Partitzeko tenorea

andoniaeo

Andoni Iribarreni

“Zauden tokian zaudela…” diote zuretzako gutunek; “ez dakit non egonen zaren orain baina…” beste agur askok… Ez zaude, honezkero ez zaude, Andoni. Zer zaila den agur esatea, ez zaudela lekutzea, ez zarela egonen onartzea. Denbora behar da horretarako. Lagun aunitz kolpatu gaitu zure joanak. Inguru askok sumatuko du biziki zure hutsa.

Kulturaren Iruñeko unibertso ttiki honek esparru askotan izan zaitu, plano ugaritan aritu zara eta egintza anitzetan ezagutu zaitugu batzuek eta besteek. Aste honetan egin dizugun agurrean garbi agertu da batzuk eta besteak lotu gaituzula, maiz hain erraza ez dena.

Irribarre atsekabetuak ageri ziren, malko kartsuak, samin gazi-gozoa, izan zarena gogoratu nahi izan baikenuen. Bildu zenuen jendetzak argazki ederra erakutsi zuen zure bizitzaz. “Hil artio bizi, arartio ez izi” dio esaera zaharrak, eta zuk ongi zenekien hori. Bizi izan zara; dantzan, musika jotzen, irakasten, pilotan, ekimenean. Biziarazi duzu, orobat; erraldoien odol, pailazoen arima, bandelari eta ospakizunen hari. Biak ala biak intentsoki, zintzoki, gogoz, ilusioz eta erabakimenez. Ziztalari, burugogor, akuilari.

Eta hala, asteazkenean hitza, dantza eta doinua, kantua eta jan-edana batu genituen zure omenez. Udaberriko arratsalde gozo hark eman zigun babes norbere dolu-moduari bide emateko. Harresiaren pareta handi-sendoek indarrez gordeko dutelakoan han aditutako beroa eta esker ona. Gauak ederki hartu arte ez zuen jendeak alde egin nahi izan. Ederra izan zen aitortza; ederra, halako momentu batean denok ere sentitu genuena. Minak ere ederrak izan daitezkeelako.

Nik taldean ezagutu zintudan bereziki, Ortzadarren. Zure belaunaldiko dantzari eta musikariak ni baino aisa hobeki mintza daitezke zutaz, Ortzadar taldea sortzeko lehen haziak zuek elkarrekin erein baitzenituzten. Honezkero iragan aldian mintzatzeko handiegi zaigu zure izena.

Orai duzu, nonbait, partitzeko tenorea. Eta maitasun kantore eder hau menturaz norbaitek gogoan izan du zure heriotzarekin, laguntasun kobla bihurtuta: hasperena bihotzean, eta nigarra begian, tristuratan bizi behar dugu gure denbora guzian.

https://www.youtube.com/watch?v=TwX3z5w_VIY

http://hitzakmin.blogspot.com.es/?m=1