Ausa-Gaztelu: eutsi garenari, eutsi garen horren kontaketari

Nazioa gara. Nazioa, berez, errelato batetik sortzen da, kontakizunetik alegia. Hortaz, memoria historiko propiorik gabe ez dago nazio kontakizunik eta kontakizun propiorik gabeko jendeak ez du estatu propioa sortzerik munduaren aurrean. Zeren eta estatua sortzeko, zure naia izateaz gain, gainerakoek horrela onartzen zaituenean sortzen da. Zure kontakizuna propioa izan ezean, zure historia kontatzen dutenen, zure errelatoa egiten dutenen parte bihurtzen zara. Narrazio propiorik gabe gu ez ginateke gu izango, haiek baizik.

Zein eremu eta lurralde-subjektu hartzen du narrazioak? Oraindik ez dakigu lau, hiru, zazpi bat ala bat eta bakarra garen. Noren iparraldeko eta noren hegoaldekoen artean dagoen banatua errelatoaren subjektua. Zein den denon Lege Biltzar subiranoa. Nor den denon lehendakari-presidentea. Ez dakigu zein demokrazian egiten den gu denon ordezkariak hautatzeko hauteskundea.

Non dago errepublika hori? Zergatik esaten diogu Ausa-Gazteluren aldeko honetako jendeari euskaldun eta Aralarko beste muturrekoari nafarra? Ez al gara herri bat eta bakarra? Ez al dugu hizkuntza beraz hitz egiten? Ez al gara herri? Ez al gara bat eta gauza bera?

Herri hori estatua bihurtuko duen kontaketa egin gabe dago oraindik. Izan genuen estatua, gaur herri omen gara, baina ez dugu estatu hausnarketarik egiten. Kontakizunaren aferan erabakigarria da estatu zentsua. Espainiak eta Frantziak badute errelato bana, inperiala. Batak, errege godoen seme-alabak direla dio eta Ameriketako merkataritza bidea deskubritu zuenean, Jainkoaren agindua bete omen zuen lurralde haietan egindako sarraski eta lapurretarekin. Besteak, demokrazia modernoa asmatu omen zuen Iraultzarekin. Egalité, legalite eta fraternite leloa ikurtzat hartu eta Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako Foruak ezabatu zituen, euskara debekatu zuen eta euskaldunak erbesteratu zituen demokraziaren izenean. A zer astakeria bi estatu horien errelato historikoa.

Ze astakeria menderatu zituzten herrietan egin zutena. Begiratu Argentina, Bolibia, Filipinas, Argelia… Begiratu independentzia erdietsi duten nazioak. Ikusten al duzue baten bat Espainiara edo Frantziara itzultzeko irrikaz? Zer gauza ederra izango ote da askatasuna. Behin probatuz gero inoren esklabo izateko gogoa errotik kentzen dizuna.

Gora Euskal Herria askatuta! / Gora nafar estatua!

Ausa-Gaztelun, 2016ko maiatzaren 1ean. Ipuztar nafarrak