako eskoletan (…) hasi behar zen ekonomiaren lehen kurtsoak ikasleei adierazi beharko lieke zer dela-eta den faltsua Wall Street-ek azken mende erdian saldu nahi izan duen iragarkia eta promesa: ekonomia bat aberats bihur daitekeela `interes konposatuen magiaren’ bidez».

«Promesa horren faltsukeria agerian geratzen da garapen esponentzialaren matematikari begiratuz gero. (…). Zorrak tasa `geometrikoetan’ hazten dira, ekonomia bera soilik aritmetikoki hazten den bitartean, modu lineal eta mantsoago batez».

Izan ere, behar den guztia hauxe da: zorren eta ekonomiaren hazkundearen «ideia hori partida biko kontabilitatearen oinarriko balantzearen definizioarekin batera jartzea: pertsona baten aurrezkiak mailegatzen dira beste pertsona batzuen zor bihurtzeko. Hortaz, aurreztaileentzako `interes konposatuen magiak’ ekonomiaren beste batentzako `zor-lehertzearen magia’ esan nahi du. (…) `Interes konposatuen magia’ aurrezkiak esponentzialki bikoiztearen eta berriz bikoiztearen joerari dagokio, balantze orriaren beste aldean zordunek zor dutenaren igoera berdinkidearekin».

Matematika horiek historian zehar aritu dira, eta ezagututako gizarte guztietan ondorio berbera izan dute, hots, aberastasuna dirudunen eskuetan kontzentratzea.

Matematikak eta kontabilitateak argi, garbi, garden eta ezin hobeki erakusten dute ezen inongo ekonomiak ezin ditu jasan tasa esponentzialean hazten diren zorrak. Inolako ekonomia ezin da hazi proportzio esponentzialean. Soilik zorrak biderkatu daitezke modu horretan. Beraz, Hudson-ekin batera, hauxe diogu guk ere: «Horrexegatik Paulson jaunak bere Wall Street-eko lagunei luzaturiko 700 x 109 dolarreko `opariak’ ez du funtzionatuko».

Are gehiago, Hudson-ek dioenez (posta elektronikoz): «… deribatiben kontratuak deuseztatuak izan behar dira. Deribatibak ez dira bonoak. Ez dira aurrezkien kontuak. Zabor hipoteketan eta zabor bonoetan oinarritutako zabor matematika eta zabor ekonomia dira».

Krisia hedatuz doa, baita Europara ere. Eta Espainiara (Una-Grande-Y-Libre-ra)? Itxaron pixka bat. Bitartean emaiozue begiradatxo bat Venezuelari buruzko ondoko dokumentuari: www.venezuelanalysis.com/analysis/3846.