Polonia, Nafarroa eta Euskara

A – Euskara da euskaldun egiten gaituena!! Euskal Herria da gure herria!!

B – Bai, baina historian Nafarroa izan da euskaldunak batu dituen Estatu edo Erresuma bakarra: horrek izan behar du gure eredua, gure subjektu politiko historikoa baita!!

A – Ez!!… Nafarroan euskara ez zen hizkuntza ofiziala, eta ez da Nafar Erregeen Gorteak eginiko euskal idatzirik gorde. Nafarroa Gaztela edo Frantzia bezain arrotza zen euskaldunontzat…. Erdi Aroan ez zen Estaturik edo herri-konzientziarik, Erregearekiko menpekotasuna baino ez zegoen.

Zenbat aldiz ez ote dugu halako eztabaidak entzun (edo haietan parte hartu) gurean!! Onar dezagun, tabernako eztabaidazale sutsuak gara; beti noragabeko solasaldiak, gure indar urriak etengabean barne-lizkarretan xahutzen dituztenak.

Zer izan behar du guretzat garrantzitsuena, gure nazioa eta Estatua definitzerakoan: hizkuntza ala Historia? Irakurle bakoitzak edukiko du, zalantzarik gabe, kontuari buruz bere iritzia. Baina…. halako “arazoa” edo “zalantza” duen herri edo nazio bakarra al gara? Eta, halako herririk egotekotan, nola konpondu du auzi hau? Are gehiago: “arazo” bat ba al da harentzat?

Izan ere, gure burua ikusteko modurik onena guregandik kanpo dagoen ispiluari begiratzea izaten den bezalaxe, besteei erreparatzea izaten da gure burua aztertzeko modurik onena. Ukaezina da ez zaigula inori gure buruari kritika egitea; ikas dezagun, beraz, besteen eredutik.

Eta guregandik uste baino gertuago dagoen adibide bati helduko diogu orain: POLONIAri, alegia.

Polonia eta poloniera Erdi Aroan

Poloniarrek herri eslaviar bat osatzen dute. Eslaviarren jatorria, dakigunaren arabera, gaurko Ukranian omen dago, eta handik mendebalderantz barreiatu ziren, hunoek bultzaturik eta Erromatar Inperioan sartzen hasiak ziren herri germaniarrei jarraituz.

K.o. VI. eta IX. mendeen artean, haien gaurko esparru geografikoetan kokatu ziren, eta hainbat tributan banandu ziren: horietako bat poloniar tribua zen, Pole (=”Lautada, zabala, ordokia”) hitzetik izena hartu zuena. Bitxia da nola gurean, batzuen ustez, Nabarra hitzaren jatorria antzekoa izan liteken, mendien arteko lautada edo zabal bati erreferentzia eginez.

Lehenengo ondorioa, beraz, poloniar Estatua sortu baino lehenago, poloniar herri bat bazegoela da. Gurean ere, baskoiak baziren Baskoniako Dukerria eta Nafarroako Erresuma sortu baino lehenago.

Poloniarrek ez zuten idazmena ezagutu, kristautasunarekin harremanetan sartu ziren arte; honen ondorioz, haien antolaketa politikoaren lehenengo aipamena 966. urtekoa da. Urte horretantxe, Micislao edo Mieszko I.a erregea bataiatua izan zen, era horretan kristau bihurtuz. Gertakizun hau jotzen ohi da poloniar Estatuaren jaiotza gisa; hori bai, garai hartako Poloniaren zabalera gaurko Poloniarena baino askoz txikiagoa zen (Gniezno eta Poznan inguruan baino ez, hain zuzen ere).

Hemen gogoeta batzuk egitea merezi du. Badago ezberdintasun bat, garai hartako poloniarrak, eta baskoien edo euskaldunen artean: baskoiak kristauak ziren ordurako, eta poloniarrak, aldiz, ez. Beste arlo guztietan, aldiz, parekotasun handiak daude bi kasuen artean.

Erresuma” bezala egituratzeko arrazoia ez zen barne-dinamika bat izan, atzerritik etorritako egoera bati moldatzeko beharra baizik: Karlomagnok sortutako Inperioak, eta Vatikanoak, batera, bultzatutako paradigma, alegia, Mendebaldeko Erromatar Inperio Kristau bat berpizteko aitzakian.

Ezin da Erdi Aroa ulertu, haren ardatza paradigma hau izan zela aintzat hartu gabe: Europako Mendebaldean ezinbestekoa zen paradigma honen arabera jokatzea, nazioarteko zilegitasuna eta, beraz, iraunkortasuna bermatzeko. Horren aurka bortizki egin zuten herriak (hala nola, gaurko Eki Alemaniako “wendo” eslaviarrak, edo Baltikoko kostaldeko prusiarrak) erabat suntsituak izan ziren.

Aintzat hartu behar da, beraz, bai poloniarrak eta baita euskaldunak ere, Inperioak eta Vatikanoak sortutako eremu indartsu eta erasokor baten mugetan bizi zirelai. Zer egin, ataka latz horretan? 3 aukera baino ez ziren: amore eman, hil arte borrokatu, ala erdibide bat aurkitu. Hots, Europa Mendebaldeko moldeen araberako egitura bat sortzea, baina bertatik antolatua. Hauxe izan zen bai poloniarrek eta baita baskoiek-euskaldunek ere hartu zuten erabakia, eta honek haien bizi-iraupena ahalbidetu zuen.

Batzuek zalantzan jartzen dute prozesu hau, arrotza bailitzan; baina zein testuingurutan kokatzen den ulertu behar da, eta garai hartako molde politikoen arabera epaitu; ez gaurko molde politikoen arabera.

Gaurko poloniarrek ez dute inongo kontraesanik ikusten Herritik/Naziotik Erresumara emandako jauzi honetan, eta jarraikortasun historikoaren kontzientzia ez dute galdu. Zergatik galdu dugu guk?

Kristautasunarekin, beraz, idazmena iritsi zen Poloniara, elizgizonen eskutik: hauek latinez idazten zuten, eta, XIII. mendera arte, atzerritarrak ziren gehien bat. Garai honetan (Poloniar Erresuma jadanik indarrean zegoelarik) leku- eta pertsona-izen batzuk baino ez dira agertzen polonieraz, Erregearen agiri batean eta Aita Santuaren 2 Buldetan.

Gurean gauza bera gertatu zen garai hartan, Europako beste muturrean egon arren: Akitania edo Lergako inskripzioak (Pertsona-izenak), Donemiliagako Glosak (IX-X. mendekoak; esaldi solteak), San Millango “Reja” delakoa (1025; herri-izenak), Codex Calixtinus-eko hiztegia (XII. mende hasieran) eta beste adibide gutxi daude, non euskararen arrasto idatzia agertzen den. Ulertu behar dugu hizkuntza idatzia ez zegoela, garai hartan, Erresumen eskuetan, eliz-gizonen eskuetan baizik, eta garai hartan Europan nagusi zen paradigma horretan latinaren nagusitasuna ezin zela zalantzan jarri. Hori Polonian gertatzen zen, eta Nafarroan ere. Baina poloniarrek ez dute hor kontraesanik ikusten, bere testuinguruan kokatzen baitute; hemen, aldiz, askok ez du argi ikusten: zergatik?

XIII. mendean, lehen poloniar jatorrizko eliz-gizonak agertzen dira, eta bai mende honetan eta hurrengoan ere, fededunentzako otoitz eta sermoi gutxi batzuen lehen itzulpenak aurkitzen ditugu. Lehenengo adierazpen profanoa ere aurkitzen dugu, 1270. urteko “Enrikeren Liburua”n: bi polonierazko esaldi dira, nekazari bat eta haren emaztearen artean. Zertxobait geroago (XIV. mendean), polonierazko lehenengo testu idatzia (hots, itzulpenik izan gabe) daukagu: Bogurodzica (“Jainkoaren Ama”, alegia) Kantua.

Poloniar Erresumak jadanik 200 edo 300 urte izan arren, beraz, poloniera nekazariekin lotzen zen, eta haren lehenengo adierazpenak sermoi erligiosoekin lotzen ziren: antzeko zerbait gertatzen zen euskararekin garai hartan.

Erdi Aroan, beraz, idazmena ia-ia eliz-eremuetara mugatzen zen, eta latina zen idatzitako hizkuntz bakarra, jadanik zabaltzen eta indartzen ari zen Poloniar Estatu bat bazegoen ere, Iruñeko Erresuma/Nafarroarekin gertatu zen bezalaxe.

Aintzat hartu behar da ere, XII. mendeaz geroztik, eta Poloniar Erresumaren zatiketa bat tarteko, hainbat alemaniar kolono ezarri zela sortu berriko hiribildu edo “burgo”etan, bertakoengandik aldentzen zuten abantailei esker: honek areagotu egin zuen poloniera “nekazarien hizkuntza”-tzat jotzeko joera.

Gurean ere, 1076. urteko Iruñeko Erresumaren konkista eta zatiketaren ondoren, hainbat kolono “franko” ezarri zen, batez ere, Donejakue Bidean. Poloniaren antzeko modu batean gertatu zen, bertako biztanlego euskaldunaren kaltetan. Arestian aipatu dugun paradigma hori ezartzeko tresna izan ziren, beraz, alemanak Polonian eta frankoak Nafarroan, kolonizazioaren bitartez. Zergatik gertatu zen gauza bera, Europa Mendebaldeko bi muturretan?

Bitartean, arlo politikoan, Poloniar Estatua haren hasierako eremu txikitatik atera zen, eta Baltikoraino iparraldean eta Karpato mendietaraino hegoaldean zabaldu zen, gaurko Ukrainan eta Bielorrusian sartuz. Era horretan, beste herri edo nazio batzuk hartu zituen bere baitan, jatorrizko poloniar herriaz landa.

Poloniar hizkuntzaren egonkortzea

1440an poloniar ortografiaren inguruko lehen tratatua agertu zen -Jakub Parkoszowicek latinez idatzitakoa-, eta XV. mende amaieran polonieraz idatzitako lehenengo akta juridiko eta liburu judizialak. Poloniera, beraz, poliki-poliki, eta Errenazimenduaren testuinguruan, hizkuntza jantzia bihurtzen hasten da, eta erligio mundutik arlo ofizialera eta zuzenbidera pasatzen da.

Baina polonieraz idatzitako lehenengo liburua ez zen 1543. urtera arte iritsi, apaiz protestante batek -Mikolaj Rej (1505-69) alegia- idatzitakoa.

Datu hau ere adierazgarria da: izan ere euskaraz idatzitako lehenengo liburua, 2 urte geroago baino ez zen idatzi, oraindik ere aske zen Nafarroan (Linguae Vasconum Primitiae, 1545); eta haren ondorengo liburu nagusi bat beste protestante batek -Polonian bezala, oso katolikoa zen herri batean- idatzitako liburua da: Joannes Leizarragaren Testamentu Berriaren itzulpena (1571), hain zuzen ere. Kasualitate hutsa? Edo nazioarteko testuinguruari erreparatu behar zaio gure hizkuntzaren errealitatea ulertzeko?.

Honaino, euskara eta poloniera, Nafarroa eta Poloniaren arteko parekotasunak ugariak eta handiak dira. Hemendik aurrera, aldiz, gauzak aldatuko dira. Zergatik?

Lehenik eta behin, 1512an eta 1620an Nafarroa Espainiak eta Frantziak konkistatua izan zelako: gainbehera politikoa hasten da, eta, horrekin batera, euskararen bazterketa eta atzerapena.

Poloniak, aldiz, 1569an, Lituaniarekin batera Elkargo bat sortu zuen, era horretan Europa osoko herrialderik zabalena bihurtuz. 1619an milloi bat Km2-ko zabalera zeukan (gaurko Espainiar Estatuaren bikoitza), eta bere baitan poloniarrak, lituaniarrak, alemanak, juduak, armeniarrak, ukraniarrak, bielorrusiarrak, tartaroak…. bizi ziren.

Estatuaren buruan hautazko erregeak ziren, Biltzar baten kontrolpean (Sejm), non, nobleziaz aparte, udal batzarrek ere parte hartzen zuten. 200 urtez, tolerantziazko eredua izan zen hau Europa osoan, eta poloniar literaturaren lehenengo “Urrezko Mendea” ahalbidetu zuen, babes politikoa eta inprentaren laguntzari esker.

Bitartean, euskarak ez zeukan hura babes lezaken egitura politikorik…

Poloniaren gainbehera eta zatiketa

1648tik aurrera, gauzak zeharo aldatu ziren: barne anarkia zabaldu zen Polonia eta Lituaniaren Elkargoan, eta, bitartean, auzoko erasokorrak (Suedia, Austria-Hungria, Prusia, Errusia) indartu ziren. Gero eta presio handiagoan, atzera egiten hasi zen Elkargoa, eta, azkenik, Austriak, Prusiak eta Errusiak Polonia-Lituania banatu zuten haien artean, 1772an, 1793an eta 1795an: Nafarroari gertatu zitzaion bezala, Polonia erabat desagertu zen, Estatu aske bezala.

Nafarroarekin gertatu zen bezalaxe ere, konkistatzaileek barne zatiketak pizten saiatu ziren (1792an Poloniar haundiki batzuek Errusiako Katalina Handiaren inbasioa eskatu zuten, Harotarren edo Lerindarren antzera), eta konkista ez zen erresistentziarik gabekoa izan: ospe handia izan zuen Estatu Batuetako Independentzia Gerran aritutako Tadeusz Kósciuszkok 1794an deitutako matxinada, gaur Poloniako herri eta hiri guztietan oroitzen dena.

Albretarren Nafarroarekin gertatu zen bezalaxe, baina, azken urteetako Polonia askeak hobekuntza handiak bultzatu zituen gizartean eta hezkuntzan, eta 1791ean Europako lehenengo Konstituzioa onartu zuen.

Harrezkero, Errusia eta Prusiaren menpeko lurretan poloniar hizkuntzaren aurkako errepresio latza piztu zen; baina Austriaren menpekoan -Krakoviaren inguruan-, aldiz, tolerantzia handiagoa izan zen, eta honek poloniar literaturaren bigarren “Urrezko Mendea” erraztu zuen, oso aldarrikatzailea izan zena, XIX. mendean zehar.

Polonian, beraz, nortasun politikoaren deuseztatzearekin batera, hizkuntza bihurtu zen batasun tresna, Europa osoan gertatu zen bezalaxe, eta Pirinio hegoaldeko euskal lurraldeetan gertatu zen bezalaxe, Foruak indargabetuak izan zirenean. Baina poloniarrek ez zuten sekulan ahaztu aske izan zirela…. 1918an haien independentzia berreskuratu zuten arte, Estatu berriaren mapa iraganeko mapa berdina ez ba zen ere.

Poloniarrek argi daukate: haien hizkuntza eta haien iragan politikoa haien nortasunaren ezinbesteko osagaiak dira, elkarri oztopatu gabe. Euskaldunok/nafarrok, aldiz, ez: zergatik?

Aipamen batzuk

1) Errusia, Austria eta Prusiaren Hiru alderdiko Hitzarmena (1796/01/12): “Poloniako erresuma izanaren oroimena ekar lezaken guztia ezabatu behar da”.

2) Poloniako Hsitoriari buruzko liburu batean: “Bi Polonia egon dira, gutxienez […] Bi Polonien arteko loturak, 1795 aurrekoa eta 1918 ondorengoa, hautsezinak dira. Poloniarrek beti haien iragana eraberritu behar izan dute, besteak beste, hura kentzeko egindako eraso sistematikoengatik.”

3) Iruñeko Elizbarrutiaren Kapitulua, 1539an apezpiku berria aukeratzerakoan: apezpiku euskaduna hautatzea eskatu zuen, zeren eta era horretan “será obedecido por los súbditos por ser natural del país, y porque la gente vascongada, que es la mayor parte del reino, ama sobre todas las naciones su naturaleza y lengua”. Karlos V.ak, apezpikuak aukeratzeko eskumena zeukana, Aita Santuak hala onartu ziolako, Toledoko apezpiku bat izendatu zuen.

i Konturatuko zaretenez, eremu horrek 3 zutabe zituen: gaurko Frantzia, gaurko Alemania, eta Vatikanoa-Italia. Bai, gaurko Europar Batasunaren 3 zutabe berak; ezin ahaztu Erromako Hitzarmena izan zela EB-ren abiapuntua, eta Karlomagno Saria dela -ustez- Europaren alde eginiko lana aitortzen duen saria.

Izan ere, diskurtsoan askotan, erreferente gisa, greziar demokraziara jotzen bada ere, Europar egitasmoak ez du horrekin zerikusirik. Aldiz, gaurko Europar Batasuna Mendebaldeko Erromatar Inperioa berpizteko asmo horren bilakaera bat baino ez da, non ekonomiak erligioa ordezkatu duen barne-itsasgarri bezala.

Garai hartan bezalaxe, Europako beste herri eta Estatuek, ezinbestean, “eremu” horrekin nola jokatu erabaki behar dute (Bertan sartu? Ez sartu? Nola sartu?); eta, bitartean, Europar Batasunaren barruan, eskubidez eta hitz politez jositako diskurtso ofizialaren atzean inposaketa eta bidegabekeri asko ezkutatzen dela ageri da.

Bitxia da nola Historia amaigabean errepikatzen den….