Inicio Egunekoa Pistola baten testamentua

Pistola baten testamentua PDF Imprimir E-mail
Pako Aristi   
Lunes, 03 de Abril de 2017 12:37

Hilotza naiz dagoeneko. Jakingo duzue iraungitze data ezarri digutela, oraingoan bai, eta apirilaren zortzian egingo digutela hileta, eta hileta serioa. Lurperatuak izanen gara betiko, ala erraustuak apika, krematorioan. Ez digute ezer zehatzik esan oraindik. Agertuko ote dituzte gure gorpuak denen bistara? Horixe nahi nik! Hamabost minutuko loria! Guk ere badugu egoa.
Non jaio nintzen jakitea zaila da. Gu beti ilegalak izan gara, ez dugu paperik izan, paper dotore horietakorik, fabrikaren izenarekin, ekoizpen data, gobernuaren zigilu hanpurusarekin eta abar. Nire izena bai, hori badakit: Sig Sauer, P228. Europako eta Estatu Batuetako eliteko poliziarentzat sortuak ginen, erdi-automatikoak, baina nire bizitza okertu egin zen; jauregi ederretatik urrun bizi izan naiz.
Txekiakoak dira nire bizitzako lehen oroitzapenak, gero Belfasten ibilia ote naizen susmoa daukat, eta azkenik Belgikan erosi ninduten azken urteetako nire jabeek. Ez nintzen bakarra: 230 kide ginen, egurrezko kaxetan gordeak. Bai, bai, filmetan bezala. Gure bizitza pelikuleroa izan da erabat; filma gehienetako protagonistak gara, arazoak konpontzen ditugu edo gaizkileak galbidera kondenatzen, inozoek gure bizkarrean uzten dituztelako euren hatz-markak. Gure presentziarik gabe, ia ez dago errudunik espetxean sartzerik, atera kontuak!
Gure artean ere klaseak zeuden, batez ere bi: kide batzuek ofizialak ziren, eta besteak, ni barne, klandestinoak. Esan beharrik ez dago ofizialak askoz ugariagoak direla munduan, denak pilatuz gero Himalaya halako bi osatu litezke. Baina kuriosoa da, gu ginen mandatariei buruhausteak sortzen zizkietenak. Ez galdetu zergatik, politikaz ez dakit ezer. Klase ofizialekoak onartuak ziren, jende aurrean erakutsiak desfile arranditsuetan. Gure bizitza bazterrekoa izan da, paria hutsak ginen, txandalez eta polarrez jantzitako zarpailen eskuetan beti.
Baina badakit gure kide asko ejerzitoen esku daudela, eta bizitza lasaiagoa daramatela. Zer egiten duen paper ofizial batek! Astero garbitzen dituzte, astero olioztatzen, eta mandatariek sekulako errietak egiten dizkiete soldaduei gu gaizki artatuz gero. Zer duintasun, haiena! Lan berdina izanik, bizi baldintzak askoz txarragoak ziren guretzat. Ni hartzen nindutenek, behintzat, nahi ezta bezala hartzen ninduten, kariño gutxirekin. Ezinbestez, gu omen ginen bestela lortu ezin zuten ez dakit zein helburu lortzeko bidea. Tontakeria bat!
Ekoiztu nindutenean ez nuen ulertzen zertarako zen aho luze hura. Ergela ni, uste nuen handik ardo goxoren bat edo lanpernak sartuko zizkidatela. Baina ez, bala izeneko konpita batzuk sartu zizkidaten atzetik, eta ttu eginarazi zidaten. Hura eztanda mikatza lehenengoa! Gero ohitu egiten zara.
Baina denok, halere, inoiz ez dugu lana egiteko gogorik izan. Geure poltsatxoetan gordeta egotea bezain gauza gozoagorik! Estres handia pairatzen nuen, nik behintzat, norbaitek gotor heldu eta aire librera ateratzen ninduenean. Inoiz ezin zenuen jakin zer gertatuko zen. Ez nuen ezer ikusten. Pistolak itsuak gara, badakizue. Ez gara bat ere geure buruaren jabe. Erabili egiten gaituzte.
Errua eta gisako hitzak, tarteka gizakiei entzun dizkiedanak, nik ez nituen ulertzen. Ejerzitoetan daudenek diote inoiz ez dutela hitz hori entzun, beste hiztegi bat dutela, gu baino jantziagoak dira, ohorea, aberria, mendekua, geoestrategia, gerra humanitarioa, presio psikologikoa... eta esaldi hura: «Gerra politikaren jarraipena da, beste bide batzuetatik». Edo Corleoneren filma batean esaten zutena, jeneral baten patrikatik entzun zuen nire kide batek: «Politika da katua noiz sakatu jakitea». Tesi bat egin beharko nuke hori ulertzeko! Esan dizuet politikaz ez dakidala ezer.
Halere beti politikoz inguraturik egon gara, edo helburu politikoak zituzten jendearen galtzarpeetan, askotan gehiegi dutxatu gabekoetan, alajaina! Politikoak babestea gutako batzuen lana, kontrakoa besteena. Maiz elkarren aurka jartzen gintuzten tiroka, ez zen atsegina izaten. Zergatik? Zer ibilera, lurrean arrastaka batzuetan, odolaren usain sarkorra iristen zitzaidan maiz, edo utzi izan naute zaborrontzi batean botata ere!
Bai, badakit zer jakin nahi duzuen, morboso alaenak: zuen espezieko zenbat hil ote ditudan. Mesedez! Errespetu piska bat, ez gal konpostura. Guk ez dugu memoriarik, zuen lanak dira horiek, gainera numerazioa ezabatzen ziguten, eta hori ezabatzea ADNa kentzea bezala da, ezin da munduan izan dugun ibilbidearen berri jakin. Hori bai, onartzen ez dudana da gutako asko hiltzailetzat gauzkatela, demonioaren tresnak izan bagina bezala, eta beste batzuk, gu bezalakoxeak direnak, aberriaren salbatzailetzat. Oso arraroa da dena: gu gorrotatzen gaituztenek, gero, asko-asko maite dituztelako ni bezalakoak, igual-igualak diren kideak. Ez dut inoiz konprenitu.
Bukatu da. Kaput esaten zuen nire jabeak maiz, eta fini beste batzuetan. Mundu hobea utziko bagenu, gaitzerdi! Baina gutako batzuk suntsitu arren, gizakiok ez zarete lasaiago geratuko. Gu, demografikoki, irabazle gara, arma gehiago ekoizten baita, suntsitzen dena baino. Badirudi hau ez zaizuela gehiegi axola, baizik eta zeinen esku geratzen diren ale berriak. Baina ez zaitezte engaina: gure helburua beti izango da, guk hala nahi ez bagenu ere, hiltzea.
Hiltzea. Erraz esaten da, baina horren gainean dago eraikia munduaren oreka politikoa. Eta hori nik politikaz ez dakidala askorik. Baina gauza asko entzun ditut gutaz, eta gehienak onak. Beldurra sortzeko erabiltzen gaituztela, herrialde osoak mehatxatzeko, soberania apur bat geratzen zaienak makurtzeko. Pistola bat gauza eskasa da, noski, baina oso preziatuak gara krisi egoeretan. Frantziako partisanoek, Irlandan independentzia lortu zutenek, zenbat estimazio historian zehar. «Armak herriarentzat!», oihukatzen zuten Bartzelonan 1936an.
Gu gabe bizitzen asmatuko ote duzuen da kontua, eta zalantza handiak ditut. Orain ongi ikusiak baikaude, orain gaizki. Gu ugari gauzkatenek gaitzesten baitute beste batzuek ere edukitzea. Konplikatua da, oso. Ni, honezkero, gauza hauek ulertu gabe joango naiz, ulertu gabe, batzuek dioten bezala, Euskal Herriaren zerbitzaria izan ote naizen, ala, bestetzuk ozen diotenez, herriari kalte eginda. Zuen arazoak dira horiek, baina gauza guztien gainetik, opa dizuet on egin dagizuela nire heriotzak.

BERRIA