Ez dut ezer ulertzen

Egun bateko goiz batean egunkaria hartu, eta hara ze bi albiste topatu nituen, bata bestearen atzetik.

Lehenengoan, EAEko Lehendakari Jaunak (hitz larriez hasita, noski, larria baita kontua) Estatu espainolak errespetatuko dituen (?) eta bozkatuak izango diren erakunde akordioak lortzeko helburua aipatzen zuen, Euskadi nazio bezala aitortua izan dadin (?).

Bigarrenean, Madrilgo Legebiltzarreko Amaiur-ko diputatu batek “babes sendo bat”(?) eskatzen zuen datozen hauteskundeetan, erabakitzeko eskubidea eta “euskal gatazka politikoaren irtenbidea” Madrilen “exijitzeko” (?).

Baina, besteak beste, Ibarretxe plana eta Catalunyako kontuaren adibideak ikusita…. inork pentsa al dezake Euskadi eta Espainar Estatua maila berean jarriko dituen akordio bat lortzea eta gauzatzea posible dela? Inork pentsa al dezake Madrilen 5, 6, 7 edo 8 eserleku lortuz gero Estatu espainolari ezer “exijitu” dakiokenik? Zergatik saltzen dizkigute noragabeko bideak, esperientziak argi eta garbi erakusten duenez? Ni izango al naiz gure herrian hau irakurtzean zur eta lur geratzen den zoro bakarra?

Barkaidazue, lagunok, baina ez dut ezer ulertzen. Eta zuek?