Hizkuntza eta identitatea

Hizkuntzaren eta identitatearen arteko harremanaz Victor Morenok (Identidad linguística, Gara, 2016-07-17) dauzkan iritzi batzuk zuzenak iruditzen zaizkit hizkuntzaren eta «sistema soziokulturalaren» arteko loturaz diharduenean. Baina bere ideiak oso zalantzagarriak, eta, are, kritikagarriak direla esango nuke «sistema nazionalaz» edo «nazio-identitateaz» diren bezainbatean. Bere iritziak jorratzeko, berriz, modu bat besterik ez dagoela uste dut: ideia horietako batzuk banan-banan xehatzea.
Hasteko, hizkuntzaz mintzo dela zera dio: «parece extraño que se la considere como nota imprescindible de la identitad individual y colectiva» (Iparraldeko irakurleak barkatuko ahal dit aipuak itzuli gabe ematea; bidenabar esateko, artikulu hau ustez argitaratu behar zuenak ez du onartu nahi, hizkuntzak erdal nazio espainola sendotu egiten duela eta nazio euskalduna minorizaziora kondenatu). Giza identitatea sozializazioaren sorkari bat baldin bada, identitatea jainkoa bezala leku guztietan dago. Beraz, hizkuntzaz haratago ere beti dago identitatearen ezaugarria gizakion nortasun egituran. Baina baldin eta urlia nazio eta hizkuntza arazoak gurutzatutako komunitate batean jaio eta bizi bada, orduan hizkuntzaren aferak eragin nabarmena izango du harengan. Diodana egia izateak ondorio hauxe du: Morenok uste duenaz bestera, urliaren nortasun indibidualaren eta identitate kolektiboaren zer-nolakoan eragin ukaezina duela hizkuntzaren auziak.
Goazen aurrera: «Nadie como los dictadores han dado tanta importancia a la lengua de los demás para destruirla. Pensaban que mataban un pueblo destruyendo su lengua. Olvidaban que el pueblo es mucho más que la lengua que habla». Diktadoreak? Zoaz Ipar Euskal Herrira eta galde iezaiezu hango euskaldunei zenbat diktadore izan dituzten XX. mendean euskaldunak munduko mapa linguistikotik erauzteko. Bai, jakina, herria hizkuntza baino gehiago da, baina lehen Euskal Herria eta euskaldunak zeuden lurraldean orain Frantzia eta frantsesak daude, alde honetan Espainia eta espainolak dauden bezala. Herriak bizirik jarraitzen du noski, ez da gertatu erabateko genozidiorik hitz horren zentzu hertsian, baina eragin duten etnozidioak pertsonak «diferente» bihurtu ditu.
Goazen beste korapilo batera: «La lengua, más que instrumento de comunicación, es dispositivo organizador de lo que vivimos. Con la lengua estructuramos la realidad, pero no la creamos. Y no existen lenguas que organicen y estructuren la realidad mejor que otras». Lehenengo esaldian egiten den hizkuntzaren definizioa egokia iruditzen zait: hau da, hizkuntza norbanakoaren eta bizitza sozialaren eratzaile. Badu «baina» bat: errealitatearen sorkuntza hizkuntzaz haraindi dagoela iradokitzen digu. Alegia, errealitatearen sorkuntzan hizkuntzak ez daukala eskurik pentsarazten digu. Morenok jakin beharko luke Errealitatea bi errealitatek osatzen eta sortzen dutela: hala nola errealitate «errealak» eta errealitate «sinbolikoak». Bigarren hau, hizkuntza tarteko, ez da aurrenekoaren «isla» hutsa, berezko eragin soziala dauka. Hizkuntza, aldi berean, Errealitatea sortzen duen errealitate (sinbolikoa) da. Bukatzeko, hirugarren esaldiak ere badu «akats» txiki bat: gaurko gizarte modernoari dagokionez, funtzio nazionalak betetzen dituen hizkuntza batek modu eraginkorrean egituratzen du Errealitatea; aldiz, estatus minorizatu batean dagoen eta soziologikoki funtzio diglosiko eta etnokultural soilaren arabera diharduen mintzairak ezin du gizarte errealitaterik ez sortu ez egituratu. Morenok nik bezain ondo daki gurean dauden hizkuntzen artean zeinek zer estatus eta funtzio erreal daukan.
Bestalde, errealitateaz, sistemaz, identitateaz eta abarrez mintzo garenean ez bide gara gai modu pluralean pentsatzeko. Hona horren adibide bat: «La lengua no unifica conductas; tampoco, pensamientos». Jakina, zentzu batean bederen, hizkuntzak ez du jokamolderik ezaugarritzen sistema sozialari eta ekonomikoari dagokienez; ezta pentsamolderik ere hartaratzen. Haatik, Pernandoren egiak esaten jarraitu beharko dugu nazkatu arte: hizkuntzak jokamoldeak eta pentsamoldeak ezaugarritzen eta baldintzatzen ditu sistema edo identitate nazionalaz den bezainbatean. Irungo espainola erreferentzia-sistema nazional espainolean bizi da, Hendaiako frantsesa frantsesean bizi den bezalatsu. Eta jende horren jokamoldean eta pentsamoldean hizkuntzaren egitatea erabakigarria da: besteak beste, bakoitzaren erreferentzia-sistema nazionalean bizitzeko hizkuntza ezinbesteko «dispositiboa» duelako.
Victor Moreno ez dator bat tesi honekin: «Hay quienes sostienen que al hablar castellano adquirimos la ‘identidad española’, no solo en términos administrativos y burocráticos, sino en un nivel más profundo y raigal. Y ello porque la lengua sigue juzgándose como clave definitiva en la adquisición de la identidad. La lengua de cada Nación sin Estado posibilita una identitad específica y una forma de ser».
Beste behin ere esango dugu eskuineko abertzale ia guztiek eta ezkerreko gehienek onartu nahi ez duten «egia» bat: alegia, hizkuntza espainolak nazio espainolean integratzen gaituela gure borondatea gorabehera. Frantsesarekin gauza bera. Sentitzen dut, baina horrela funtzionatzen du afera honek: funtzio nazionalak betetzen dituen hizkuntza hegemoniko batean bizi baldin bazara nazio horren sistema kulturalean eta sozialean integratuko zara. Baina nire kontzientzia nazionala abertzalea balitz? Ni nola integratuko naiz Espainian edo Frantzian nik independentzia nahi badut gure herriarentzat? Berriro sentitzen dut zure nahigabea: zure sentimendu eta zure ideologia politikoaren gainetik eta azpitik funtzionatzen du Errealitate nazional linguistikoak eta kulturalak, eta, ondorioz, bizitzaren erreferentzia-mundu hori sistema nazional espainolak edo frantsesak egituratzen badu, zu ez zara zure eskuko. Ez da banakoaren borondate kontua, Errealitate nazionalaren kontua da.
Hizkuntzak gugan daukan garrantzia hizkuntza hautemateko daukagun ikusmoldearen araberakoa izan ohi da. William F. Mackey-k zioen bezala hizkuntza «komunikazio-sistema» bat besterik ez bada, ez du askorik balio: «edozein hizkuntzak balio du gizartea funtzionarazteko»; aldiz, «hizkuntza, kultura bakoitzak eratutako kategorien arabera unibertsoa ulertzeko bide ematen duen errepresentazio—sistema bada, orduan, hizkuntza hori baztertzea gizakiaren identitatearen aurkako erasotzat hartuko da». Hizkuntza minorizatuko hiztunek maizenik lehendabiziko interpretazioaren esanera jokatzen dute; hizkuntzaz bigarren pertzepzioa dutenak, ordea, hizkuntzagatik heriotzaraino borroka daitezke Ukrainako eskualde batzuetan errusiazale batzuek iradoki izan duten moduan.

BERRIA