Inicio Egunekoa Ez ditzagun gure sinboloak ahaztu

Ez ditzagun gure sinboloak ahaztu PDF Imprimir E-mail
Miren Petrirena   

Ekainaren 3rako Nafarroako alderdi eta mugimendu eskuindarrek antolatutako manifestaldiaren harira, nabarmena izan da egunotan han eta hemen sortutako iskanbila. Eta ez da harritzekoa. Jatorriz, historikoki, baskoien sinbolo izandako oihala bereganatu eta sen espainolaz busti nahi izan dute, eta horrek aldarte desberdinetako iritziak piztu ditu hedabide eta sare sozialetan.

34621383640_ee4e71e991_b

Batzurentzat anakronismo bat suertatu daiteke Erdi Aroan lehenengoz dokumentatua izan zen bandera hau egungo abertzaletasunaren sinbolo bezala ulertzea. Baina hurrunago begiratu behar dugu, ikuspegia aunitzez zabaldu behar dugu guzti hau konprenitzeko. Sinboloek, antropologiaren ikuspegitik, kolektibo batentzat amankomunak diren erranahiak biltzen dituzte, taldeko kideak sentimentalki, kulturalki batzen dituzten  irudiak.

Halaber, herri edo kolektibo baten sinboloen erranahi horiek aldatzen joan daitezke, noski, historiaren ibilean. Banderaren kasuan, herri baten nazionalitatea identifikatzen duen sinboloa da, harmarriarekin batera. Zer gertatzen da sinbolo horren erranahia aldatzen denean? Jatorrian irudikatzen zuen nazionalitatea (eta harekin batera identitatea), deuseztatzen dela. Sinbolorik gabeko herri bat desagertaraztea errazagoa da, ez dagoelako herri bezala batuta, eta hortxe dago koxka.

Nafarroako banderaren kasuan, gogoan hartzeko pasarte historiko nabarmenak azpimarratuko ditugu. Banderaren jatorria 1512ko konkistan kokatzen da, edo hala kokatu dezakegu dokumentazioaren arabera. Izan ere, gaztelarren kronista nagusia zenaren hitzen bitartez iristen zaigu nafar oihalaren aipamena, nafar independenteek borroka horretan erabili zuten bandera bezala.

Ondorengo mendeetan konkistatzaileek nafar harmarri zein bandera bereganatzeko saiakerak egin bazuten ere, biak ala biak baskoien sinbolo bezala mantendu ziren, eta hala iritsi zen XX. mendera arte. Espainiako gobernu diktatorialek gure sinboloa ukatu nahi izan zuten eta nafar bandera mespretxatua izan zen, Arturo Campion, Hermilio de Oloriz eta Julio Altadill abertzaleek berreskuratu zuten arte. Euskaldunen sinbolo bezala ulertzen zen gure bandera; ikurrina agertu zen arte. Ordutik, eraso gehienak ikurrinaren kontra bideratu dira eta, orain, bata bestaren kontra jartzea dirudi dela helburua. Kontraesanak balira bezala.

Horrelako adierazpenen aurrean memoria historikoaren aldarria egin beharra daukagu, ez baldin badugu gure herria sinbolorik gabe gelditzea nahi; ez badugu gure herria desagertarazteko arriskuan jarri nahi.