Foruen genetika

Txisteak txiste, hau gauza serioa da. Duela gutxi zientzialarien komunitateari jakinarazi zaio alferkeriaren genea aurkitu dutela ikerlari txinatar eta eskoziar batzuek. Txinatarren aldetik, edozein asmakizun espero zitekeen, baina Eskoziako unibertsitateek sinesgarritasun handiagoa ematen digute. Zientziaren aurkikuntza itzela. Orain genetikaren eta eboluzio antropogenikoaren laguntzaz esplikatu ahal izango dira jokabide nagiak eta zenbait aberaskumeren eta arloteren jarrera ulertezinak eta, deskuidatuz gero, baita Diogenes zinikoaren alferkeriarako joera ere. Bide horretatik, rock&rollaren genea bera aurkituko digute, luze jo gabe. Tentuz ibili beharko dugu.

Gauza bertsua gertatzen da gure erkidegoan. Azken gertakariak (Nafarroako Ogasuneko hainbat esku-sartze, Nafarroako Kutxaren aldez aurreko desagerpen misteriotsua, gutun-azalak harresietan…) nafartasunaren foru-genearen argudioaz esplikatzen dira, besterik gabe. Agintariak foruek hala aginduta daude hor -beste garai eta leku batzuetan Jainkoaren borondatez zeuden bezalaxe-. Su eta gar defendatzen dute Nafarroa forala… eta espainola. Mariano Raxoi berari ere, agintaririk espainoletan espainolena denari,  eztarria urratzen zaio Nafarroaren tradizio forala (eta espainola) defendatuz. Esaten genuena, foruen genea aurkitu digute.

Hain zuzen ere, aurten Gamazadaren 120. urteurrena betetzen da, foralitatearen kapituluan sartzen den gertakari horietako batena, alegia. Foruen gene nafarra bizi-bizi agertu zen hor, baina beharbada ez oraingo agintariek (Raxoik eta Barcinak adibidez, diagnosiaren aldeko sutsuenak aipatzeagatik) ematen dioten zentzuan. Izan ere, matxinada hura Estatuko gobernuaren aurkakoa izan zen, eta Gamazo ministroa izan zen (hortik izena) haren pertsonifikazioa.

Kontua da foruen diskurtsoa oso erabilgarria dela gure lurraldean, baina jakintsu txinatar eta eskoziarren alferkeriaren geneak bezala, ez dakit sinesgarritasun handirik ote duen. Hasteko, gaiak oso soka luzea izan du eta, etxeko atezainak esango lukeenez, garaiak ikaragarri aldatu dira. Erdi Arotik hona, foruei astindu ederra eman diete. Ez dira, ezta hurrik eman ere, lehengo gauza bera. Lehenengo paper-sorta haietatik Jakakoaren aipamena daukagu, han oraindik euskaraz mintzo zenekoa, eta haren ereduak beste hainbat udaletara edo hiribildutara zabaltzeko balio izan zuen. Lizarrak, Donostiak, Logroñok… euskal erreinuko hiri nagusiek foru horiek jaso zituzten. Geroago, errege atzerritar bat izateak (Teobaldo Champagnekoa) sortutako egoeren ondorioz, foru horiek ordenamendu gisa idatziz jarri ziren; horrela sortu zen Foru Orokorra. Zirkunstantzia horiek, baina, Nafarroak subiranotasuna eta independentzia eta nazioarteko estatusa zituenekoak dira. Foru-sistema hori berezko eta benetako jurisprudentzia zen. Hortik Gipuzkoa, Bizkaia, Lapurdi eta abarren lurralde-foruetaraino jauzi kontzeptual handi bat dago. Ez dira jadanik printzipio juridiko berak… Gero Frantziako Iraultza eta gerra karlistak etorri ziren (foruekin zuzeneko zerikusia izan zutenak) eta Erregimen Zaharraren akabera… eta foru haietatik hondakinak besterik ez ziren geratu, hau da, apaingarri hutsak, mamirik gabeko estalki erretorikoa besterik ez.

Nabarraldek gai hauen inguruko dibulgazio-ikastaro bat antolatu du, foruen erreibindikazioaz adarra gehiago jo ez diezaguten. Inor ez dadin tronpatu Nafarroa foral eta espainolaz hitz egiten denean, bi termino horiek kontraesan hutsa baitira. Gamazadak eta gure historiako beste zenbait mobilizaziok izan duten balioa zein den jakin dezagun. Ikastaroa Internet bidez izango da, on line, gure historiaren jakingarri hauek zehaztasunez eta erosotasunez ikas ditzagun. Izan ere, foruen inguruko gai hauek, alferkeriaren genea bezalaxe, tentuz aztertu beharrekoak dira.