Ortziren panoptikoa

anat

Mundua ez digute ongi diseinatu. Udaberrian gara eta negu zahar dirudi. Eguraldi-karta aldrebes eta garesti honekin gauza onik ez. Ortzik ez du asmatzen; gutxitan idazten du errezeta ona. Zergatik ez digu eguraldi ona prestatzen? Eta elurra dagokion denboraldian egokiro planifikatzen? Eta tenperaturaren termostatoa hobeki erregulatzen? Zenbat plan zapuztu digu haren menuak? Ez al da konturatzen nola eragiten digun bere aukeraketak aldartean eta osasunean? Jainko alaena! Bidegabe ari zara, gero! Aste Santurako, otoi, denbora ona nahi dugu.

“Hau hotza”, “bai haize bortitza”, “euria ez da eteten”, “eguraldi nazkagarria”, “hau aspergura”… Igogailuetatik haratago ekarri dugu elkarrizketa-gai ditxosoa; ez da hutsarteak betetzeko solasa soilik, dialektika lantzeko balio lezake gaur egun. Eztabaida-leku guztiak betetzen dituzte iragarpenek eta kexek. Eta nago, elkarrizketa-gai bainoago, harekiko agertzen dugun kontrol-nahi amorratuak beste zerbaiten iradokia dakarkigula.

Eguraldiaren kontu honek nekatu nau azken boladan. Eta orain arte egin ez dudan kriminalizazioa egiten ere sentitu dut nire burua, eguraldiaren patuari eraso eginez haserre, kutsatuta, arrazoirik gabe. Etengabeko kexa eta ika-miketan energia gehiegi gastatzen dela uste dut, eta, tentsio eta haserreak gai horrekin ordaintzeko halako beharrak gero eta harridura handiagoa sortu dit.

Baina, dagozkion parametroetan ulerturik, eguraldiarena, egiazki, beste zerbait da. Oroz gain (biziraupen kontuak izaten ahal baitira tartean), merkatu kontu bat da batetik, gai ekonomikoa (turismoa, aisia, negozioa…), eta horrek gauza asko mugitzen eta iraunarazten ditu. Baina ez hori bakarrik; kontrol nahi intrintseko bat ere bada, eguraldiarekiko agertzen duguna. Etorriko den horren harira, zehazki ez baitakigu zer izanen den, eta harengan agintzeko modurik ez baitugu inolaz, amorrarazten, urduritzen eta nahasten gaitu esparru hori kontrolatu ezinak. Kontrol beharrak urrutiegi eraman(en) gaitu. Eta ahulune (edo indargune) hori ez zaigu eskapatu, aspaldi esana baita giza-jokabidea botere nahi batek sortua dela.

Eguraldiaren harirako adierazle soil honek, honela, Benthamen erabateko kontrolaren panoptikora eraman gintzake. Hala zioen hark (1780): “morala eraberritua, osasuna babestua, industria indartua, heziketa hedatua, kargu publikoak gutxituak, ekonomia gotortua, dena ideia arkitektoniko sinple bati esker.” Honi klimatologia erregulatua gehitzen ahal genioke, estrapolazio ariketa batean. Foucaultek beranduago eta ideia bera garatuz adierazi bezala, boterearen funtzionamendu automatikoaren bermeaz ariko ginateke, finean, aplikazio sistematiko oharkabeko batez. Izan ere, panoptismoa, edonolako jokabidea edonolako giza-aniztasunari inposatzea dela hausnartu baita gerora, eta beraz, hor legoke gure jokabideen noranzkoen gakoa.

Gauzak honela, eta sorburura berriz, gaurko zer eguraldi aurreikusi da?

http://hitzakmin.blogspot.com.es/