Inicio Egunekoa Maltzaga posible da?

Maltzaga posible da? PDF Imprimir E-mail
Eneko Bidegain   
Lunes, 27 de Marzo de 2017 17:25
lizarrakordio1

Erregularki itzultzen da Maltzagaren metafora euskal politikagintzara, ez beharbada alderdi politikoetako arduradunen ahora, baina bai politikaz interesatzen diren anitzen lumara.

Errepika ote daiteke Lizarra-Garaziko giroa? Itxura guztien arabera, ez. EAJk ez du berriz abiatu nahi Lizarran hasi zuen bezalako bidetik, ez duelako konfiantzarik Ezker abertzalearengan. Ezker abertzealeak ere aski argi du independentziara buruzko bidea, hastapen batean bederen, EAJ gabe egin beharko dela. Eta iritzi horrekin bat egiten du Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak. EAJko agintariek berek ere uzkur begiratzen dute Kataluniara, eta ez dira prest gisa bereko apustua egiteko. Iñigo Urkullu bera mintzatu da estatu independente baten kontra. Eta betiko korapiloa ezin askatuz ari gara.

Batzuen ustez, nekez egin daiteke bidea independentziara begira EAJren den mendreneko inplikaziorik gabe; beste batzuen ustez, nehoiz ez da eginen urratsik independentziarantz, EAJren beha egonez.

Horregatik diote oraindanik hasi behar dela lanean, EAJ gabe. Eta hain segur mugimendu sozial batetik sortu beharko da proiektu independentista, alderdi politikoen lidergotik aparte.

Azken urteetan eztabaida handiak badaude: norekin egin independentziaren aldeko lana, norekin ez, zein diskurtsorekin, nola… Euskara, historia eta gai horiek bazterrean utzi behar direla diote batzuek; lehen planoan “hobeki bizitzea” jarri behar dela, beren burua euskalduntzat ez daukatenak ere eroso senti daitezen proiektu independentistan.

 

Batzuen ustez,
nekez egin daiteke bidea
independentziara begira
EAJren den mendreneko inplikaziorik gabe;
beste batzuen ustez,
nehoiz ez da eginen urratsik
independentziarantz,
EAJren beha egonez

 

Energia anitz xahutu dute euskalgintzaren kontra, abertzale “existentzialisten” aurka… Baina hasi ote da lanik eta kanpainarik “beste jende” horrengana joateko?

Beharbada ordu da proiektu independentista bat sortzeko denen artean eta denen arteko errespetuan.

Horrek eskatzen du hiru dimentsioko Maltzaga bat: “existentzialisten” eta “kontruktibisten” arteko errespetutik hasi behar litzateke, tendentzia horien guztien artean diseinatzeko proiektu bat independentziaren aldeko argudioak biltzeko, euskal estatu bat irudikatzeko eta independentziaren aldeko kanpaina zabal bat egiteko. Bigarren dimentsioko Maltzaga (Maltzaga-edo) izan behar litzateke alderdi abertzaleen artean, ez beharbada akordio batera heltzeko independentziari buruzko estrategia baten inguruan, ez eta ere erdibideko urratsen inguruan ados jartzeko, baina bai elkarren arteko errespetu eta elkarlan giro baterako. Bestela, independentziaren bide horretan kontrajartzen badira Ezker Abertzalea eta EAJ, eztabaida uzten bada mintzera, ondorioak pairatuko dira (lehen bezala gaur eta bihar ere) gainerako arlo gehienetan: euskalgintzan, komunikabideetan, karrikan, lan arloan, ingurumenean… Giro txar horretan bizitzera ohitu da euskal mugimendua, eta badirudi kostatzen zaigula giro horretatik ateratzea. Giro horretan segituz, ordea, kalte handiena herri mugimenduak jasaten du. Eta, ondorioz, herri proiektuak eta baita ere independentziaren proiektuak. Maltzaga bikoitz horrek balio behar luke giro sanoan lan egiteko independentziaren aldeko argudioen zabaltzeko, kanpaina politiko bat garatzeko, baina baita ere – eta bereziki – gure egitura eta tresna nazionalak indartzeko eta berriak sortzeko.

EAJk dio Euskal Autonomia Erkidegoan ari direla estatu egiturak sortzen. Hobe litzateke estatu egitura horiek Euskal Herri osoan eta Euskal Herri osorako sortzea. Horrela baizik ez da lortuko jende gehiago bihurtzea euskal estatuaren alde, paperean zehaztutako proiektu baten bidez baino gehiago.

Eta hor dago hirugarren Maltzaga: Euskal Herri osoko eragileen artekoa.

http://linkis.com/eu.enbata.info/artik/aNBRU