Maitasunaren termometroa

Urkullu, Larrion, Iriarte, Alba, Otegi, Ortuzar, Mintegi, Zabala, Mendia, Egibar, Garrido… Aste hauetan gure menu informatiboaren osagai izan diren pertsona hauek milioika hitz jaurti dituzte ahotik egunero, gai asko plazaratuz, euren ustez, baina irudiak ikusi ezean zaila zen bereiztea nor zen hizlaria, denak eskala kromatiko berberean mintzatu direlakoz; alegia, Espainiaren dominazioa hezur-muinetaraino onartuz, justifikatuz eta legitimatuz. Independentzia hitzik ez dut entzun ia, baina beste baten ausentziak eragin dit urradurarik larriena: Euskal kultura.
Gurea bezalako herri menderatuetan kultura propioarekiko atxikimendua oso ahula izaten da, eta hori ez da gertatzen biztanleen axolagabekeriagatik; arazoa estrukturala da. Menderatzailearen kultura hegemonikoak kentzen dio zilegitasuna gureari. Kultura gutxituak kultura gutxietsiak dira beti. Eta mezu hori zabaltzen duen monopolio komunikatiboak etengabe zartatzen ditu gure belarriak. Ezin da euskal kulturaz hitz egin Euskal Herriak nozitzen duen botere propio baten gabezia kontuan hartu gabe, diagnostiko guztien okerraren abiapuntu izan bailiteke.
Zer da euskal kultura? Euskal Herriak euskal kultura dela erabakitzen duen oro. Baina horretarako burujabe izan behar du nazioak, eta gu ez gara; gu burugabe gara gaurkoz. Gure herriak ez du bere adierazpen kulturalak legitimatzeko tresnarik, horretarako hierarkia politikoaren gailurrean egon beharko bailuke, munduan onetsitako nazio-kultura guztiak dauden bezala. Ez gara harritzen, egunkarietan lasai-lasai irakurtzen dugunean Brasilek potentzia kulturala izan nahi duela, eta dirutzak eskainiko dizkiola bere literaturaren eta idazleen zabalpen unibertsalari.
Ez gara harritzen Jack Lang-ek, Frantziako kultur ministroa izan zenean, kulturara bideratutako 2.600 milioi frankori gutxi irudituta, sei aldiz biderkatzea erabaki zuenean, sinetsirik kultura frantsesak beharrezko zuela estatu indartsu eta interbentzionista baten parte hartzea. Kultura subentzionatzea, alegia. Edo jakiten dugunean apenas guk baino milioi eta erdi biztanle gehiago dituen Norvegiako estatuak, salbuespenik gabe, argitaratzen den liburu ororen mila kopia erosten dituela, liburutegi-sarean banatzeko, urtean 300 liburu itzultzen dituela munduko 50 herrialdetan banatzeko. Subentzioak denak. Gurean estigma dena, atzerrian arau.
Hunkigarriak izan ziren Herbjorg Wassmo idalze norvegiarraren hitzak egunkari batean: «Laguntza hauei esker gure liburuak aurki litezke Moskun bezala Madrileko Retiron. Ez du merezi bere kultura babesten ez duen herri bat defendatzerik». Alegia, merezi du bere kultura babesten duen herri bat defendatzea. Hona kulturaren definiziorik unibertsalena, guretzako ere balio duena: kultura da herri batek bere buruari dion maitasunaren termometroa. Eta: Kultura da herri batek duen egoera psikologikoaren termometroa. Eta: Kultura da herri batek duen egoera ekonomikoaren termometroa. Kultura. Ez abiadura handiko trenak, ez futbol-zelai erraldoiak, ez museo estrabagante eta defizitarioki erraldoiak.
Kulturak erakusten baitu herri batek munduan hartu duen lekuaren neurria, denboraren tentsioei eman dien erantzuna, nortasuna osatzeko hartu dituen erabaki estetiko-erritualak. Zertarako hau guztia? Beste herrialdeetatik bereizteko. Kultura ororen sorburua bereiztea da, gu ez garela gure auzoko herritarrak bezalakoak nabarmentzea, gu gu garela, ez hura, ez haiek. Gure hizkuntza dugula, gustatzen zaizkigun gauzak, eta batere atsegin ez zaizkigunak. Horretarako izango ditu eskura: estatu bat, legitimazio iturri gorena; hedabideak hegemoniaren zerbitzuan; sari propioak; erreferente nagusiak historia liburu eta filmetan gorpuztuko direnak; historiaren monopolioa; eta herriaren interesetan zentraturiko hezkuntza sistema propioa.
Herri adimentsuek badakitelako kultura hegemonikoa naturala dela, ez dela kuestionatzen, ez duela baimenik eskatu behar existitzeko. Menpeko kultura, aldiz, ez da naturala, beti kuestionatua da, baimen eske ibili behar du beti. Kultura errebindikatiboa izatera kondenatua da. Donostia-16 izan zitekeen errebindikazio iturri, baina ez da hala izan, kultura hegemonikoaren adierazle baizik: integrista, sektarioa, ez baitio iritzi kritikoari lekurik eman, eta bai Espainiak Euskal Herrian buruturiko soberania lapurretaren legitimazioari.
Hau da euskal kulturaren arazo nagusia: ez da defendatzen burujabetasunetik, bere lurrean hegemoniko bilakatzeko asmotik, subordinaziotik baizik, ontzak emanez kultura espainolaren eta frantsesaren hegemonia, eta are larriago dena: kultura horiek gure kultura ere badirela onartzetik.
Zer gertatzen zaigu euskaldunoi Andaluziarekin? Harekin batzeak, kultur adierazpenetan izanda ere, ez dakarkigu ezer onik, ez bada nazio handi baten bi erregio garela agertzea. Gai-jartzaileak ikusi ditut faralaes jantziarekin, txalaparta eta flamenkoa nahasturik, triki-flamenkoa, aurresku-flamenkizatua, gure arteko topikoak gain-esplotatzen dituzten filma eta telebista serieak, gure dirutik, flamenkoa dantzatzeko ikastaroak herri askotan, udalen aurrekontuetatik ordainduak, eta bertsolariak kantaore flamenkoekin Lauaxeta eta Lorca omentzen Txillida-Lekun. Gure kultura agertzeko osagarri espainol bat behar dugu beti?
Ez esan horrek egingo duela euskal kultura unibertsal, hori denik kultur mestizaiaren oinarri, aniztasunaren zutabe, alienazio hutsa besterik ez baita. Ikusi al dugu, bada, Andaluzian Lauaxeta omentzen? Andaluziarrak euskal kultura bereganatzen, gure hizkuntza ikasten eta defendatzen, gure aberastasuna aitortzen bertako erakundeetan? Zer tratu modu dugu kultura zapaltzailearen arietea izan den horrekin, Ez Dok Amairukoek «nazional-flamenkismo» deitzen ziotena? Ondorioa betikoa da: kanpo-eder egin nahi gaituztela, jasan dugun kolonizazio kulturalak ezarri digun konplexuaren lupetzetan leporaino sartuak, itxi eta lokalista garela pentsatzeraino. Eta tristeena: munduko izatea Espainiaren mugetan soilik gauzatu ahal dela.
Espainia maitatzera behartu nahi gaituzte ezarian-ezarian. Espiritu kritiko gehixeago espero dut gure intelektualen aldetik, gure kulturarentzat erabat hilgarria litzatekeen asimilazioari aurre egiteko.

BERRIA