Herri txiki, infernu handi

Gaur arratsean ez dugu Pagadiren eta Zuhaitzen saio ederrik izanen, hauteskunde gaua baita, baina telebistako programaren izenak ezin hobeki ematen dio gaurko gure gogoetari eta hargatik izenburu hau. Esaera zaharraren berezko adieratik pixka bat aldenduz, eta hauteskunde giro hau probestuz, esan dezagun gurean bizi dugun egoera politiko, linguistiko eta sozialak baduela infernutik aunitz, aspaldi dela ekarri baitzen leize-sua herri txiki honetara, “Herri txiki, desira handi” baikinen.

“Nafarroak mundua harrituko du” esaera usatua ere, Hamlet edo Macbeth tragedien autoreak 400 urte direla idatzitakoa gogora datorkigu ihes gabe, izan ere, hori ere ederki lotzen baitzaio gurean gertatzen diren nahasmendu, lotsagabekeria eta ustelkeriari. Bistan da erreferentzia hura garaiko kultura eta giro humanistikoari zitzaiola nagusiki; liluraren adieran, noski. Baina, beste muturra gailendu da halabeharrezko botere faktiko ditugunekin, mundua harritzerainokoak ditugulako edangarri orduko eta gaurko Nafarroan, orduko eta gaurko Euskal Herrian. “Herri txiki, konkista handi” izan delako lur hauen historia.

Honela, Shakespeareren Hamlet tragedian berean biltzen den bakarrizketak dioen gisaz: “Izan ala ez izan, hor dago koska”, tragediatik ere badugula esan daiteke; izan nahi eta ezin. Literatura unibertsalaren zitarik entzutetsuenetakoak existentzialismoaren kontzeptua zekarren; izatea, bizitzari eta ekintzari; ez izatea, heriotzari eta gelditasunari. Euskaldunok izatea badugu, ekintza badugu, izena ere badugu; koska ez dakit badugun, baina ezin etsi dugu haren bilaketan! Oroz gain, “Herri txiki, ekimen handi” garela garbi delako.

Gurea herri txikia baita. Eta bai. Irakurria baitaukat herri txikiek edo estatu txikiek etorkizun hobea (oparoagoa?) dutela handiek baino; gurea baino aski txikiagoa den herririk badago estatu denik. Baina, garesti zaigu etorkizun zoriontsu hori. “Herri txiki, oztopo handi” baita leloa momentuz. Hala ere, esperantza eta hatsa berritzen duenaren gisan, ez du azken leloa izan behar horrek.

Portzierto, “Herri txiki, oihan handi” dugula esateko gogoa ezin isildu dut (barka eskapoa), zuhaitz eta pagadi bikainak ditugulako eta lan onak aitortzea eta zoriontzea osasungarria delako, arrunt. Beraz, etorkizun sendo baterako eraikuntza nazional oro ezinbestekoa dugunez, eta, bertan, bertakoentzat eta bertakoaz egindako lanak bidea senaz egiten laguntzen digunez, uste dut “Herri txiki, harrotasun handi” begitantzen zaidala gaurko lelo nagusi, etsipenak eta ezkortasunak istant batez pikutara bidaliz.

http://hitzakmin.blogspot.com.es/