Donostia 2016

Donostia 2016 kultur hiriburutzaren auzian kulturari buruz ari garenez, mintza gaitezen gizarte nazionalaren harreman-sareak ehuntzen eta trinkotzen dituen kultura estruktural makroaz. Globalizazioaren eragina gorabehera, mundua nazioka eratua dagoen honetan gizarteak nazio kultura hegemoniko makroak batzen eta kohesionatzen ditu. Euskaldunok oso ondo dakigu Irungo eta Hendaiako herria eta herritarrak oro har zein kultura-erreferenteren sistema nazionalak bizi dituen, adibidez, hizkuntzari, historiari, lurraldeari eta identitate sozialari dagokienez. Beraz, kulturaz mintzo garenean, berrets dezagun gizarte nazionalak egituratzen duen kultura, kultura nazionala dela, kultura publiko hegemoniko bat. Gure ustez, kultura kolektibo horrek zedarritzen eta mamitzen ditu herritarren oinarrizko erreferenteak. Sormenezko euskal kulturaren bazterkeriaz kezkatuta gaudenez, diogun, euskaldunen komunitatea halako etnokultura (nazio kontzientziarik ezaren zentzuan ulertuta) soziologiko batean bizi den bitartean, gauzak ez direla aldatuko. Kulturaren Donostiaz mintzo garenez, Donostia zein gizarte-kultura nazionalak ezaugarritzen du? Zeintzuk dira gaurko donostiarron eguneroko erreferentzia sozialak eta kulturalak eta nazionalak? Donostiarrismoaren azala pixka bat urratu bezain laster ohartuko zara nazio identitate espainolaren sustraiak zein sakonak diren.
Espainieraz bizi den gaurko Donostia espainola da garai batean ez bezala. Victor Hugo alde hauetan ibili zenean besterik ziren kontuak: «Ozta izan liteke nehor espainiarra Donostian; euskaldunak dira bertakoak oro. (…) Euskaraz sortu, euskaraz mintza, euskaraz bizi eta euskaraz hil. Euskara aberri da hemen. (…) Espainiera atzerriko da hemen, frantsesa bezala» (1843). Horra Koldo Izagirreren hitzetan idazle frantsesaren lekukotasuna.
Euskal Herria urruti zegoen orduan ere nazio burujabe izatetik, baina, hala ere, horra paradoxa: Donostia ez zen Espainia idazle frantsesaren begietara. Orain, aldiz, Donostia 2016ko arduradun batzuen asmo onak gorabehera, hau da, kultur ekitaldiak euskalduntasunez janzteko ahaleginak ahalegin, Donostiara datozenentzat Donostia Espainia izango da. Donostia ez baita bizi 1843n bezala euskalduntasunean oinarritutako gizarte harremanetan, espainoltasunak bizi gaitu gaurko donostiarrok. Euskalduntasuna arrotza da egun Gipuzkoako hiriburuan, orduan espainoltasuna zen bezala. Txepetxek 1990ean Bilboz zihoena berretsi dezakegu 2016ko Donostiari buruz: «erdaldun batek motibazio faltagatik edo gaitasun linguistiko ezagatik bere bizitza osoa erdaldun elebakarra izaten segitu nahi badu, ez du [Donostian] inolako oztoporik aurkituko».
Hortaz, euskal identitate etnokultural objektibo batek berariazko euskal nortasuna itsasten zion Donostiari euskaraz bizi zenean, besteak beste, komunitate etnokultural egituratu baten jabe zirelako orduko euskaldunak. Donostia euskaraz bizi zen gehienbat: «baina bascuence hitz egiten da hemen bereziki». Ederra kontua: orduko donostiar etnikoa (prenazionalismoaren adieran) zinez euskalduna zen bitartean, gaurko donostiar nazionalista modernoa espainola da izatez eta egitez. Euskalduntzen ez gaituen abertzaletasunak bizi gaitu gaur. Orain, izan ere, donostiar gizartearen ardatz-enborra espainierak eta espainoltasunak mugitzen dute goitik behera; naziogintza espainola une eta gune oro gauzatzen duten orotariko eragilez eta erakundez josia dago Donostia; etenik gabe espainoltzen gaituen espainiar nazioaren sistema sozial, linguistiko, kultural eta ideologikoak eraikitzen gaitu. Zalantza izpirik gabe, «hau Espania da» idatziko zukeen Victor Hugok bere kroniketan Donostia 2016ra etorri balitz.
Donostia euskaldunaren minorizazioa eta espainiar nazioaren hedapena nola gertatu den erakutsi eta sozializatuko al du Donostia 2016ko programazioak? Donostia euskalduna minorizatu zuten minorizatzaile espainolen sokakoen antolamendua izan da hasieratik Donostia 2016, eta euskararen nazioari eragin dioten etnozidioaren kontakizunaren berri eman ezean hala izango da amaieran ere. Minorizatuak eta minorizatzaileak elkarbizitzaren zubian elkarri eskua emanda ikusi nahi ditu Donostia euskalduna minorizatu zuen ideologia espainolistak. Are gehiago, ez dira konformatzen horrekin: Donostia eta Hego Euskal Herria minorizatu duen espainiar nazio minorizatzailearen sokakoak biktima gisa aurkezten dute beren burua elkarbizitzaren eta bakearen zubian.
Elkarbizitzaren eta bakearen zubian elkartuta ikusi nahi gaituen nazio minorizatzailearen diskurtsoa azken mende erdian gurean gertatu den euskal bortxa politikoaz mintzo zaigu, eta damutzeko eta barkamena eskatzeko kalakak ez du isiltzeko asmorik. Bien bitartean, mendez mende gaurko euskalduntasun marjinal, artifizial eta etnokulturalera kondenatu gaituen orotariko bortxaren ondoriorik ez da existitu nonbait. Dirudienez, iragan historikoan euskaldunok jasan dugun bortxa politikoa iraganeko kontua da, ez gaurko euskaldungoaren hilotzean sartutako ezpata. Gaurko euskalduntasuna ez ote du bada urkatu atzoko espainiar nazionalismo hedakorraren ukapenak?
Donostia euskaldunari nazio asimilazio bortitz horren ondorioz euskaldun izatearen duintasunik erauzi ez baliote, Donostia euskaldunak bazeukan zer kontaturik historia lazgarri horri buruz. Esate baterako, gaurko Espainia demokratikoa jasateaz gainera, Espainia minorizatzaile asko eta asko sufritu dugula euskaldunok historian barrena. Demagun, ematen hasita, honako hurrenkera hauxe: Espainia frankista, Espainia errepublikanoa, Espainia liberala, Espainia monarkikoa, Espainia absolutista, Espainia feudala eta abar. Aldeak alde, Espainiaren etnofobia aldian aldiko sistema politiko guztien ezaugarria izan da. Besteak minorizatuz bihurtu da gehiengo haien lurraldean. Beste nazioak lurperatuz jaso du bere burua dagoen estatus nazional hegemonistara.
Eduardo Apodakak bere azken liburuan (Identitatea eta anomalia) darabilen hizkerari jarraiki, esan dezagun, Donostia 2016 euskalduntasun anomalo eta pornografiko baten lekuko izango dela gehienbat: «Beste handiarentzat, Egiturako Identitatearentzat, ari dela jokatzen, ari dela ikuskizuna egiten». Horra zer gertatzen den euskalduntasuna eta euskal kultura eguneroko gizarte bizitzaren dinamika sozialaren ardatzetik egotzita dagoen kultura minorizatu artifiziala bihurtzen denean. Espainiar nazioaren Identitate-Egiturak euskalduntasun anomalo eta artifizial baten nortasun-erakusleiho bihurtu du Donostia. Identitate-Egiturak «diferentzia mantsoak, ondo subordinatuak onartzen ditu», dio Apodakak. Eta onarpen-agindu hori zintzo bete dute Egituraren baitakoek ez ezik kanpokoak omen direnek ere.
Horra nazio euskaldun historikoaren nortasuna, duintasuna eta askatasuna galdu duen Donostiari zer gertatu zaion. Zer hintzen eta nola hago.

BERRIA