Zeinek esan du?

Zeinek esan du Ipar Euskal Herriko herri euskaldunaren auziak konponbidea daukala? Zeinek esan du Hego Euskal Herriko nazio euskaldunaren arazoak irtenbide duin bat daukala? Guk dakigula, eta betiere euskal soziolinguistikan jantziak dauden adituen esanak gogoan, ez diogu horietako ia inori irakurri edo aditu Euskal Herriak berriro ere euskararen herri izateko aukera daukanik. Alegia, euskalduntasun duin batean bizitzeko nazio euskaldunik espero dezakegunik. Dakitenek hori diote. Ez dakitenek, berriz, besteren hitzak itxuraldatzea ere zilegi bide dute: «Txillardegik esan zuen euskara salbatuko dela Euskal Herria estatu bada». Gauza batzuetarako «hain iraultzaile edo agertzen» direnak nazio euskaldunarekiko «hain errealista eta pragmatiko» azaltzeak analfabetismo soziolinguistikoa erakusteaz gainera, euskalduntasun periferiko eta diglosikoan eroso bizi direla ondorioztatu beharko dugu.

Jon Maia Soriak ere aipatzen du konponbidearen auzia egunkari honetan bertan idatzitako artikulu batean: «Hemen arazo handi bat dago konpontzeke. Gure ardura da behingoz konponbide bat aurkitzea denok bizi dugun eta garen errealitate honi, eta ez hamarkada edo mende gehiagoz iraun dezan uztea» (Gure aukeren jabe eraikiz, 2016-06-05).

Eta gure arazoak konponbiderik ez balu? Nazionalismoaren historian aditu direnei behin baino gehiagotan irakurri izan diegu hainbat kasutan nazio arazoak ez daukala konponbiderik asimilazioaren ondorioak izan direnak izan direlako. Erreakzio-gaitasuna iraungi delako, euskalduntasunari espainoltasunak eta frantsestasunak erabat gain hartu diotelako. Ez dago gaizki, noski, «etorkizunaren errelatoa» egitea Maiak proposatzen duen moduan. Baina zer etorkizun daukagu euskalduntasun nazionalean bizi nahi dugunok? Joseba Sarrionandiari irakurri berri diogunez, «askatasuna etorkizuneko belaunaldientzako eraikitzen dela esaten da. Baina Walter Benjaminek, historia kontzeptuari buruzko tesian, borroken sustraia eta indarra iraganetik datorrela zioen». Eta hortxe dago koxka, zeren eta kontua ez baita iragana ez errepikatzea bakarrik, iragan historikoan nazio euskaldunari eragin dioten minorizazioaren ondoriozko etnozidioa erreparatzea baizik. Baina, itxura guztien arabera, ez dugu aurrera egin nahi atzera begiratuz, iragana ahantziz baizik.

Identitate eta iragan kontuak ere aipatzen ditu Jon Maiak mintzagai dugun artikuluan: «Espainiar sentitzen den euskal herritarrak, bai hemen jaio eta lan egiten duen espainiar sentitzen den euskal herritarrak, independentzia nahi duenak bezainbateko zilegitasuna du bere proiektua gauzatzeko. Ez da iraganak ematen dion zilegitasuna (militarra, politiko-juridiko, gerra bat irabazi izanak, eta abar), gaur egungo euskal herritarra izateak ematen diona baizik».

Ez da batere gauza ziurra nazio batean bizi eta beste nazio bateko identitatea izanik bere proiektu nazionala gauzatzeko «zilegitasunak» historiarekin zerikusirik ez duenik. Besteak beste, ia maila enpirikoan egiazta dezakegun kontua delako hori. Burujabetza politikoa daukan nazio batean sekula ezin da gertatu halakorik. Alegia, urlia sandiaren nazio-lurraldean bizi baldin bada, eta sandiarena politikoki beregaina bada, urliak ez dauka han «zilegitasunik» bere nazio-proiekturik gauzatzeko. Jakina, Maiak proposatzen duena gertatu ahal izateko nazio-baldintzak ematen badira, bistan da okupazioaz edo inperialismoaz edo etnozidioaz edo minorizazioaz edo… mintzo garela.

Besterik da, jakina, urliak eskubide batzuk izatea komunitate etniko gisa han bere identitate kolektiboari dagozkion ezaugarriak atxiki ahal izateko. Baina orduan ez da bizi bere nazio-lurraldean, orduan beste nazio batean bizi da, bertakoak bezain eskubidedun herritartasunari dagokionez, baina ez da bertako naziokidea. Italiar batek, esaterako, ezin du bere nazio-proiekturik gauzatu Frantzian bizi baldin bada, eta alderantziz. Bestela, ulertu beharko genuke, euskaldunok ez dugula munduko beste nazio beregainek duten eskubiderik geure lurraldean nazio politiko burujabea baldintza berdinetan eraikitzeko: hau da, ez daukagula berez dagokigun eskubiderik, beste naziokide batzuek gurean guk adina eskubide baldin badaukate beren naziogintzarako. Balizko euskal estatua nazio anitzeko estatutzat definitzea zilegi izan liteke, baina ez da zilegi nazio minorizatzaile arrotzak eta jatorrizko nazio minorizatuak baldintza nazional berdinak izatea nazio eraikuntzaren proiektuan. Hori, besteak beste, euskaldunoi eragindako etnozidioa zuritzea delako.

Sistema sozial elebidun orekatu demokratikorik ez dagoen bezala, ez dago nazio sistema orekatu demokratikorik. Sistema elebidunean hizkuntza baten hegemonia dagoen bezalaxe, nazio baten hegemonia dago nazio anitzeko estatu baten sisteman. Gainera, xehetasunak aletzen hasita, esan beharra dago gaurko baldintza nazional eta historikoetan Euskal Herrian espainol edo frantses batek bere nazio proiektua gauzatu nahi izatea ez dela hegemonia kontua, eta are gutxiago demokrazia kontua, hegemonismoaren ideologiak zuritutako jokabidea baizik.

Iraganak ez omen digu zilegitasunik ematen, hitzetik hortzera dabilen esapidea da hori. Beharbada hala izango da, baina badirudi arrazoibide hori darabilena ez dela ohartzen gaur egungo errealitate nazionala gurean iragan euskaldunaren hondakinen gainean eraikia dagoela, eta hondakin horien aurretik zegoen eraikina ez zela gure arbasoen sufrikariorik, jazarpenik, umiliaziorik eta minorizaziorik gabe eraitsi. Esan gabe doa, pairamenaren historia latz hori euskaldun huts izate-hutsagatik gertatu dela.

Iruzkin dezagun Jon Maiaren artikuluko azken aipua. Bertsolariak dioenez, «hemen ez dago kanporatu beharreko migratzailerik ez kolonorik. Bi norabidetan elkarri proiektuak inposatzeko garaia pasa zela uste dugu askok, eta teilatu bereko etxebizitzetan bizi diren etsaiak elkar zapaltzearena ere bai. Ikusi ditugu estrategia horien emaitzak. Lortu behar dugu egungo nazionalitate inposatuarekin amaitzea, eta datorrena demokratikoki irabazia izatea».

Euskal pentsamendu politiko kritikoak pentsalari zorrotz bezain bakanetako bat galdu du berriki: Antxon Mendizabal dugu gogoan. Diogunaren lekuko da hil aurretik idatzi zuen artikulua ere: Nuestra lucha ideológica (Gara, 2016-01-29). Etorkinez eta kolonoez ari garenez, guk baino hobeto formulatu zuen auzia —bide batez, «euskal langile herria» nozioarekin zenbaitek eztabaidaren plazatik egotzitako auzia—, honako modu honetan: «orduko immigrazioaren atzean egitasmo politiko oldartsu bat zegoen. Populuen asimilaziorako eta ordezkapenerako berariaz erabakitako proiektu bat jasan dugu. Ikusten badugu inperioa nola administratu duten bostehun urtetan, ohartuko gara biztanleriaren osaera soziologikoa aldatzea izan dela giltzarri bat. Nazio asmatua finkatzeko prozedura erabakigarria izan da, jatorrizko nazioa desplazatzeko modua» (La República del Bidasoa, 2005).

Berria