Botoen nazio-esanahia

Herri edo nazio zapaldu, minorizatu eta alienatu baten kasuan jakingarria da botoen eta nazio-identitateen arteko harremana zertan den ikustea. Boto horien esanahia eta balioa zein den dakigun neurrian, izan ere, herri-nortasun birrinduaren egoera zertan den jakiteko moduan geundeke. Kontua ez da soil-soilik alderdien nazio-praxia jakin nahi izatea, baizik eta alderdi horien boto-emaileak zer-nolako koherentzian bizi diren ematen duten bozarekiko.

Alderdi espainolisten esparruan (PP, PSE-EE) bozaren hautua nazio-identitate argi eta garbi baten arabera egiten da: identitate espainol sakon baten esanetara hartzen dute euren erabakia. Boto-mota honen esparruan ez dago identitate partekatuen muga lanbrotsurik, izaera eta sentiera espainolaren eta euskaldunaren arteko muga lausorik. Klasetasunaren gainetik identifikazio nazionalaren interesak daude bi alderdi hauen artean, eta espainoltasunak erraz batzen ditu langile apalak eta burges aberatsak. Espainiar izatearen funtsezko balio partekatuak dituztenez, bigarren mailako kontraesanak dituzte harako langile xumeak eta honako nagusi diruzaleak..

EAJ-EA alderdien botoaren esanahia askotarikoa izan arren, boz horien identitate-ezaugarri nagusia bere zentzu pragmatikoan datza. Pragmatismoaren zerak, kasu honetan, honakoa esan nahi luke: nazio-identitatearen auzian ez dagoela hautu argi eta garbirik. Alegia, bizitza sozialaren, kulturalaren eta linguistikoaren esparruetan ustezko liberalismoaren ideologia nabar bat gailentzen dela. Horiek horrela, abertzale euskaltzalearen muturretik hasita erabateko nortasun espainolean bizi denaren arteko tarte zabala daukagu boto-mota honen esanahi-mugetan. Guztiarekin ere, ordea, batez bestekoaren zer-nolakoa zertan den jakin nahi izanez gero, euskalduntasun urria eta abertzaletasun txepela izateaz gain, eguneroko bizitza sozialean, kulturalean eta linguistikoan boto espainola hautatzen dutenen antzeko nazio-praxia berregiten du hautesle-tipo honek. Eredu erdalduna ez denean, eredu espainolaren altzoa dute bizitoki eta zentzu-iturri. Urriak dira euskaltasun abertzalearen ezpalekoak, ale bakan batzuk. Hautesle honen atzean dagoen pragmatismoak esanahi argia du bere baitan, euskaldunon zoritxarrerako: herri minorizatu eta desintegratu batean irizpide pragmatikoak politikaren gidari nagusi bihurtzea, ondo baino hobeto dakigunez, herri zapaldua (herri euskalduna) urkamendiaren bidean bakarrik uztea bezalatsu da.

Ezker Batuaren boza definitzerakoan, nazio-identitatearen gainetik omen dagoen herritartasunaren mitoa nabarmentzen zaigu. Edota identitate partekatuen aldeko aldarria. Baina, usteak ustel ateratzen zaizkio halakoari: batetik, herri honetan identitate espainola gogortua eta gotortua dagoelako, identitate totalitarioa delako hain zuen; eta, bestetik, nazio-identitateen arteko orekarik eza, herritar ia guztien ( zenbat euskaldun ote dira identitate espainola espainolek bizi duten graduan bizi dutenak?) espainoltasun gordinean datzalako. Bada boto emaile hauen artean nazio-identitateaz haratago bizi dela uste duenik, bizitza sozial eta nazional hori nork bere borondatearen arabera era lezakeela uste duenik. Halako ustekizun hutsaletan bizi denak badu zer pentsatua alderdi honen muga estuak ikusita; azken emaitzak, lekuko. Hemen, izan ere, identitate espainola ez dago amore emateko, demokratizatzeko, eta hizkuntzaz eta kulturaz eta naziotasunez espainola izateaz gain euskalduna izateko. Estatu espainiarrak bere ezpaleko herritar totalitarioak eraiki ditu; jakina, salbuespenak beti daude. Baina salbuespenak, bistan denez, salbuespen dira, ez arau eta lege.

Ezker abertzalearen (Batasuna, Aralar) botoak dituen ezaugarriak abertzaleagoak eta euskaltzaleagoak dira. Hala ere, euskaltzaleagoak baino abertzaleagoak dira. Euskaldunak baino abertzaleagoak ere bai. Eta, horrenbestez, herri euskaldunetik baino hurbilago daude herri erdaldunetik euren praxi linguistikoan eta sozialean. Bestalde, boto honek ere ez dauka, inondik inora ere, boto espainolaren praxi-koherentziarik. Azken honen koherentzia erabatekoa da bizitza politikoaren, alde batetik, eta bizitza sozialaren, kulturalaren eta linguistikoaren artean, beste aldetik. Aldiz, zertan da ezker abertzaleko botoaren batez besteko koherentzia-gradua eguneroko bizitza-esparru horietan? Etena eta haustura da jaun eta jabe: gauza bat esan, gauza bat sentitu, eta beste gauza bat bizi du hautesle horrek, oro har. Boto horren Euskal Herria ere oso-oso urruti dago Herri Euskaldunetik.

Ondorio gisa: urteak etorri eta urteak joan, gauzak funtsean ez dira ezer aldatu. Boto espainolaren nazio-identitatea ez da ezertan malgutu eta demokratizatu, ez dago prest identitate bikoitzean bizitzeko (elebitasuna, kultur bitasuna, nazio-bitasuna…). Herri euskalduna herri erdaldunean desintegratuta, urtuta, hutsaren pareko da. Eta bien bitartean, ideologia abertzaleak hor ari zaizkigu, une historikoak gora eta une historikoak behera, zeruaren ateetan gaudela sinestarazi nahian, leloak bagina bezala.