Meskiten sarea

Terrorismoa etiketak arazo ugari estaltzeko eta ezkutatzeko balio dio botereari, batez ere bortizkeria ikaragarriaz lehertzen edo azaltzen direnean. Hala ere, estaltzen saiatu arren, batzuetan gure garaiko fenomeno batzuk azaleratzen dira. Horrelako gertakari bakoitzak (I-11, M-11 eta orain U-7koak) hainbat zirkunstantzia agerian uzten digu.

Ezin dugu aipatu gabe utzi honako hau: bortizkeriak gure mendebaldeko ereduko hiriak eta lekuak (N. York, Londres…) ukitu dituelako ikur bilakatu eta oihartzun handia izan duteneko data ilun horiek moral bikoitzaz deformatuta ikusten ditugu, moralkeria zitalaz. Izan ere, Londresen uztailaren 7an gertatutakoa eguneroko kontua da Irakeko herrietan, eta ia inork ez dio prentsan lerro batzuk edo gogoeta une batzuk eskaintzen gerra hartako ohiko odol eta metrailazko orgia haien atzean dagoen tragediari.

Baina, aldi berean, gure sistema globalaren muina ukitzen duelako beharbada, lurralde «kristauan» gertatutako izugarrikeria horien analisiak beste batu batzuk ere eskaintzen dizkigu, geure errealitatea ulertzeko kontuan hartu beharrekoak. Londresko kasuan, bonba-jartzaile suiziden jatorria da: jatorriz pakistandarrak dira, pasaporte britainiarra badute ere. Bigarren belaunaldiko etorkinak dira, paper, estatus eta nazionalitate guztiak ongi araututa eta, hala ere, haserre bizian eta bortizki altxa dira beren gurasoek lan egiten duten herrialdearen aurka. Immigrazioaren fenomenoaren ustekabeko desbideratzea da, kezkagarria, integrazio-politiken porrota agerian uzten duen neurrian.

Duela zenbait aste, uztailaren 7a baino lehenago, hurbileko herrialde bateko kargudun batek gaurko immigrazioa panorama goibel horrekin -gerora- bat etorri den trazu batzuez deskribatu zuen. Gaur egun, Europako Batasunak hiru jatorritako etorkinak jasotzen ditu batez ere: 1) Europako Ekialdekoak; 2) Latinoamerikarrak, eta 3) Kultura islamdarreko herrietakoak (arabiarrak, pakistandarrak, magrebtarrak, Saharaz hegoaldeko afrikarrak…).

1) Ekialdekoek ez dute ia integratzeko arazorik sortzen. Ihes egiten dute beren Estatuetatik eta arazoetatik, eta ahal duten bezala instalatzera datoz. Immigrazio sakabanatua eta antolatu gabekoa da, eta nor bere kasa ibiliko litzateke.

2) Latinoamerikatik datozenei dagokienez, familiari begiratu behar zaio haiena ulertzeko; ahal dutenean ekarri egiten dute; ezin dutenean, distantziatik laguntzen diote, errentak bidaliz… Haien kezka familia aurrera ateratzea da.

3) Etorkin islamikoei dagokienez, haien bereizgarria meskita haiekin batera etortzea da. Etorkinak beren ohiturekin eta loturekin datoz, eta berezko egoera zailean babesa aurkitzen dute harrera-sare erlijiosoan. Erlijioa aterpe dute fedegabeen lurraldean, premiak, bakardadeak eta herriminak pilatzen diren lekuan. Meskitak, Estatu jakin batzuek (Saudi Arabiak, Marokkok…; hain zuzen ere, laikoenak eta aurrerakoienak ez direnek) finantzatuta, sorterriarekin, erlijioarekin, urrutiko herriarekin harremanetan egoteko aukera ematen die. Babesgabeentzat lehen harrera-aterpea da, eta sinesmen-mundua birsortzen duen sarea, nahiz eta lurralde arrotzean egon. Gainera, sostengua ematen dieten «Estatuen eskuari» esker, Islama hedatzeko, ohitura garbiak gordetzeko eta arauak desbideratu eta lasaitu gabe zorrotz betetzeko aukera dute.

Arazo korapilatsua da, erro sakonak dituena, zaila, batez ere Euskal Herria bezalako herri batetik begiratuta, hemen ez baitugu Estatu horiek bezala, politikak eta sinesmenak urrutitik inposatzeko botererik, ez eta baliabiderik ere.

Etorkin guztiak ez dira meskiten itzalpera inguratzen. Baina handik igarotzen direnak errealitate kezkagarria dira. Sare horiekin eta harreman horiekin, ba al dago ugariena eta trinkoena den immigrazio islamikoa Europan integratzeko aukerarik? Ez du ematen (batetik bestera doazen eta beren baitara bildutako populazio horiei dagokienez) integrazioak, asimilazioak, egokitzeak edo bestelako aldaera batek arazoa itxiko duenik. Ez al dugu aurreikusi behar, Londresko suiziden kasuan ikusi denez, arbasoen lurraldetik urrun, han eta hemen deserrotuta, bigarren belaunaldia etorkizunik gabe ibil daitekeela, eta aurki dezaketen marjinazioak espero gabeko desbideratzeak ekar litzakeela?

Londresen gertatutakoak hipotesi ikaragarriei eta arriskutsuei zabaltzen die atea.