Elkar ezagutzen dugu?

Ez zekiela nondik baina neska hura Facebooken “lagun” omen zuela, ezagunen baten bitartez-edo, ez zela oroitzen. Hilabeteak zirela haren berri irakurtzen zuela bere horman, ia egunero; argazkiak, pentsamenduak, hitzorduak, haserre eta pozak, marrazkiak (artista zen nonbait)… dena ezagutzen zion.

Oso arraro egin zitzaion kalean ikustea lehen aldiz. Halako parranda gau bat zen eta aurpegia ezaguna zitzaiola, Facebooken etengabe ikusten zuen neska hura zela ohartu zen azkenean. Ez zuen hain txikia imajinatzen. Gainerakoan ezin jakin, ez zen berekin inoiz mintzatua; pixka bat behatu zuen, jakin-mina zuen.

Neska hartaz inoiz usteko ez zukeen informazio pila eskuratua zegoen harrezkero. Gauza asko zekien hartaz. Arraioa! Zergatik jakin behar zuen hainbeste kontu ezagutzen ez zuen pertsona hartaz?! Izatez ere, ez baitzen ez lagun, ez ezagun (ia).

Dimentsio hura oso perbertsoa zitzaion. Sentsazio hura ez zuen gustuko. Nahi ez bazuen ere, bazuen aldiroko dosia bere telefonoan. Neska haren bizitza segika balu bezala. Inbadituz. Ikusi zuen aldi hartan pentsakor gelditu zen, begira-begira, nola mugitzen zen, nola hitz egiten zuen, nor izanen ote zen disimulu gabe analizatuz.

Famatu bat ikusten denean sentitzen den gisako zerbait sentitzen zuen neska harekin. Informazio hori guztia, hala ere, berak zabaldua zen (eta da). Biografia birtuala nahi duenaren eskura, intimitatearen mugak ausardia handiz ukituz. Horrenbeste daturekin, fisikoki elkar ezagutzeko balizko aukera batean, zer galdetuko zion neska hari? Ia dena aurreratua zuen sarean! Bere polizia-fitxa egina zeukala pentsatu zuen, gainera, halako bertigo sentsazio gordinarekin.

Funtsean, ez zaigu pisua gertatzen norbere promozio kanpainak ditugula aitortzea, gure bizimodua publiko eta ikusgai jarriz, autobiografia partzialak argitara emanez, arrakastaren pertsekuzio sinbolikoa etengabe praktikatuz. Pertsonen arteko harremanetako gertagarritasunaren  zalantza-dantzari tartea ebatsi diogu. Finean, iragarkia, eta ez bizipena.

http://hitzakmin.blogspot.com.es/2015/10/elkar-ezagutzen-dugu.html?m=0