Piramide baten historia

Bi hizkuntza dauden lekuan beti injustizia baten aurrean gaude, konkista, jazarpena eta inposizioa biltzen dituen historiaren aurrean, ez baitago berez bi hizkuntza zeuzkan herririk; bi herri ezberdin izango lirateke, hartara. Bi hizkuntza egotea herri batean tragedia baten adierazle da, printzipioz. Gerra linguistiko baten hasiera, menderatuen hizkuntza desagertzea bilatzen duena. Foucaultek ongi dioen bezala, «nazio batek beste bat konkistatu eta okupatzen duenean, hori ez da inoiz amaitzen». Hizkuntza gutxitua ahultzeko presioa ere ez, homologazio demokratikoaren xerka gerrari berniz polit bat emango bazaio ere, hautuaren askatasuna, hizkuntzen arteko bizikidetza eta gisako eufemismo moñoñoak erabiliz. Espainolari ez zaio, inoiz, salaketa bat jarri Euskal Herriko epaitegietan; euskararen historia tamalgarria ezagutzen dugu. Gaur egun ere, epaitegietan helegite gehiago dago euskararen aurka, euskaraz idatzitako nobelak baino.
Mende askotan euskaldunekiko begirune izpirik gabe erabili eta ezarri den hizkuntza politika errepresiboaren ondorioz euskara piramide sozialaren barreneraino azpiratua eta marjinatua izan da. Konparatiba horretan, Carlos Urquijo Espainiako suntsitzaileak eragindako mina ez da %0,002koa baino. Nafarroako Euskal Erresuman hegemonikoa eta monolitikoa zen hizkuntza populazioaren %11ko hiztunen kopururaino endekatua izan da, makurtua, baztertua. Eta nola hizkuntzen ekosistema ez den aseptikoa, ez da disneyland idiliko bat, harrapakin basatien oihana baizik, non espazioaren borroka krudela gertatzen den, erderak mintzo dituen %89 hori gure gainean daukagu, presio egiten piramidean gora egin ez dezagun. %89 horrek debekatzen baitigu guri, de facto, euskara mintzatzea, haietakoren bat gure artean sartzen denero, haietakoren bat mostradore atzean aurkitzen dugunero.
Izan ere, piramidea ez dago hutsik, hori da arazoa. Piramidean espainola dago, eta frantsesa; piramidean espainolak daude, eta frantsesak; piramidean Espainiako estatua dago, eta Frantziakoa; piramidean komunikabide espainolak daude, eta frantsesak, saldoka, zientoka. Botila ez erdi-bete, ez erdi-hutsik, leporaino dago betea, eta hektolitro askoren azpian gaude gu, aho-kolpe bortitzez airea hartu nahian, baina baita ere amore emateko geure burua konbentzitzen ezarian-ezarian.
Horregatik uste dut euskalgintzak, instituzionalak batik bat, pertzepzio arazo larriak dituela, edo bista klarua baldin badauka iruzur egiten ari zaigula. Eta larria dela diodanean ez da, soilik, alor etikora mugaturik, baizik eta euskalgintza herrikoia, kontzientziatua eta soldata urrikoa ere kutsatu egiten duelako etsairik gabeko bere errelatoarekin.
Homologatzen saiatzen direneko gezur bat, kalte handia dakarrena, honakoa da: espainola ere hemengo hizkuntza dela, gurea. Hori onartzearen ondorioa jakina baita: hemengoa bada, ez da egon inposiziorik, ez gatazkarik, eta euskararen gutxitze prozesua berez etorri da, hizkuntzaren erruz, hiztunen utzikeriaz. Etimologiak, ordea, ez du inor engainatzen: gaztelania Gaztelako hizkuntza da; euskara Euskal Herrikoa, linguae navarrorum ospetsua. Eta historia jakingo bagenu, erabiliko bagenu, a zer mesedea egingo geniokeen gure gogoari!
Menendez Pidal historiagile espainiar integristak ere onartu behar izan zuena Antso III.na Nagusiari (1005-1035) buruz ari denean: «Quiso unificar un gran reino navarro, predominantemente vascón por su lengua». Aurrerago ere azpimarratzen du berriro, «que era homogeneamente vascón por su lengua». Duela mila urte euskara hutsa mintzatzen zen gurean. XIII. mendeko Ximenez de Rada historialariak ere baieztatzen du euskararen erabilera: «También en la Navarra, que comúnmente decimos bascongada, la cual es su natural y materna lengua». Ama hizkuntza da euskara euskaldun guztientzat, naturala, homogeneoa. Hegemonikoa. Konkista ondoren hasiko da murrizten, poliki-poliki. Estornes Lasak aurkitutako dokumentu batek dioenez, 1587an Nafarroa Garaian ziren 451 herritan euskara mintzatzen zen osoki, 58tan baino ez gaztelera, eta hauetako gehienak elebidunak ziren.
XVI. mendean Gipuzkoako batzarkideek kexua agertuko dute, erabat euskalduna den lurraldean gaztelera idaztea, irakurtzea eta hitz egitea exijitzen zaielako. 1813an Donostia erre zutenean, donostiarren %96a mintzo zen euskaraz, %90a elebakarra zen. Nafarroan, ordurako, ordezkatze kanpainak fruituak emanak zituen, eta %20a baino ez zen mintzo euskaraz. Iparraldean %65, eta gaur, kanpaina berdinaren ondorioz, %10. 500 urte behar izan ditu elitearen hizkuntza arrotzak, politika eta boterearen hizkuntzak herritarrengana iristeko, goitik behera piramide osoa okupatuz, ez modu askean, herritarrak hartara behartuz baizik. Koertzioaren bidez ezarria nola izenda dezakegu gure hizkuntza?
Noiz bilakatzen da hizkuntza arrotz bat bertako? Zein epetan? Nork erabakitzen du? Horretarako interes gehiena daukanak. Baina, batez ere, bertakoak hala onartzen dutenean, desegite ideologikoa burutu denean, herri gisako kontzientzia eta osotasuna desagertu direnean, edo ia-ia; klase politikoak mezu horri ateak ireki dizkionean eta ideia zirkulatzen hasi denean.
Bere ekimenak etsairik gabeko diskurtso batean oinarritzea akats larria da euskalgintzarentzat. Ikusezin bilakatzen dira, baina hor daude, haien erosotasuna apur bat ukituz gero gainera jalkitzen zaizkizu. Gure aurka legislatzen duten bi estaturen mende gaude, haien hizkuntzen galerarik txikiena ere onartuko ez dutenak.
Adierazgarria zen Xabier Aizpurua euskara teknikariak zioena elkarrizketa batean: «Herri euskaldunetako ikasleak ez badira gai esateko euskara hizkuntza gutxitua dela, zerbait gaizki doa». Gero proposatzen zuen, beste gauzen artean, kirol elkarteek kontzientzia hartzea, dena euskaraz egitea: bozgorailuetatik euskara, entrenatzaile guztiak euskaldun izatea, oharrak euskaraz banatzea… Baina hori guztia nola lortu horretarako botererik gabe?
Boterea, gai sakona, funtsezkoa, ezinbestekoa menderatuontzat, hurrengo artikuluan landuko dudana.

BERRIA