Zergatik da gurea nafar bandera

Jende batzuen ustean ikurrek ez dute ezer askotarako balio, bandera bat trapu bat besterik ez dela esaten dute. Horiek beraiek, ordea, euren ikurrak lehenengo lerroan jar daitezen behartzeko edozer egiteko aurrenekoak izaten dira. Eurek egiten dituzten legeak eta arauak absurdoraino bihurrituz kapaz dira imperativo legal delakoagatik bandera inperialak derrigorrez jarrarazteko.

Denok jakin badakigu bandera bat herri baten ikur nagusia dela, munduaren aurrean agertzeko irudia esan nahi duela eta ikur horien bidez herri baten historia eta nortasuna islatzen dela. Are eta gehiago, harro sentitzeko moduko produktu baten jatorria nabarmentzeko, estatuaren ikurra jartzen zaio izenaren ondoan. Alemaniar teknologiak ondo “saltzen” du, espainiarren ¡picaresca y ole!, gaizki ikusia dago munduan. Euren banderek, zalantzarik gabe, euren herrien historia eta nortasuna islatzen dute.

Guretzat ere ikur horren balioa ulertzea garrantzitsua da. Estatu propioaren faltan, eta ondorioz, ofiziala izan daitekeen ikur nagusi baten faltan, munduaren aurrean agertzeko sinbolo anitz erabiltzen ditugu. Horrek, alde ona duen bezala, badu ere zailtasunik: gure herria sakonean ezagutzen ez duen edonori nahasgarri egiten zaiola, alegia.

Gauza bera gertatzen zaigu gure herriaren, nazioaren, Estatuaren… izenarekin. Izan ere, herri honek jasan izan duen, eta egun ere jasaten duen, akulturizazio etengabeak sinboloetan, erreferenteetan, historian eta iruditerian sekulako eragina izan du. Sabino Aranak sortutako ikurrinak apenas mende bat pasatxoko historia du. Espainiar errepublikaren kontrako estatu-kolpearen ondorengo gerran euskaldunon erresistentziaren ikur bihurtu zen eta nafar izena eta bandera, berriz, probintziaren ikur bihurtzeko erabili zuten gerra hartako irabazleek.

Nafar bandera, ordea, estatu baten ikurra da. baskoiek, euskaldunek, sortu zuten erresumaren ikur estatala hain zuzen ere. Ez da kasualitatea 1789ko iraultza arte Frantziak, eta gaur egun Espainiak, nafar ikurra euren armarrian izatea inbasio bidez bi pusketan zatitu eta bakoitzaren konkista zatiaren erakusgarri.

Ez dugu ahaztu behar nafar bandera ikurrinaren, espainiar eta frantziar errepublikaren, Espainiako monarkiaren eta gainerako sinbolo gehienak baino antzinakoagoa dela. Euskal independentziaren bandera historikoa da, eta baskoien, euskaldunen, bandera estatala izatearen sinboloan du bere baliorik preziatuena.

Bandera horrek, beraz, mende askotako historia du; nazioarteko aitortza du; munduko unibertsitate guztietan baskoi-euskaldunon egitura politiko subiranoen ikur bezala erakusten eta irakasten da; hori ezkutatzen duten Espainiako eta Frantziako unibertsitate ofizialetan izan ezik, jakina. Nafar bandera oraingo Euskal Herria eta gehiagoko lurraldeen ikurra da; baskoiena, nafarrona, euskaldunona; beraz, gurea.

Horregatik guztiagatik nafar banderak herri bakoitzean masta bat merezi du. Herri bat, nafar bandera bat hagaren gailurrean, eta horrekin batera ikurrina, herrikoa, Euskal Herrian euskarazkoa eta gainerako besteak.