| Nafarroa osoa burujabe. No hay democracia sin pueblo soberano |
|
|
|
| Beñi Agirre | |||
|
Sasoi txakurra izan zen garai hartako Nafarroakoa. Noainen,1521eko ekainaren 30ean, bost mila gudari inguruk eman zuen bizia nafarron subiranotasuna berreskuratu nahian, bederatzi urte lehenago, 1512ko uztailaren 25ean, kitoa eman eta amaitzear jarri nahi izan baitzuten gaztelarrek Nafar Estatua. Kanpoaldetik barrura baskoien bizileku edo habitat zena zatika-zatika inbadituz lortu zuten hori, 1054an hasi ziren Bureban, frankoek iparraldetik eta aragoiarrek ekialdetik gauza bera egiten zuten bitartean. Laurehun eta berrogeita hemezortzi urte luze behar izan zuten horretara iristeko, hala eta guztiz ere, 1521eko hartan lurralde-berreskuratze guduan Noainen hil zituzten haien sugarrek bizirik diraute gaurdaino. Sasoi txakurra da gaurkoa ere. Bi estatu inperialen arteko hamaika administrazio itogarrietan banaturik, nafar hiritarrok, Europa barruan ezagutua izango den gure Estatu propio eta bakarra berregituratu nahian gabiltza oraindik; zeren eta, bederatziehun eta laurogeita hamabost (955) urte geroago, bi auzo-estatuen espantsio gosea asetzea dela medio, tartean hil dituzten nafarren sugarrek bizirik diraute gaurdaino. Bai makurra inbaditzaileen porrota, bai garratza herri honen ezina. Sasoi demokratikoan bizi garela esaten digute orain, baina ia 1.000 urteotan engainatu ez duten herria ez dute okertuko oraingoan. 824an, garaiko auzo erresumen erasoei aurre egin eta baskoien habitat osoa babesteko, nafarrok estatu propioa eta subiranoa sortu genuen; Iruñeko erresuma lehenengo eta Nafar erresuma deitua izango zena gero, Garonatik Ebroraino eta Burebatik Pailarseraino. Bortxa bidez sartu ziren auzo herriak gurean, bertako erakundeak suntsitu eta eurenak jarri, bertako legeak ezabatu eta eurenak ezarri, herritarrek subiranotasuna egikaritzeko, gauzatzeko, tresnak birrindu eta eurenaren mendeko bihurtu. Nola izango da, ba, gizarte demokratikoa herritarrak subirano ez direnean? Ez, ez dago demokraziarik herritarrak subirano ez direnean. Nafarrok sortu genuen Estatu subiranoa eta nafar herritarrok gara honen titularrak. Estatua eta erakundeak suntsi daitezke, baina, herritarrok ez dugu inoiz galdu, ezta galduko ere, gure herriaren onerako erakundeak sortzeko zilegitasuna. Estatuaren titularrak ez dira ez erregea, ez eliza, ezta alderdi politikoak ere. Estatuaren titularrak herritarrok gara; Nafarroa osoan, nafar guztiok. 1521eko ekainaren 30a hartan, Logroñoko lurretara, ia erresumaren mugetara iritsi ondoren, atzeraka zetozen Asparros buruzagiaren osteak, ehunka mila mertzenario makur segika zituztela. Noaingo zelaietara iritsi ziren, ez zuten Iruñaraino jo eta bertan galdu zuten bizia. Hala eta guztiz ere, katea ez da eten. Haien sugar hilezkorra ez da itzali eta guk jaso eta eramango dugu, zabalduko dugu, Iruñean barrena Garonatik Ebroraino eta Burebatik Pailarseraino. Idatzia baitago, subiranotasun haren hondar apal baino ez den Foruen estatuan. Idatzia baitago: GU GAURKO EUSKALDUNOK, GURE AITASOEN ILLEZKORREN OROIPENEAN, BILDU GERA EMEN GURE LEGEA GORDE NAI DEGULA ERAKUSTEKO
|













